Baserriko Uzta

Uzta bakoitzari bere doinua

Lehenengo aldiaren arrakastaren ondoren, Baserriko Uzta egitasmoak aurkeztu berri du bigarren saio sorta. Bisita eta kontzertu bana antolatu dituzte hiru etxaldetan.

Rafa Ruedaren kontzertua Urduñako Santa Clara baserrian (Bizkaia), iazko udaberriko uztan. ANARTZ BILBAO / ZUZEU.
Andoni Imaz
2019ko maiatzaren 25a
00:00
Entzun
Uzta berrirako goiz da oraindik Anuntzetako Beltzitina baserrian (Erriberagoitia, Araba). Loratu dira fruta arbolak, eta hasiak dira marrubiak jasotzen, baina gutxi batzuk besterik ez. Dena den, bada zer dastatua baserrian: bertako marmeladarekin egingo dute gosea Baserriko Uztaren aurtengo zikloa abiatzeko.

Lau urtaro, lau baserri eta lau kontzertu. Ideia horien arteko loturetatik jaio zen Baserriko Uzta proiektua, 2017. urtean. EH Kolektiboak antolatzen du egitasmoa, baserriko produktuak kontsumitzeko logikari «buelta emateko» asmoarekin: «Ekoizleak jaitsi izan dira herrira beren produktuak erakustera, eta guk herritarrak eraman nahi ditugu etxaldeetara, ezagut dezaten han egiten dena», dio Leire Rodriguezek, kolektiboko dinamizatzaileak.

Ikuspuntu horretatik antolatu zuten Anariren kontzertua Antzuolako Pikunieta baserrian (Gipuzkoa), 2017ko udazkenean. Euskal Herriko zenbait baserritan ekoitzitako produktuak bertatik bertara ezagutzeko aukera eman nahi izan zieten herritarrei, euskal talderen baten musikarekin girotuta.

EH Kolektiboak Zuzeu atari digitalarekin eta Paperezko Kontzertuak egitasmoarekin batera antolatu zuen orduan proiektua. Orain, ziklo berri bat abiatzeko, kolektiboak bidelagun berria topatu du: Iametza komunikazio enpresarekin hasi dute elkarlana. Bertako komunikazio taldeko kidea da Xalba Ramirez: «Gure egitekoetako bat da euskal kultura sustatzea, eta uste dugu oso ekimen interesgarria dela Baserriko Uzta, kultura eta agroekologia lotzen dituelako».

EH Kolektiboak agroekologia du ardatz: «Agroekologiaren garapenean Euskal Herri osoan lan egiten duen kolektiboa» da, Rodriguezen hitzetan. Nekazaritza eredua bere osotasunean ulertzen duen kontzeptu zabala da agroekologia, eta kolektiboak horren gaineko «lanketa politikoa» du. Horregatik, zazpi lurraldeetako ekoizleekin lan egiteak ere badu garrantzia haientzat.

Antzuolan, Etxarri Larraunen (Nafarroa), Urduñan (Bizkaia), Arbonan (Lapurdi) eta Oibarren (Nafarroa) antolatu dituzte orain arteko saioak. Urtaro bakoitzeko bat. Etxarri Larraunen egitekoa zen 2018ko neguko uztako saioa, ordea, bertan behera geratu zen, eguraldiagatik. Horregatik, ziklo berrian hiru saio antolatu dituzte: udaberriko uzta, udakoa eta udazkenekoa.

Ekainaren 15ean abiatuko dute zikloa Erriberagoitiko Anuntzeta herrian, Beltzitina baserrian, eta Olatz Salvadorrek emango du kontzertua han; abuztuaren 31n, Pagolako (Zuberoa) Safran Lilian elkartuko dira, eta Eñaut Elorrieta ariko da han; azaroaren 9an, berriz, Eibarko (Gipuzkoa) Sosola baserrian amaituko dute emanaldi sorta, Ruper Ordorikarekin.

Lurraldetasunaren ikuspegia zaintzearekin batera, ekoizpenaren aniztasuna ikusteko aukera izango dute saio bakoitzean. Ekoizpen eredu eta produktu ezberdinak ditu aukeratutako leku bakoitzak. Orain arte egin diren lau saioak «oso arrakastatsuak» izan dira: 80 pertsona baino gehiago elkartu izan dira, nahiz eta etxalde bakoitzak duen bere neurria.

«Herritarren arteko sareak ehuntzeko» ere balio du egitasmoak, Rodriguezen ustez. Izan ere, saio horietan dagoeneko osatu da Baserriko Uztaren inguruko komunitate bat, eta horietako batzuek berehala eman dute izena datozen hiru saioetarako.

Goizeko 10:30ean jarriko dute hitzordua: etxaldea bisitatu eta nekazarien egunerokoa, ogibidea eta ekoizten dituzten elikagaiak ezagutuko dituzte aurrena; musika emanaldia egingo dute gero, etxaldearen inguruko lekuren batean; eta azkenik, elkarrekin bazkalduko dute guztiek, EH Kolektiboko kideen baserrietako elikagaiekin.

Lehenengoa, fruta artean

Aurten, «garrantzitsua izan da Arabara eta Zuberoara eramatea» egitasmoa, Rodriguezen hitzetan. Erriberagoitian hasiko dute zikloa, «Arabako Errioxa baino pixka bat lehenago». Bertakoa da Amparo Perez, eta marmelada ekologikoa ekoizten du Beltzitina baserrian: «Denboraldikoak izaten dira, eta aukera guztiak ez dira sekula egoten aldi berean, baina 22 frutarekin egiten dugu marmelada». 1,5 hektareako etxaldea da, eta bertan dituzte fruta arbolak, sagarrak, madariak eta aranak, besteak beste.

Ingurua ez dute erabat ekoizpenerako antolatu, eta fruta arbola gehiago jartzeko asmoa dute: «Pentsa zer jar genezakeen 1,5 hektareatan, baina ez dago horretarako pentsatua. Zuhaitz artean agian lau andere-mahats ditugu, eta lau edo bost metroan, ezer ez». Duela bi urte hasi ziren marmelada ekoizten, eta aurkitu dituzte salmentarako leku batzuk: «Jendeari gustatzen zaiola dirudi, eta gehiago jartzera animatzen ari gara. Oso pozik gaude».

Beltzitinan ez zuten Olatz Salvadorren musika ezagutzen proiektuaren antolatzaileek hura proposatu zien arte, baina entzun dute haren musika, eta gustatu zaie etxekoei. Urtaro bakoitzeko uztarekin, bertako musikak girotuko ditu bertako produktu ekologikoak, etxeko giroan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.