Gerizpean

Uzta ona izateko, festa

Gaur hasiko da mahats bilketaren denboraldia, eta Nafarroako zenbait herrik asteburu osoan ospatuko dute

Mahats zapaltzea Erriberriko mahats bilketaren festaren ekitaldi garrantzitsuena da. LANDER FDEZ. ARROIABE / ARGAZKI PRESS.
Donostia
2013ko abuztuaren 28a
00:00
Entzun
Ardozaleek jakingo dute jada abuztu bukaeran mahats bilketarako denboraldia hasten dela. Ebro ibaiko ertzetan behintzat, garai hau noiz heldu itxaroten egoten dira. Izan ere, Nafarroako eta Arabako herri asko mahats ekoizle oso garrantzitsuak dira, eta herri horien ekonomiak, gehinetan, ardoari esker egin izan du aurrera.

Horregatik, Nafarroako Ardo Kofradiak mahats bilketaren festa antolatu ohi du Erriberrin. 1900. urtean jaio zen kofradiaren xedea Nafarroako ardoen balioa zabaldu eta laguntzea da. Gaur hasiko da aurtengo ospakizuna, eta igandera arte iraungo du. Tartean, ardoa nola egin eta gozatzeko hitzaldi, dastatze eta ekitaldi kulturalez jantziko da Erriberri. Gaur Javier Corcin, Julian Palacios eta Pascual Tamburri ardo adituen hitzaldia dago Ardo Museoan. Ostiralean, topaketa gastro-enologikoa antolatu du La Fuente lagunarteak. Larunbatean, egun osoan Erriberriko bodegak bisitatzeko aukera egoteaz gain, bisita gidatuak, ardo dastatzeak eta kontzertuak egongo dira ikusgai. Bukatzeko, igandean, tradiziozko mahats zapaltzea egingo da, pregoia irakurri eta gero. Ostean, ardoak dastatzeko aukera egongo da, Ardanbera fanfarreak girotuta.

Corellan ere, mahats bilketan

Corella herrian ere mahats bilketaren festa egingo da, ostiraletik igandera. Ostiralean, kaleko merkatua egongo da. Larunbatean, upel lasterketa bitxia egingo dute, eta igandean, mahats zapaltzearekin bukatuko da festa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.