Roberto Sarriugarte
Ardoxka

Victoria Ordoñez eta Malagako mendiak

2025eko apirilaren 25a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Malagako mendiak Mendikate Penibetikoetan daude, Malaga (Andaluzia, Espainia) hiritik bost kilometro iparraldera. Hor kokatuta dago gaur erakutsi nahi dizuedan proiektua, azken artikuluan aipatutakoa bezala emakume batek sortu eta gidatzen duena: Victoria Ordoñezek, alegia.

Paraje horietan, Portoko (Portugal) ekoizpen ereduaren antzeko bati jarraituz, mahatsak mendietan sakabanatutako dolareetan hartzitzen ziren, eta portura eramaten zituzten gero, merkatari ingeles, alemaniar eta herbeheretarrek ekoizpen horiek findu, borobildu eta merkatura eraman zitzaten. Baina, oidio gaitzak lehendabizi eta filoxera intsektuak geroxeago, mahasti horiek hondatu, eta hainbat mendetako distira ezerezean geratu zen.

Gaur egun, lan zaila da inguru horretan mahastiak aurkitzea, baina horixe egiten ari da Victoria Ordoñez 2015etik. Ordoñezen proiektuak bi helburu uztartzen ditu: batetik, ahaztuta geratu den lurralde historiko bat berreskuratzea, eta, bestetik, bertako mahats nagusia eta bikaina zena, hau da, pedro ximenez mahatsa berreskuratzea eta hari dagokion tokia ematea.

Ardoarekin zerikusia zuen ingurune batean hazi bazen ere, Ordoñezek ez zuen imajinatu ere egingo anaiari laguntzeak bizitza erabat aldatuko zionik. Jorge Ordoñez da anaia, AEBetara Espainiako ardoak esportatzeko bidean aitzindaria, Robert Parker kritikariaren oso hurbilekoa haren garai onenetan.

Malagako Axarquia eskualdean, Malagako mendietatik ekialdera, Victoria Ordoñezek arlo administratiboan soilik lagundu behar zuen berez, baina Alois Kracher austriarrak arlo guztietan inplikatu nahi izan zuen: mahatsak biltzen, aukeratzen, upelekin lanean eta moskatel mahatsarekin ardo lehor bat egiten. «Azkenean, familiako kide bakarra naiz bere eskuez ardoa egin duena», adierazi zuen Ordoñezek berak.

Victoria Ordoñez Medikuntzan doktorea da, eta, 2008ra arte bi lanak uztartu bazituen ere, urte horretan medikuntza kontuak ahaztu, eta ardoaren munduari heldu zion buru-belarri. 2015ean anaiarengandik bereizi, eta proiektu pertsonalari ekin zion, Malagako mendietako XXI. mendeko bertsioa sortzeko helburuarekin.

Proiektua Malagako mendietan errotuta badago ere, Axarquiarekiko lotura mantendu du; adibidez, Jabega ardoaren %30 Axarquiako moskatelez egina dago, eta La Ola del Melillero ardoak ere Axarquiako moskatela darama, nahiz eta portzentaje txikiagoa izan (%10).

Ordoñezen ustez, lursail berantiarren parajerik bikainena Santo Pitar mendia da, mendi horren magala. Bertako nekazariek landutako partzela gutxi batzuk daude hor, eta filoxera agertu aurreko zenbait landare ere badaude. Mahats horiek Volanderos ardoa egiteko erabiltzen ditu Ordoñezek; ardo lehorra da, upelean hartzitu eta ondutakoa, Malagako portutik ateratzen ziren mountain wines entzutetsuen omenez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.