Nathalie Caill-Milly (Saint-Adresse, Frantzia, 1970) Ifremer itsas ikerketetarako Frantziako institutuan ikerlaria da Angelun (Lapurdi), ustiatutako espezieetan berezitua. Gisa berean, Acclimaterra eskualdeko ikerketa komiteko partaide ere bada. Euskal Hirigune Elkargoak eta Garapen Kontseiluak Baionan antolatu duten Climat Action Pays Basque foroan parte hartu du.
Zein da eskualdearen irudia itsas espezieei dagokienez?
Ingurumena aldatzen ari da: itsas espezieen banaketa mugak iparraldera lerratzen ari dira, eta haietariko franko garrantzitsuak euskal arrantzaleentzat.
Adibidez?
Zapo zuria. Ote da bertze espezieen kalterako? Zaila da erratea. Leku aldaketa horien zenbaketa zorroztekoa dugu. Dena den, mugimendu horien aitzinean espezie garrantzitsuen ustiaketa moldeez gogoetatzeko garaia da; logika bat atzeman beharko zaio. Ikusten ditugu ur beroetako espezieak iristen: Coryphaena hippurus urraburua, Seriola dumerili jaka arraina... Baina ez dugu inpresioa espezie borealak ur beroetakoek ordeztuak direnik.
Kantauri itsasoa arrainez husten ari ote da?
Ez dut uste, ez baitugu elementurik aski hori baieztatzeko. Datozen espezie berriak askotan ezohikoak dira, eta arrantzaleak sentsibilizatzen ditugu, halako arrainen bat harrapatzean guri jakinaraz diezaguten, espezieari dagokion fitxa sor dezagun; jakiteko, bertzeak bertze, jangarria ote den.
AclimaTerran aldarrikatzen duzue kuotak aldaketei egoki daitezen.
Espezieen banaketa historikoaren arabera deliberatzen dituzte oraindik ere TAC Gehienezko Harrapaketa Kopuru Onargarria eta kotak, aldaketak kontuan hartu gabe. Horregatik, gure ikerketen emaitzak aurkeztu eta jendea —hautetsiak— sentsibilizatu behar ditugu, profesionalak ere bai, nahiz eta dekalaje bat dagoen: zientzialariok, hozki, 50 urteko aurreikuspenetan ikertzen dugu; profesionalak, berriz, berehalakotasunean ari dira.
Dena den, espezieak iparreko bidea hartzeak ez du erran nahi galbidean denik. Horrek ez nau arranguratzen. Hemengo arrantzaleentzat baliteke galtze bat izatea, baina bertze arrantzale batzuek bertze inon ustiatuko dute.
Menuak aldatzen hasiko dira.
Aldaketek elikadura kulturan eragiten dute: harrapatutako espezie batzuk berriz itsasoratzen dituzte merkaturik ezean; alta, dasta ona dute: demagun, paneka handia. Parada da geure buruari errateko: «Ez dut mihi arraina bakarrik janen». Kuriosa izan behar da. Horregatik, kontsumitzaileak badu zer erranik, harrapatua dena baliatua izan dadin berriz itsasoratu gabe.
Arrantzaleen kasuan ere, legatza adibidez, stockak aldakortasunak erakutsi ditu; hala, lanjerosa ikusten dut enpresak lotuegiak izatea espezie bakar batzuei.
ATZEKOZ AURRERA. Nathalie Caill-Milly. Itsas ikerlaria
«Ustiapen moldeez gogoetatzeko garaia da»
Klima aldaketak itsasoan dituen eraginak ikertzen ditu Caillek, Angelutik. Arrain espezieen banaketa muga aldatzen ari da Kantauri itsasoan, eta haien ustiaketa «egokitu» behar dela uste du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu