«Nire aita erretiroa hartu arte Vivanco upategiko [Espainia] ingeniari agronomoa izanagatik, nik ez dut sekula mahastizaintza gustuko izan, baina, aldaketa bat nahi nuen nire bizitzan, eta, ikasten hasi nintzenean, jakin-mina sartu zitzaidan».
Victor Ausejok Vivancon soro-lanetan hasi zuen formakuntza, eta geroxeago Gomez Cruzado upategian. Upategi txiki bat dauka orain Alberiten (Espainia), eta han eta mahastietan ematen ditu eguneko lanorduak.
Alberite Logroñotik (Espainia) zazpi kilometrora dago, Errioxa Ekialdeko eskualdean, baina Errioxa Garaiarekin muga eginez. Eskualde horretako mahats nagusia tempranilloa da, baina Ausejoren ardoetan ez da ageri mahats hori.
Antoniok, aitak, El Peinao lursailean zuen tempranilloa kendu eta garnatxa zuria jartzeko konbentzitu zuen. 2014ra arte, iturgin lanetan aritzen zen Victor, eta noizbehinka familiak zuen mahastitxoan laguntzen zuen, baina iturgintzan gertatutako krisialdi bati esker, mahastizaintza eta enologia ikasketak hasi zituen.
2016an, Victorrek eta haren emazteak bi hektareako familia mahastian landatu zuten garnatxa zuria, El Peinao mahastian bertan. El peinao zen aitona Ferminen ezizena, Alberiten hark zuen dotore eta apain ospeagatik.
Lehen uztaldian, 2018an, upel bat erosi zuen eta etxean edateko hirurehun bat botila bete zituen, baina Gomez Cruzadon ezagutu zuen Migel Merino enologo bikainak botila horiek merkaturatzeko konbentzitu zuen. Hurrengo urtean, 2019an, bi upeleko ardoa ekoitzi zuen, eta Victor Ausejo Garnacha Blanca atera zuen merkatura. Horri upelean ondu gabeko beste ardo bat gehitu zion: Parcela 333.
Gaur egun, botila guztiak salduta dauzka eta hazteko tartea dauka, baina astiro joan nahi du.
El Peinao lursailak bi hektarea ditu, baina %40 baino ez du botilaratzen, beste guztia Izadiri saltzen dio; larrosa zuria egiteko arabarrek kontratu luzea eta baldintza onekoa eskaini zioten.
Ondo aireztatutako eta ekialde-mendebalde orientazioa duen muino leuna da El Peinao, landare sarean eta ekologikoan landua.
Gainaldean mahats pikorrak helduago eta kontzentratuago daude, eta horregatik erabiltzen dute mahats hori Victor Ausejo Garnacha Blanca ardoa egiteko; sakonagoa eta konplexuagoa da ardo hori. Frantziako eta Hungariako bostehun litroko upeletan ontzen dute hamar hilabetez, hondarrekin. Behealdeko mahatsa Parcela 333 ardoa egiteko erabiltzen dute; ardo hori freskoagoa eta edateko errazagoa da. Porlanezko (%80) eta altzairuzko (%20) deposituetan hartzitu eta ontzen dute ardo bikain hori.
Apaindura gutxiko ardoak baina orekatuak eta adierazkorrak egitea du helburu Victor Ausejok, eta, nire ustez, lortzen du helburu hori; ardo bikainak eginez, gainera.