Azken urteotan, hainbat upategi aldendu dira Cava sor-markatik; Corpinnat eta Penedes sor-markek badute apardunak babesteko atal bat, Classic Penedes izenekoa, eta bertan hartu dute estalpea batzuek.
Orain arte Muscandia izena zuen Viader upategiak, eta hura izan da azkena Cava sor-markatik ateratzen. Oraingoz, ez du babesik hartu ez Corpinnaten ez Classic Penedes markaren pean, baina, etorkizunerako, ez dauka ezer baztertuta. Eduard Viader da jabea, eta Muscandian 2010ean egin zuen lehen produktu aparduna, metodo tradizionalari jarraituz. Viaderren hitzetan, orain egin duten aldaketak zera esan nahi du: «Benekotasunarekin, lurraldearekin eta artisau lanaren bikaintasunarekin berritutako konpromisoa».
Viadertarrak medikuak eta botikarioak ziren, bost belaunaldiz Sant Sadurni d'Anoian bizi izan direnak, Katalunian. Aspaldikoa eta bitxia da viadertarrek ardoarekin duten harremana: birraitonak 1912an sortu zuen lehen laborategia, eta Narciso aitonak, berriz, legamiak kontatu zituen lehen aldiz mikroskopioan.
Eduard Viaderrek agronomia ingeniaritza ikasketak eginak ditu. Hamar urte luzez, Sant Sadurni d'Anoia erdiguneko upategi txiki batean aritu zen lanean. 2020an, Sant Sadurni d'Anoiatik oso gertu, paisaia idiliko batean, mahastiz inguratutako eta erabat utzia zegoen antzinako masia bat aurkitu zuen: Can Rosell de la Llena. Hilabete batzuk geroago, 2021eko irailaren 4an, Can Rosellen ari zen lehen apardunak ardo bilakatzen. Viaderrek oinarri gisa mahats mota tradizionala erabiltzen du, lurrarekin eta historiarekin lotura eginez.
Viaderren ardo zuri apardunek xarel.lo eta macabeo (Errioxako viura) mahats barietateak dituzte ardatz. Mendeetan zehar hori izan da nahaste edo coupage tradizionala. Garnatxa beltza eta xarel.lo mahatsak dira Viaderrek dituen monobarietalen oinarriak, biak ala biak partzela bakar batekoak. Deliris bilduman edo ardo gorri apardunetan inoiz erabili izan dituzte beste toki batzuetako barietateak; horiek guztiak oso ondo egokitu izan dira beti Penedesera.
Gaur egun, 50.000 botila inguru egiten dituzte, eta, neurri batean, Espainiako Estatuan merkaturatzen dituzte, baina baita Belgikan, Danimarkan, Kanadan eta Ameriketako Estatu Batuetan ere.
Apardunez gain, hiru ardo lasai ere egiten dituzte Celler Viader upategian: garnatxa eta xarel.lo-z osatutako partzela bakarreko bi ardo, eta frontignan eta sauvignon zuri mahatsak nahasiz sortutako beste bat; bitxia benetan. Eduard Viaderren leloa zera da: Txikiak izatearen balioa. Viaderrek esaten duen moduan: «Kalitatearen bidea da bideragarria den bakarra».