Sanferminak

Uztailaren 10ean txosnagunea izanen du Iruñeak

Herri Sanferminak plataformak salatu du UPNk «baztertu» egin dituela. Herri bazkaria eta kontzertuak antolatu dituzte egun horretarako.

Herri Sanferminen aurkezpena, gaur, Laba aretoan. IñIGO URIZ / FOKU
Iker Tubia.
2023ko ekainaren 23a
16:48
Entzun

Egun bakarrez, baina txosnagunea izanen du Iruñeak aurtengo sanferminetan. Uztailaren 10ean izanen da, O-ko Andre Maria plazan. «Herri sanferminen biziraupena bermatzeko, egun bakarrean bildu behar izan dugu egitaraua», azaldu dute gaur goizean Laban eman duten prentsaurrekoan. «Erresistentzian bizirik jarraitzen dugu, jai eredu kapitalistaren eta UPNk indartutako bazterketa politikoaren aurrean herri sanferminak eraikitzen». 14:30ean herri bazkaria eginen dute, eta, 17:00etan, kontzertuak: The Titanians, Alarma Morea eta Hofe.

Herri Sanferminak plataformak Iruñeko Udalaren jarrera salatu du: «Etengabe erdigunetik kanpoko espazioak eskaini dizkigute, eta guk erdiguneari eutsi diogu». Egun bakarrak ez ditu ase plataformaren nahiak: «Sanfermin hauek berriz ere egoera prekarioan ospatzera behartuta ikusten dugu gure burua, eta dinamika hau ezin dugu normalizatu». Hortaz, egun horretan jai gunea «goraino betetzera» deitu dute jendea. «Udalari mezu argi bat helaraziko diogu beste behin: hemen gaude, ez goaz bazterretara».

Herri sanferminek besta «antikapitalista, ekologista, feminista, euskaldun, kultural eta anitzak» antolatu nahi dituzte, eta «iruindar guztiok» sartzeko moduko lekua aldarrikatu dute. Argi utzi dute ere ez dutela inolako eraso matxista, arrazista edo LGTBfobikorik onartuko. «Zapalkuntzarik gabeko jaiak sortzeko bidean», herri bazkaria %100 begetala izanen dela esan dute, «gizakiz besteko animaliek ere aske eta duintasunez bizitzea merezi dutelako». Txartelak Katakraken eta Herriko Tabernan daude salgai.

Udalaren egitaraua

Iruñeko Udalak ere gaur aurkeztu du bere egitaraua, sanferminak hasi baino bi aste lehenago. Aurten 542 ekitaldi antolatu ditu. Berrikuntza nagusietako bat Foruen plazako DJ-ak izanen dira: arratsaldez eta gauez. Orain arte han egiten ziren kontzertu nagusiak, baina, aurten, Gazteluko plazan antolatu dituzte. Azken egunak ere badakar berritasunik: erraldoien eta kilikien konpartsak Gazteluko plazan eginen du azken agurra, eta ez Udaletxeko plazan. Egun horretan ikuskizun «berezia» antolatu du konpartsak, eta Nafarroako abeslari «ezagunek» parte hartuko dutela aurreratu dute. Udalak 1,8 milioi euro inguruko aurrekontua baliatu du sanferminak ordaintzeko.

Ikusi gehiago:Merina Gris, Olaia Inziarte, Skabidean eta ETS Iruñeko sanferminetan arituko dira

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.