Uzta garbia, txakolin bikaina

Bihar aurkeztuko dute Getarian aurtengo txakolina: fruitu lurrinekoa da eta garraztasun puntua du

Sei euroren truke eskura daiteke kopa bat, eta, horren bidez, bost txakolin dastatzeko aukera. ANDONI CANELLADA / ARP.
Maialen Unanue
Donostia
2013ko urtarrilaren 16a
00:00
Entzun
Eguraldia ezinbesteko faktorea izaten da mahastizaleentzat, eta aurten, behintzat, portatu dela esan dezakete txakolin ekoizleek. Hori dela eta, «oso gustura» daude 2012an bildutako uztarekin, Getariako Txakolinaren Jatorri Izenaren Kontseilu Arautzaileko zuzendari Jose Inazio Manterolak adierazi duenez. Ostegunean, San Anton egunean, egingo dute txakolin uzta berriaren aurkezpena eta dastatzea Getarian (Gipuzkoa).

Zeruari begira ematen dute denbora mahastizaleek, eta, alde horretatik, pozik daude 2012ko udaz geroztik izan den eguraldiarekin: «Eguzki ordu asko izan dira, eta udara oso garbia izan da». Horri esker, uzta ona izan dute, garbia, ia onddorik gabea, eta horrek zuzenean eragiten du gero ekoitziko duten produktuan, txakolinean: «Ez du tratamendu gehiegiren beharrik izan, eta horren emaitza txakolin osasuntsuagoa da».

Lehengaia ona denean, amaierako produktua txarra izatea zaila izaten da. Hiru hitz nahikoak izan ditu Manterolak aurtengo txakolina definitzeko: «Edari bikaina da». Txakolinaren berezitasunak, aldiz, honako hauek dira: «Oso usaintsua da, lasto kolorekoa, garbia eta garraztasun apur batekin, bere txinparta eta guzti».

Ekoizpen aldetik, upategiek iazko emaitzen antzekoak lortu dituzte. Guztira, 2.268.710 litro txakolin. Prozesuan 96 mahastizalek eta 27 upategik parte hartu dute, eta 402 hektarea erein dituzte.

Getariako Txakolinaren Jatorri Izenaren Kontseilu Arautzailetik azpimarratu nahi izan dute upategiak, lehenik eta behin, mahastizaleak ere badirela; hau da, mahatsa eurek ekoizten dutela, eta eurak direla ondoren txakolina egin eta merkaturatzen dutenak.

Uztarekin eta txakolin ekoizpenarekin izandako emaitza onen ostean, txakolinak merkatuan izango duen harreraren zain daude, ea horrela orain arteko emaitza onak biribiltzea lortzen duten. Ildo horretan, Manterolak deia egin die ostalaritza sektoreko langileei, laguntza eske: «Kanpotarrek bertakoa den produktu bat eskatzen dietenean, eman diezaietela Getariako txakolina».

Duela sei urte jatorri izenaren pean txakolina ekoizten duten herrien eremua zabaldu zuten. Horrela, ordura arte Getaria, Zarauzko eta Aiako upategiekin egiten zuten lan; baina, gaur egun, Gipuzkoako herri gehiagotara zabaldu dute txakolinaren ekoizpena: Arrasaten, Deban, Hondarribian, Mutrikun, Olaberrian eta Oñatin upategi bana dago, Aian bi, Zarautzen zazpi, eta Getarian hamabi. Azken horretan bada upategi berri bat ere, eta San Anton egunean aurkeztuko dute euren produktua, Elkano markaren pean.

Txakolina nagusiki Euskal Herrian bertan saltzen dute —Gipuzkoan bakarrik ekoizpenarenaren %80, eta beste hainbat lurraldetan %10 inguru—; gainontzekoa nazioartean saltzen dute (Europako zenbait herrialdetan eta Ameriketako Estatu Batuetan).

Iazko jardunari dagokionez, «krisiak sektore guztiak ukitu dituen arren», emaitza onak lortu dituztela aipatu du Ruth Mozok, Getariako Txakolinaren Jatorri Izenaren Kontseilu Arautzaileko kudeatzaile eta idazkariak.

Jatorri Izenaren pean lan egiten duten upategi guztiek zuzeneko salmenta egiten dute, upategian bertan. Sektorea indartzeko eta txakolina hedatzeko asmoz, baina, dastatzeak egiteko aukera eskaini dute zenbaitek: Getariako Ameztoi, Gaintza, Urki eta Txomin Etxanizek, Zarauzko Eizagirre, Rezabal eta Talai Berrik, Aiako K5 Argiñanok eta Hondarribiako Hiruztak.

San Anton egunaren zain

Garrantzitsua izaten da San Anton eguna getariarrentzat eta,bereziki, txakolin ekoizleentzat. Izan ere, egun hori hori aprobetxatzen dute urteko txakolina jendaurrean aurkezteko.

Bihar ospatuko dute, hain zuzen, San Anton eguna, eta txakolin uzta berriaren aurkezpena izango da eguneko ekitaldirik garrantzitsuenetako bat; herriko frontoian izango da, 12:15ean. Orduan aurkeztuko dituzte 2013ko Mahasti Jaunak ere: Andoni eta Pedro arregi anaiak eta Getariako Elkano Arrantzaleen Kofradiak jasoko dute izendapen hori, urteetan Getariako Txakolinaren hedapenean egindako lanagatik.

Aurkezpenaren ostean, txakolinaren dastatuko dute, Zabale eta Larrañaga trikitilariek girotuta. Guztira, 2.100 botila eramango dituzte ekoizleek Getariako frontoira: hura dastatu nahi dutenek kopa erosi beharko dute sei euroren truke, eta horren bidez bost txakolin dastatu ahal izango dituzte. Jarraian, Sebastian Lizaso eta Andoni Egaña bertsolariak kantari ariko dira udaletxeko balkoitik.

Herriko lau tabernek —Giroa, Harralde, Mahasti eta Taxco— 800 pintxo egingo dituzte, eta euro baten truke salduko dituzte.Arratsaldean, berriz, aizkolariak eta harri-jasotzaileak izango dira frontoian, 18:00etatik aurrera.

Ostiralean eta igandean ere izango da zer ikusia Getarian. Ostiralean, bertso saioa antolatu dute Balentziaga museoan, A. Arzallus, J. Uria, M. Lujanbio, J. Soto eta A. Estiballes bertsolariekin. Igandean, herriko gazte eta helduen X. pilota txapelketaren finala jokatuko dute, 17:00etan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.