Uztaren lehen muztioa

Mahats Biltzearen 25. Eguna ospatuko dute etzitik igandera Erriberrin.Urteurrenari keinu egiteko, argazki erakusketa bat jarri dute ikusgai

Araitz Muguruza.
2015eko abuztuaren 25a
00:00
Entzun
Mahats biltzearen festa ospatuko dute asteburuan Erriberrin, Nafarroan. Ostegunetik igandera bitarte, hainbat ekitaldi izango dira; denek izango dute ardogintza erdigune. Aurten, gainera, ospakizun urtea dute, 25 urte bete baititu Mahats Biltzearen Egunak. Urtemuga hori ardatz, argazki erakusketa bat jarriko dute ikusgai, etzitik aurrera. Horrez gain, asteburu osoan bisita gidatuak egingo dituzte bodegetara, eta azokak eta beste egongo dira.

Ostiralean, dastatze gastro-enologikoa egingo dute Fuente elkarte gastronomikoan, Silbi Redondo eta Jose Luis Asin sukaldari eta enologoarekin.

Musika eta ardoa uztartuko dituzte larunbatean Santa Maria klaustroan egingo duten kontzertuan. Jazzeroak taldea ariko da musika jotzen. Hainbat bisita gidatu egiteko aukera ere izango da, egunez zein gauez. Erriberriko jauregira egingo dute gaueko bisita, 23:30etik aurrera. Bisitetara joateko, aurrez eman behar da izena.

Lehen muztioa probatzea

Igandean izango da festetako egunik garrantzitsuena. Jose Luis Arrondo ardoaren kofradiako buruak irakurriko du aurtengo pregoia, eta, horren ostean, mahatsa zapaltzeari ekingo diote. Handik irtengo da aurtengo uztaren lehen muztioa. Ohi bezala, herritarren artean banatuko dute, eta azalduko dituzte etorriko den ardoaren ezaugarriak. Ardoaren dastatzeak egiten ari diren bitartean, jota emanaldia izango da, plazan bertan.

13:30etik aurrera, berriz, Nafarroa jatorri izena duten ardoak edateko aukera izango da. Ardanbera fanfarrea eta Erriberriko gaiteroak ariko dira giroa berotzen.

Bestalde, argazki lehiaketa eta gastronomia jardunaldiak egingo dira asteburu osoan zehar. Tabernariek, gainera, ardogintzarekin lotura duten pintxoak banatuko dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.