'Vilaweb'-ek eta 'Nós Diario'-k webgunearen diseinua berritu dute

Katalanezko hedabideak «anbizioa» islatu nahi du. Galegozko weba «argia eta intuitiboa» da

Vilaweb-en diseinu berria (ezkerrean) eta Nós Diario egunkariaren webgunearena (eskuinean). BERRIA.
urtzi urkizu
2022ko apirilaren 30a
00:00
Entzun
Katalanezko irakurleentzat erreferentziazkoa da Vilaweb hedabide digitala. Galegozko irakurleentzat Nós Diario egunkaria hala den moduan. Bi hedabideak egunero ari dira aktualitateari erantzuten, haien komunitatearentzat ahalik eta informazio hoberena eskaintzeko asmoz. Eta aste honetan webgunearen diseinua berritu dute. Baita zenbait berrikuntza gaineratu ere.

Vilaweb-en ataria azken aldiz berritu zutenetik hamabi urte joan dira. Diseinua «zaharkitua» gelditu zela eta «lifting serio bat» behar zutela azaldu du Vicent Partal katalanezko hedabidearen zuzendariak: «Aldaketarekin, hedabidearen anbizioa islatu nahi izan dugu. Ekonomian eta nazioarteko politikan asko hazi gara, uko egin gabe Herrialde Katalanen egunkari nazionala izateari. Hazkunde hori islatuko zuen jauzia eman nahi izan dugu».

Diseinu berrirako erreferentzien artean izan du Hong Kongeko South China Morning Post egunkaria; bestetik, Le Monde eta The New York Times-en «ukitu batzuk» eta Italiako egunkarien «tanta batzuk». Ezustekotzat jo du irakurleek aldaketa hain ondo hartu izana. «Egunkaria etxe bat bezalakoa da, eta jendeari ez zaizkio aldaketak gustatzen. Ezagutzen ez duzun etxe batera ilunpetan sartu, eta urduri zaude. Zure etxean ilunpetan, berriz, lasai zaude. Jendeak etxean bezala sentitu behar du zure hedabidean sartzean, urduritasunik gabe, argia non dagoen badakiela».

Bide hori egiten aspaldi hasi ziren Vilaweb-en. Pandemia iritsi aurretik hasi zuten diseinua aldatzeko prozesua. Etena izan zuten. Baina duela hilabete batzuk diseinu berria erabiltzen hasi ziren harpidedunei posta elektronikoz bidaltzen dieten gaueko edizioan.

Irakurleen iritziak aintzat hartu dituzte. Izan ere, logo berritik laranja kolorea kentzeko asmoa zuten, baina irakurleen gehiengoak argi zuen kolore horri eutsi behar behar zitzaiola, eta hala egin dute.

Vilaweb-ek 22.000 harpidedun ditu orain. Kopuru hori handitzen ari da, eta Partalek espero du 25.000ren langara iristea.

Bai Vilaweb-ek bai Nós Diario-k sakelako telefonoetan edukiak irakurtzeko eskaintza hobetu dute. Maria Obelleiro Nós Diario-ko zuzendariak zera esan du: «Aurreko diseinuarekin baino albiste gehiago ikusten dira orain sakelakoan. Azala intuitiboagoa da». Vilaweb-i dagokionez, gainera, lehenbizi sakelakoan editatzen dute, eta gero, webean. Katalanezko hedabidearen bisiten %80 sakelakoetan egiten dira.

Nós Diario-ren itxura berritzeari dagokionez, Obelleirok nabarmendu du aktualitateari ematen dioten garrantziari erantzuten diola diseinu berriak. «Diseinua argiagoa da, arinagoa, eta euskarri guztietara egokitzen da». Atal berriak ere sartu ditu galegozko egunkariak webean: kultur agenda, blogak eta paperean argitaratutako albiste batzuen hautaketa.

Vilaweb podcastekin hasia da, eta buletinekin ahalegin berezia egingo du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.