Vitis Navarra familia mintegi edo haztegi bat da. XX. mendearen hasieran sortu zuten, eta, harrezkero, haien lanaren kalitateak eta sonak etengabe egin du gora; batetik, landareen, hau da, mahatsondoen kalitateagatik, eta, bestetik, haien bezeroen mahastien kalitateagatik.
Larragako enpresa horren funtsa zera da: mahastizainen eta upategien eskura jartzea kalitate bikaineko mahats moten klonak, betiere ekoizpen potentziala galdu gabe. Espainiako ardogile askok, haien material begetalaren jatorria non dagoen galdetuz gero, Vitis Navarra aipatzen dute.
Rafael Garcia da enpresaren jabea eta arima, eta izugarrizko gaitasuna du material begetal jakin baten eta hortik sortuko den edo sor daitekeen ardoaren ezaugarrien artean lotura zuzen bat egiteko, aurreikusteko.
Orain, beste pauso bat eman du Rafael Garciak, upategi bat eraiki baitu Sorian (Espainia), erosi berri duen lursailean, Zayas de Basconesen, Alcubilla de Avellaneda udalerrian, Ribera del Duero jatorri izenaren barnean. Proiektuaren tamaina oso deigarria da: jabegoak 787 hektarea ditu, barruti borobila da, eta lursail jabe bakar batenak dira elkarrengandik hurbil dauden zenbait landa eremu. Orain arte, 120 hektareatan landatu dituzte mahastiak, eta hor dago Basajaun bilduma. Basajaun prospekzio edo azterketa tresna bat da, Vitis Navarraren material begetalaren prospekzio tresna bat.
Badirudi ardo beltzetan tempranilloa dela bezeroek gehien eskatzen duten mahatsondoa, eta zurietan albilloa. Esan dezakegu, beraz, lehen haztegiaren arduraduna zena orain ekoizle ere badela, Ribera del Duero jatorri izen ospetsuarekin, gainera. Upategiari Dominio d’Echauz izena jarri dio Rafael Garciak.
Hainbat upategi eta talde garrantzitsurekin egin dute lan Vitis Navarrakoek: Numanthia, Comando G, Alma Carraovejas, Gramona, Casa Castillo, Albamar eta beste hainbatekin. Upategian Patricia Benitezek egiten du lan, aholkulari moduan, Ribera del Duero oso ondo ezagutzen baitu; Dominio de Pingus eta Milsetentayseis proiektuetan parte hartu zuen. 2023ko uztaldian, 37 mikroardogintza esperimental eta hamabost ardoztatze egin zituzten, eta partzela eta klonik onenekin beste hamabost ardogintza lan. Dominio d’Echauzek 2023koa izango du merkaturatuko duen lehen uztaldia.
Hasierako ardo sortan, lursail jakin bateko ardoa egongo da, upategikoen ustez urtez urte uztaldia hobeto islatuko duen ardoa, El Tercion ardo partzelarioa eta María d’Echauz klaretea, ekoizpen oso murritza duena baina bikaina eta berezia izango dena.
Probatzen ditugunean, saiatuko gara gure iritzia hona ekartzen.