Hainbat astetako negoziazioen ostean, lortu dute akordioa Vocentok eta COPEk. Bi taldeetako irratiek bat egingo dute, «akordio estrategiko» baten barruan. Akordioa Balore Merkatuko Batzordean aurkeztu dute, eta haren onespenaren ostean, laster egingo da egiazkoa. Bat egitearekin, ABC Punto Radio marka desagertu egingo da.
Bat egiteari esker urtean 35-40 milioi euro aurreztea espero dute bi enpresek. Baina bat egitea aurrera eramateko, 20 milioi euroko inbertsioa egin beharko dute.
Irratiaren komertzializazioa COPEren esku geldituko da. Vocentok albistegien koordinatzailea eta eguerdiko albistegiaren aurkezlea izendatuko ditu. Bestalde, COPEko saio eta eduki editorialetan arreta berezia jarriko du ABC egunkariak. COPEko albistegi eta iritzi saioetan, bestalde, ABCko kazetari eta kolaboratzaileek parte hartuko dute. Batzorde editorial bat sortuko dute, bi hedabideetako ordezkariekin.
Interneten ere bat egitea gauzatuko da bi irratien artean. Bi irratietako atariak ABCren webgunean integratuko dituzte.
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan funtzionatzen duten Punto Radio Euskadiko kateek, oraingoz, orain arte bezala jarraituko dute lanean. Donostiako egoitzako iturriek adierazi dutenez, Madrildik ez diete ezer esan, eta ez dakite euren frekuentziekin zer gertatuko den. ABC Punto Radiotik aparte zeuden irratiak.
Komunikazioa
Vocentok eta COPEk itun bat egin dute euren irrati kateek bat egin dezaten
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu