Valentziako erkidegoan (Herrialde Katalanak), ardoari dagokionez, hainbat jatorri izen daude: Valencia, Utiel-Requena, Pago Los Balagueses, Cava eta Alicante. Erkidegoa hiru lurraldetan banatuta dago: Castello, Valentzia eta Alacant. Duela astebete gertatutako tanta hotz horrek Valentziako probintzian egin ditu kalteak, eta izugarriak izan dira hildako kopurua eta kalte materialak.
Ez dut ez politikarik, ez politikaririk aipatuko hemen, leiho honetan ardoari buruz hitz egiten dugulako, baina ezin naiz gelditu esan gabe zenbait politikari burura datozkidanean lotsa eta amorrua sentitzen ditudala.
Kalte materialak ugariak izan dira nonahi eta mahastietan ere halaxe izan da. Ez dakigu oraindik zehatz-mehatz zein parajetako mahasti eta upategiak izan diren kaltetuenak, baina jakin badakigu Valencia zein Utiel-Requena jatorri izena daramaten hainbat upategi eta mahastitan kalteak izugarriak izan direla, ikaragarriak. Badirudi Utiel inguruan izan direla galerarik handienak, baina beste hainbat tokitan ere kalteak oso handiak izan dira. Aste batzuk barru ikusiko da hobeto kalteak norainokoak izan diren.
Lagun ugari ditut Valentzia aldean. Aspaldiko lagun onak; gazteak ginenean elkar ezagutu eta gaur egun arte mantendu dugu adiskidetasuna. Geroago, ardoari buruzko Verema web orria ezagutu eta hainbat lagun egin ditut esparru horretan ere; denak ardozaleak, batzuk mahastizainak, beste batzuk ardogileak, esparru bietan aritzen direnak beste zenbait...
Badira urte asko, adibidez, Pablo Calatayud, Rafa Cambra eta Rodolfo Valiente ezagutu nituela, Veremak antolatzen dituen ardoaren inguruko Encuentros Verema topaketa bikainetan. Urte askoan joateko aukera izan nuen, eta, aspaldian joan ez banaiz ere, 2025ekoan parte hartzeko desiratzen nago.
Gaurko artikulu honetan, ardoaren aitzakiarekin, Valentziako lagun, ezagun eta bestelako guztiei nire elkartasuna, estimua eta maitasuna adierazi nahi dizkiet momentu latz eta gogor hauetan.
Celler del Roure upategiko Pablo Calatayuden Les Alcusses eta Cullerot ardoekin, adibidez; Rafa Cambraren El Bon Homme edo Casa Sosegadarekin; Rodolfo Valienteren Pago de los Balagueses Los Altos edo Caprasia zuriarekin; edo beste hainbat upategitan ugariak diren ardo bikainekin gozatzeko tarte bat bilatu eta indarrak berreskuratu beharko dira, ortzi mugara baikortasunez begiratu ahal izateko, berriz ere.
Horrelakoetan erakutsi behar dira indarra eta kemena, erraza izango ez den arren.
Jaso, valentziarrok, nire elkartasuna eta aurrera egiteko bultzadatxoa!