Venezuela, irudi irabazlean

Ronaldo Schemidt argazkilari venezuelarrak irabazi du World Press Photo 2018 nazioarteko saria. Lehiaketak 61 urte bete ditu aurten, eta 73.044 argazki lehiatu dira

Bularrak lisatzen. Kamerungo ohitura, bortxaketak saihesteko asmoz eginikoa. HEBA KHAMIS.
Edu Lartzanguren.
2018ko apirilaren 14a
00:00
Entzun
Fotokazetaritzako nazioarteko lehiaketarik handiena da World Press Photo, eta Amsterdamen iragarri zituzten aurtengo irabazleak ostegun gauean. Epaileek erabaki dutenez, Ronaldo Schemidten Venezuelako krisia izenburuko irudia da 2017ko urteko argazkia. Erretratuan, 28 urteko Jose Victor Salazar Balza manifestaria sutan ageri da, gas maskara bat aurpegian duela. Argazkilariaren arabera, manifestariak Venezuelako Goardia Nazionalaren motor bat erretzen ari ziren, 2017ko apirilaren 3an, gobernuaren kontrako protesta batean. Manifestarietako batek ibilgailua jo zuen, eta motorraren erregai biltegiak eztanda egin zuen. Suak bete-betean harrapatu zuen Salazar. Lehen eta bigarren mailako erredurak pairatu zituen gorputzaren %72an, baina medikuek salbatu zuten, 27 ebakuntza eginda.

«Sua sentitu nuen, eta argazkiak egiten hasi nintzen, nahiz eta oraindik ez jakin zer gertatzen ari zen», adierazi die argazkilariak hedabideei, Amsterdamen. France-Press agentziarentzat egiten du lan.

World press lehiaketa 1955. urtetik egiten dute, eta, aurten, irabazleak erabakitzeko prozedura aldatu dute: otsailaren 14an, izendatuen zerrenda argitaratu zuten, lehen aldiz. Zortzi kategorietan banatu dituzte sariak: Gai garaikideak, Ingumena, Albiste orokorrak, Epe luzerako ekimenak, Natura, Jendea, Kirola eta Uneko albisteak.

Magdalena Herrera argazkilari kubatarra aritu da aurten epaimahaiburu gisa. Adituek 73.044 argazki aztertu dituzte, 4.548 argazkilarik aurkeztutakoak.

«Urteko argazkiak gertaera bat kontatu behar du, behar bezain garrantzitsua, eta galderak eragitekoa...», esan zuen Herrerak saria emateko ekitaldian. Argazki irabazlea «klasikoa» dela adierazi zuen, baina «berebiziko indarra eta dinamika» daukala.Koloreak, mugimendua eta konposizioa goraipatu zituen epaimahiburuak. «Berehalako emozioa eragin zidan».

Irudiaren balio sinbolikoa goretsi zuen Withney C. Johnson epaimahaikideak. National Geographic aldizkariaren argazki zuzendariordea da Johnson. «Gizonak maskara du aurpegian. Ez du bakarrik bere burua ordezkatzen, baizik eta sutan dagoen Venezuelaren ideia bera».

Bularrak lisatzen

Gai garaikideak alorrean, emakumeen kontrako indarkeriaren inguruko irudi batek eraman du lehen saria. Heba Khamis argazkilari egiptoarrak Kamerungo bularrak lisatzeko ohitura dokumentatu du. Irudian, ama batek 10 urteko alabaren bularrak estutzen ageri da. Neska nerabeen bularren garapena oztopatu nahi dute amek praktika horrekin, heldutasuna atzeratzen eta bortxaketak edo bestelako sexu gehiegikeriak saihesten lagunduko dielakoan.

Izendaturiko argazkien artean, Boko Haram taldeak Nigerian bahituriko neskak, Mosulgo (Irak) borrokak, rohingya errefuxiatuen tragedia Myanmarren, Venezuelako protestak eta Londresko Westminsterko zubian autoz eginiko erasoa agertu dira aurten.

Iaz ika-mika sortu zuen lehiaketak. Andrei Karlov Errusiak Turkian zuen enbaxadorearen hiltzailea pistola eskuetan agertzen zuen irudiari eman zioten saria. Stuart Franklin epaimahaikidea ez zegoen erabakiarekin ados, hura saritzea hiltzaileari «publizitatea» egitea zelakoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.