Leyre Arrieta. Deustuko Unibertsitateko irakaslea

«Venezuelako oihanetik Euskal Herrira emititu zuten, 1965etik 1977ra»

Radio Euskadiren lau garaiak jasotzen dituen liburua idatzi du Arrietak: 'La Historia de Radio Euskadi. Guerra, resistencia, exilio, democracia'. Irratiaren historian parte hartu duten pertsonak omendu ditu lanean.

EITB.
urtzi urkizu
2016ko ekainaren 12a
00:00
Entzun
Historian doktorea eta Deustuko Unibertsitateko Komunikazio graduko arduraduna da Leyre Arrieta (Mutriku, Gipuzkoa, 1971). Urte ugari egin ditu Radio Euskadiren historia ikertzen.

Radio Euskadiren historiari buruzko liburuan 1936. urteko gorabeherak ageri dira. Itziarko (Deba, Gipuzkoa) baserri batetik irrati emanaldi batzuk egin zituzten. Baina istorioak baditu ñabardurak, ezta?

Zabaldua dago Itziarko baserri batean sortu zela Radio Euskadi, baina ez da guztiz horrela. 1936ko gerra zela-eta, Radio San Sebastianeko aparatuak Deba aldera eraman zituzten. Itziarko Getari baserriko jabeak bere etxea utzi zuen, emisora bertan jarri ahal izateko. Hamabost egunez egin zituzten emanaldiak, Radio Euskadi izena erabiliz. Ihesi zebiltzan, eta gero handik Punta Galeara jo zuten, Bizkaira. Eusko Jaurlaritzak irrati propio bat egiteko asmoa zuen. Edonola ere, ñabardurekin esan dezakegu gerra garaian Radio Euskadiren hazia Itziarko baserri hartan sortu zela.

1946an, Lapurdiko Mugerre herritik ekin zien emanaldiei Radio Euskadik.

Bai. Erbesteko Jaurlaritzako Joseba Rezola buru-belarri aritu zen lanean, irrati propio bat lortu arte. Mugerren instalazioak apaizaren etxean zeuden. Erredakzioa Donibane Lohizunen zegoen, eta hainbat lagunek programak prestatzen zituzten han. Gidoiak bizikletan eramaten zituzten Mugerrera, handik emititzeko.

Zer gertatu zen 1954an Lapurdiko emisora ixteko?

Ordura arte Frantziako Gobernuaren konplizitatea izan zuten euskaldunek. Frankistek Frantziako Gobernuari presio egiten zioten, eta hark beste alde batera begiratzen zuen. Baina frankistek Radio Tetuan itxi zuten Marokon, eta trukean frantziarrek Radio Euskadi itxi zuten, 1954an.

Rezolak beste gobernu baten konplizitatea aurkitu zuen Amerikan.

Venezuelan, bai. Kontuan izan behar da euskaldun asko zeudela han. Rezolak Mugerren sortu zuen Radio Euskadi euskal erresistentziaren irratitzat jo zuen, eta Venezuelakoari ere izaera hori eman nahi zion. Caracasko EGIko gazteak izan ziren, gehienbat, emisiora martxan jarri zutenak.

Nolako irratsaioak egiten zituzten Venezuelan?

Saioak ordu erdikoak ziren, eta hiru zati zituzten: iruzkinak, albiste motzak eta kantak. Handik zebiltzan gazteek formatu arin eta modernoagoak egin nahi zituzten, eta izaten zituzten eztabaidak arduradunekin.

Frankistei izkin egiteko erabili zuten formula gogoratzeko modukoa da.

Oso sekretupean eraman zuten guztia, eta Venezuelako emisorari La Txalupa deitzen zioten. Frankistak engainatzeko zabaldu zuten Norvegian zegoela, eta gero txalupa batean jarri zutela. Venezuelan bi kokapen zituen: Caracasko etxeetan saioak idatzi eta grabatzen zituzten, gero zintak oihanera eraman, eta oihaneko txabola batetik emititzen zituzten saioak. Venezuelako oihanetik emititu, eta Euskal Herrian entzuten zen, uhin motzean. 1965etik 1977ra emititu zuten Venezuelatik. Istorioak nobela baterako edo film baterako ematen du.

1977an utzi zituzten emanaldiak.

Bai, sekulako penarekin. 1977ko apirilaren 30ean izan zen azken saioa, eta txabolan negar batean aritu ziren.

Liburuan azken etapa ere aztertu duzu, 1983tik gaur arte doana. Nola laburbilduko zenuke?

Ez dauka zerikusirik aurreko etapekin. Garaia eta bitartekoak erabat ezberdinak dira. Testuinguru soziopolitikoa asko aldatu da. Bilboko egoitza berrian sartu nintzenean, Joseba Rezola sortzailearekin gogoratu nintzen. Haren herentzia da gaurkoa.

Pentsatu al duzu liburua euskarara itzultzea?

Gustatuko litzaidake, baina denborarik ez dut. Dirua eta denbora behar dira. EITB animatuko balitz, ondo legoke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.