Jaiak. Donostiako Aste Nagusia

Valenciana su etxeak irabazi du Donostiako Urrezko Maskorra

Valentziako su etxeak bigarren urtez jarraian irabazi du. Bigarren postua Madrilgo Vulcano etxearentzat izan da, eta hirugarren postua Ingalaterrako Illusion Fireworks etxeak lortu du, epaimahai gaztearen sariarekin batera.

Valenciana su etxearen ikuskizuna, ostegun gauean. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
Valenciana su etxearen ikuskizuna, ostegun gauean. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
urko iridoy alzelai
Donostia
2024ko abuztuaren 17a
15:05
Entzun

Bigarren urtez jarraian, Valenciana su etxeak bereganatu du Donostiako Suen Nazioarteko Lehiaketako Urrezko Maskorra. Valentziako (Herrialde Katalanak) su etxeen ospea ederki justifikatzen da Donostiako Aste Nagusian, urte askotan garaile suertatu dira eta. Bigarren postua, Madrildik iritsitako Vulcano su etxeak lortu du, etxera Zilarrezko Maskorra eramanda. Hirugarren postuan, Brontzezko Maskorrarekin, Ingalaterrako Illusion Fireworks geratu da. Valenciana su etxeak bigarren Urrezko Maskorra du aurtengoa.

Urtero bezala, epaimahaiak lehiaketaren «maila bikaina» azpimarratu du. «Su etxeek eginiko ikuskizunak Valentziako gazteluen egituran oinarritutakoak izan dira, baina su etxe bakoitzak bere ezaugarriak, koloreak eta soinuak ezarri ditu», adierazi du antolakuntzak, prentsa ohar baten bidez.

Valenciana su etxeko ordezkaria, Urrezko Maskorrarekin. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Valenciana su etxeko ordezkaria, Urrezko Maskorrarekin. JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Irabazleek 631,62 kilo bolbora erabili zituzten ostegun gauean, eta 1.900 tiro egin zituzten. Hamasei minutu eta 51 segundoko ikuskizuna izan zen Valencianakoena, eta, bukatutakoan, ikusleek txalo zaparrada handi batekin eskertu zieten jarduna. Antolakuntzaren iritziz, tiro denboretan «alde nabarmenak» ikusi ziren, eta kolore eta zarata «handiko» ikuskizuna izan zen. Valentziako traka tradizional bat izan zen irabazleek erabilitako azken kolpe handia.

Valenciana su etxeak bigarren Urrezko Maskorra du aurtengoa

Madrilgo Vulcano su etxeak bolbora kilo gehiago erabili zituen, 798,54 kilo zehazki, baina valentziarrek baino ikuskizun motzagoa egin zuten ostiralean: hamabost minutu eta 50 segundokoa. Ingelesek, aldiz, 568,33 kilo erabili zituzten, 1.160 tiroko ikuskizunean. Podiumeko jardunik motzena izan zen illusion Fireworks su etxearena, hamabost minutu eta sei segundokoa. Azken horien ikuskizuna, horrela definitu du antolakuntzak: «Mediterraneoko koloreak erabili zituzten, hala nola urdina, horia eta zilarreztatuak, kalibre handiko karkasak, eta Mediterraneoko soinua britainiar lasaitasunarekin konbinatu zuten».

Epaileek aurtengo irabazlea erabakitzeko «zailtasunak» izan dituztela adierazi dute: «Aurten hiru lehenengoekin ados ginen, baina hirurak ordenatzea gehiago kostatu zaigu».

Enbataren eraginak

Gazteen saria ingelesek jaso dute, eta herri epaimahaiak emandako saria hurrengo astean argituko dela esan du antolakuntzak. Horrez gain, Donostiako Su Artifizialen Nazioarteko Lehiaketak eskerrak eman dizkie Pirotecnia del Mediterraneo su etxeari, «erakutsitako profesionaltasunagatik» eta lehiaketan izandako «inplikazioarengatik». Abuztuaren 11n zen aurkeztekoa Pirotecnia del Mediterraneo etxearen ikuskizuna, baina gau hartako enbatan izandako haizetearen eraginez —81 kilometro orduko abiadura—, bertan behera utzi zuten programazioa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.