Bidaia eta mendi kroniken lehiaketa (IV). Vietnam.

Vietnam, beste bat

Kontraste handiko herrialdea da Vietnam; kontrasteak ditu barruan —54 etnia daude han, eta 100 bat hizkuntza eta dialekto—, baina batez ere gurekiko. Hiru asteko bidaia batean, Hanoi hiriburua eta Ha Long-eko paisaia harrigarriak ikusi ditugu lehenik; iparraldean, Txinarekin mugan, Ha Giang eta Lao Cai probintziak; eta, herrialdearen erdialdean, Hue eta Hoi An hiri bereziak.

OLATZ MITXELENA debeda
2019ko abenduaren 28a
00:00
Entzun
Bozina soinua eta ke usaina ditu Hanoik. Motoena. Eta beroa eta hezetasuna azalari itsatsita. Milaka taberna eta kaleetako postuetako arroz eta noodle zaporea, eta mugimendu itxuraz kaotikoa. Zentzumenentzat leherketa bat da Vietnamgo hiriburua; su artifizialen amaierako traka, kolpetik. Lur hartu berri duten begi eta gorputz mendebaldarrentzat kaosaren antza handiegia izan lezake hasiera batean: motoen joan-etorri etengabea edozein norabidetan eta guztietan, eta bozina hotsak, alde batetik eta bestetik horiek ere.

Polita ez, baina bizia da Hanoi. Zahartutako etxeak, puskatutako paretak eta ateak eta espaloiak, argindarraren kable pilak. Utzia, gastatua, erabilia. Errepideko zebra-bideak dira hiriko apaingarri bakarrak. Hala ere, kalean bizi dira hanoitarrak: kalean gosaltzen dute, kalean egiten hamaiketakoa, bazkaria eta afaria; taberna baino garaje itxura handiagoa duten postuetan, plastikozko aulki gorri edo hori edo urdin jostailuzkoetan kuzkurtuta, vietnamdarren berezko neurri txikia are gehiago txikiagotuz. Fruta zein bestelako janariak saltzen hara-hona ibiltzen dira saltzaileak, justiziaren alegoria ibiltariak, sorbalda batean eutsitako makilatik saski parea zintzilik dutela; alegoriak bezain emakumeak. Eta gauez ere deskantsurik ez hiriak: denda eta tabernetako neonezko argiak nehoizko argitsuen, motoen jario etengabea, bozina hotsen orkestra desafinatua.

Herensugea esan nahi du vietnameraz long-ek; herensugearen badia da, beraz, Ha Long-ekoa. Ingurua ezagutzeko, Hanoitik bertatik ateratzen diren gurutzaontzi antolatuak dira ohikoenak. Zenbait blogetan irakurri ondoren, hiru egunekoa hartu genuen guk, Ha Longeko badiaz gain Lan Ha-koa eta Cat Ba irla ikusteko. Irudietan ikusten dena baino ere harrigarriagoa da paisaia: eremu zabala hartzen dute herensugearen konkor zakarrek, ur gainean parabola kapritxosoak marraztuz. Paisaia bezain harrigarria da ia panorama, iluntze aldera: dozenaka gurutzaontziren aparkaleku bihurtzen dira badiaren txokoak, argiak eta musika topera; eta egunaren argitan, turismo oldearen kedarrak: mendixkek bezala flotatzen dute ur gainean plastikozko zorro, zerbeza lata eta txankleta galduek.



Motorrak, Hanoiko kaleetan. Xabi Salaberria

Iparraldeko lurrak

Ezaguna omen da motorzaleen artean Ha Giang probintzian barrena egiten den ibilbidea. Ha Giang, Dong Van eta Meo Vac dira errepide sigi-sagatsuak lotzen dituen herri nagusiak, baina herriak baino gehiago, bidea da iparraldeko inguru hau ikusgarri egiten duena. Quan Ba herrixka baino lehen aurrez aurre genuen paisaia pinportaduna, nerabe aknedunaren aurpegia dirudiela; mendi tontortxo bat hemen eta harago bestea, altuera desproportzionatuan. Paisaia ikusgarria da bidean zehar agertzen dena. Arto, banbu eta baratze artean sortzen diren harkaitzak; aurrerago, garo handi eta goroldio itxurako belartxoak; zuhaitzen enbor oker hauskorrak; begiari malkoak bezala zuhaixkak darizkien mendixka luzatuak; tarteka, pinuren batzuk, erabat deskontestualizatuta; etxeak eta herrixkak lotsati, disimuluan, paisaiarekin bat eginda.

Ingurune malkartsuan, aldapa ikaragarrietako lur irristakorrak dituzte baratze lur ahaztuotako biztanleek: sororik ez-eta arto-maldak, berde bizi hori gozo, uzta izateko prest ia. Urrutitik ikusteko moduan agertzen dira lanean emakumeak: arropa koloretsuak artoaren berdearen artean, bizkarrean zumitzezko saskiak karga-karga eginda dauzkatela. Inguru hauetan jende gutxiago bizi bada ere, aniztasunak handia izaten jarraitzen du; etnia bakoitzak janzkera propioa du: arropa beltza eta apaingarri koloretsuak, arropa beltza eta buruko zapi gorria, gona eta blusa koloretsua eta buruzko zapi koloretsuagoak...

Bestelakoa da aniztasuna Sapan, Lao Cai probintzian. Herria bera ez da erakargarria, baina arroz terrazen eta etnien arropa koloretsuen usainean, turista mordoa iristen da egunero-egunero. Alabaina, herrixka txikietako bizimoduaren erakusleiho baino gehiago, inauteria dirudi. Inauteria, edo autentikoa erakusteko behar artifiziala, etnien feria modukoa. Dena den, arroz terrazen kolore biziak ikusteko aukera ederra eskaintzen du; ezin uka.

Ingelesa ez da bazter guztietara iristen. Globalizazioaren eta uniformitatearen aurkako gol txikiak pozen bat edo beste eman bazigun ere, ezin komunikatuak frustrazio punturen bat eragin zigun, Sapan, esaterako. Kafetegi batera sartuta, kartan zegoena ulertzerik ez, eta keinuz saiatu ginen nahi genuena adierazten. Kafea, beltza, azukrerik gabe, beroa. Zerbitzaria plastikozko edalontzi batean izotzak jartzen hasi zen, ordea, eta ezetz egin genion. Zerbitzariak berak eskuetan zuen te katilua seinalatu genion beste hiruzpalau imintziorekin batera, beroa nahi genuela, berak bezala. Ados. Katilu horretan bertan atera zigun, kafe hotza. Kapritxosoak gara turistak.

Igandeetan merkatu handiak egiten dira iparraldeko herri askotan. Herrietatik aparte bizi direnek herrira inguratzeko aprobetxatzen dute; gu Sapatik joan ginen Bac Ha-ra, bertako merkatua ikusteko gogoz, beste inauteri bat ikusteko beldurrez. Bezperatik joan ginen, turistaz kargatuta iristen diren autobusei aurrea hartzeko, gu bezalako ahalik eta martziano gutxien ikusteko. Inauterien beldurra 05:30ean uxatu zitzaigun, justu gure hotelaren parean tokatzen zen animalien eremuko txerri iskanbilatsuen garrasiek esnatu gintuztenean. Inauteri eta broma gutxi Bac Han. Baina festa handia. Koloreen, usainen, zaporeen eta soinuen festa handia da Bac Hako merkatua —ukimenarentzat beti geratzen da «beroa eta hezetasuna azalari itsatsita»—. Bertakoek baino seriotasun gutxiagorekin eta logale handiagoarekin, 08:00etan ekin genion merkatua ikusteari. Txerrien aldamenean txakurrak, aldamenean oilo eta oilaskoak, eta aldamenean ile-apaintzaileak, ispilu eta guzti. Lumak eta ileak, denak nahasian. Aurreraxeago, jakien eremua; han ere dena nahasian: bandeja handietan, oilasko egosiak, hesteak eta odolkiak gordinik, bihotzak eta oilasko hankak; eta aldamenean, jendea katilu zurietatik arroz fideo, gibel eta belar freskoz egindako zopa hurrupaka. Atera genituenak baino argazki gehiago ikusi genituen. Herrian zehar banatuta zeuden han eta hemen barazki eta fruten postuak, lan tresnak, arropak, harategiak... Turistentzako propio jarritako postu apurretako batean erosi genituen guk egurrezko zotz eta animalia figura batzuk, martzianook.

Bac Hako merkatua. Xabi Salaberria

Bi hiri: Hue eta Hoi An

Hanoik ez dituen elegantzia eta ordena ditu Huek, 150 urtez hiriburu izanak. Perfume ibaiaren bazterrean, handitasun usaina dario hiriari. Ibaiaren alde batera, XIX. mendean eraikitako hiri inperiala dago, harresien atzean gotortuta. Urteen eta gerren ondorioz gehiena suntsituta badago ere, ikusgai dagoenak erakusten du garai bateko handitasunaren neurria. Eta ibaiaren aldamenean zenbait kilometrotan aurrera eginez, enperadore izandakoen hilobi ikusgarriak, baita bestelako tenplu eta pagodak ere.

Huetik 100 bat kilometro hegoaldera, ibaia itsasoratzen den eremu zingiratsuan dago Hoi An; edo itsasoa lurreratzen den lurrazal zartatuan. Bertako alde zaharrean sartzea burbuila batean sartzea da. Kanal lasaiaren bazterrean hasten dira kale ordenatuak, trafikoari erabat itxiak, irlaren beraren kurba leunak eginez tarteka, almendra forman. Etxe baxu okre kolorekoak, denak harmonian, zuhaixka berderen bat tarteka paretan gora, lore arrosak, atari handiak. Hiriaren ezaugarri diren lanparatxoak nonahi: asko dendetan salgai, besteak kalean zehar zintzilikatuta, kulunkan. Iluntzean dute xarmarik handiena: etxeen okre kolore ilunduaren gainean, argi gorri, berde, urdin gozoak; Hanoiko neonezko argien ifrentzua.

Harribitxi bat topatu genuen kaleen artean, kasualitatez: Rehahn argazkilari frantziarraren erakusketa lehenik, eta artista beraren Precious Heritage proiektua erakusten duen museoa ondoren. Vietnamgo 54 etnietako 53tako biztanleen erretratuak daude ikusgai, ondoan bakoitzaren jantzi tradizionala eta informazio pixka bat dutela. Vietnamgo iparraldean topatu genituenak zeuden tartean, eta ikusterik izan ez genuenak. Bidaia osatzen lagundu zigun argazkilariaren begiradak.

Baratzeak eta nekazariak, abereak eta abeltzainak, txalupak eta arrantzaleak; lurrari bezainbat itsasoari lotuta bizi da Hoi An. Elkarrengandik oso gertu geratzen diren irlaz osatuta dago, eta aukera ederra ematen du batetik bestera pasieran ibiltzeko. Eguneko beroa eltze baten barruan gordea zuen arratsalde hura freskatzeko asmoz, garagardo bana hartu genuen Com Kin irlan. Bat-batean iluntasun susmagarri bat sumatu genuen tabernaren barrutik; zeruari begiratzera atera, eta susmagarri itxurarik ez zuen trumoi hotsa bete-betean. Zuri-beltzeko argazki bihurtu zen paisaia. Ekaitzaren handiena pasatu zuenean, erabat ilundu aurretik, etxerako bidea hartu genuen. Ilunabarraren argitan, euriaren ondoren, kolore berde biziagoak hartu zituzten arroz soroek, eta okre laranja zeruak. Arrantzaleek sareak zabaltzeari ekin zioten; behiek bazka pausatuan jarraitu zuten. Gustura hartu genuen euri txikiaren freskura aurpegian. Etxera heltzear, haur batzuekin egin genuen topo. Korrika eta builaka, pozik zihoazen. Neska koxkor batek, gureganaino hurbildu, eta irribarre handi batez bostekoa bota zigun. Etorri bezala desagertu zen kalean aurrera, ile fin urria bi motots motzetan bilduta, soineko loredun koloretsua handi, saltoka, alanbre dantzari baten itxuran. Eta saltoka hasteko gogoa sartu zitzaigun guri ere.

Munduaren beste aldean beste mundu bat topatu dugu. Ez da beste bat gehiago izan.

Bihar: Bidaia eta mendi kroniken lehiaketa (eta V): Aosta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.