Tolosaldeko Ataria irratiak (Gipuzkoa) bertsolaritza programa bat egiten du, (H)ari naizela izenekoa, eta hilaren 26rako emankizun berezia antolatu dute. 200. atala Villabonako Gurea zinema aretoan grabatuko dute, eta 150 zaleren aurrean egingo dute —sarrerak salgai daude antzokiaren webgunean eta Bertsozale elkartean—. Lau bertsolari hauek gonbidatuko dituzte: Maialen Lujanbio, Oihana Iguaran, Amets Arzallus eta Julio Soto. Uhinak izenburupean, hitz horren bueltan arituko dira kantuan, Imanol Artola Felix gai jartzaile dutela.
Hain zuzen ere, Artola da irratsaioaren esatari eta zuzendaria. Bost urte dira programa egiten hasi zenetik. «Ondo ibili gara bost urteotan, garaian garaiko bertsolaritzaren berri ematen. Beti dago zerbait; orain, pandemian, gutxiago, baina askotan edukiak kanpoan utzi behar izaten ditugu», azaldu du esatariak.
Atal bakoitzean saiatzen da elkarrizketa bat egiten. Hartara, bertsoaldiak eta 5-10 minutu inguruko elkarrizketa zatiak tartekatzen ditu programan. «25-30 minutuz bertsoak entzuten dira, eta beste hainbeste elkarrizketarekin», esan du Artolak. «Formatua ezarria dago».
Datorren asteko emanaldiari dagokionez, Artolak aitortu du «esperimentu bat» izango dela: «Ataria irrati estudioa Villabonako Gurea antzokiko agertokira eramatea izango da asmoa. Antzokiak ez du ohiko bertso saio baten itxura hartuko, baizik eta irrati estudio baten tankerako zerbait topatuko dute joaten direnek». Esatari eta gai jartzaileak uste du «modu polita» izango dela 200. atala ospatzeko: «Bertso bazkari baten edo bertso afari baten atzetik, egon zitekeen modurik onena ospatzeko».
Artola gustura aritzen da bertsolaritzari buruzko irratsaioa egiten, eta aitortu du zaletasunetik duela gehiago ofiziotik baino. «Ikasturtez ikasturte erabakitzen dugu saioarekin jarraitu edo ez, baina espero dut aurrera egitea».
Ataria irratia FMko 107.6 frekuentzian entzun daiteke Tolosaldean, baita ataria.eus webgunean ere. Programazioaren %25 Tolosaldeko ataria-ren kazetariek ekoizten dute. Gainontzeko orduetan, euskal musika jartzen dute, eta leku berezia eskaintzen diete eskualdeko musikariei eta musika taldeei.
Tolosaldeko ataria-ren eskaintza informatiboari dagokionez, paperezko egunkaria argitaratzen dute astearte, asteazken eta ostegunetan, eta 32 orrialdeko aldizkaria ostiraletan. Ataria.eus webgunean, idatzizko artikuluez gain, audioak, bideoak eta argazkiak argitaratzen dituzte.
Tolosaldeko Hitza-k, Galtzaundi astekariak eta Txolarre irratiak bat egin zuten 2013an, Tolosaldeko Ataria sortzeko.
Villabonako antzokian egingo du '(H)ari naizela' irratsaioak 200. atala
Oihana Iguaran, Maialen Lujanbio, Amets Arzallus eta Julio Soto kantuan ariko dira, hilaren 26an
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu