Aktorea eta dantzaria da Ion Barbarin (Iruñea, 1976). Txori Garciarekin batera, Amico antzerki konpainiaren parte da. Iruñean da egunotan, Nafarroako Antzerki Eskolan, Amico on the beach obra taularatzen.
Aktorea eta dantzaria zara. Zer ematen dizu diziplina bakoitzak?
Dantzak gorputzaren kontrola eman dit; asko lagundu dit. Antzerkiak, berriz, espresatzeko orduan eman dit. Biek lotura handia dute.
Nolakoa da lotura hori?
Biak dira agertokian espresatzeko moduak. Niri beti nahastea gustatzen zait. Antzerki fisikoa gustatzen zait, gorputzarekin lantzen dena.
Bi ikuskizun dituzue konpainian: Amico eta Amico on the beach. Zertan dira ezberdinak?
Pertsonaiak berdinak dira, bainaAmico on the beach lana dibertigarriagoa da, nahiz eta Amico ere dibertigarria den. Amico-ren kasuan, gerratea agertzen da, bi lagunen arteko harremana; biak dira gerran dauden herrialdeetakoak, eta, azkenean, nolabait, adiskidetasunak muga horiek apurtzea lortzen du; kutsu soziala dauka. On the beach, berriz, dibertimentura dago bideratua. Orain hirugarrena prestatzen ari gara, eta maiatzean estreinatuko dugu. Beti egin dugu hitzik gabeko antzerkia; dantza-antzerkia, nolabait.
Nola lortzen duzue hitzik gabe publikoarengana iristea?
Gorputzak eta aurpegiak zentralitate osoa hartzen dute. Egiten dugunak ez dauka istorio bat. Esketxak dira nolabait, oso xumeak. Amico on the beach-en, bi lagun hondartzara joaten dira, eta jolasean hasten dira. Jolasa da, baina koreografia bat dauka. Guk, musikarekin, historia koreografiadunak egiten ditugu, ez dantzako pausoetan bakarrik, baita keinuetan ere.
Zuek sortzen dituzue obrak?
Orain arte, biak Txorik [Garcia] eta biok prestatu ditugu; bai sorkuntza, bai zuzendaritza. Sortzen ari garen hirugarren horretan, gauza oso-oso desberdina izango da,
Nolakoa izango da?
Tránsitos izango du izena. Erriberriko [Nafarroa] jaialdian erresidentzia artistiko bat eman ziguten.Mercedes Castaños zuzendariarekin lan egin dugu; aurreneko aldiz, kanpoko begirada bat izanen dugu.Altsasuko Dora Salazar eskultorearekin ere lanean ari gara; maskarak egiten ari da. Istorio ezberdina izanen da, poetikoa, dramatikoagoa; identitateari buruz hitz egiten ari gara. Talde sorkuntza da. Gehiago sakondu nahi genuen, eta beste hizkuntza bat erakutsi.
Ahozko hizkuntza erabiliko duzue?
Ez, mutua izango da. Hori mantendu dugu. Baina, estetikoki, istorioaoso ezberdina izango da.
Ahozko hizkuntzarik ez izanda errazagoa da kanpora mugitzea?
Bai. Hori da gure ideia, atzerrian ere mugitzea, Frantzian adibidez. Baina ez da erraza, guk kontrolatzen ez dugun zirkuitu batean sartu behar baitugu. Obra berriarekin leku ezberdinetan probatu nahi dugu, ez bakarrik aretoetan.
Txori Garcia eta zu bertze konpainia batzuetan ibiliak zarete. Zergatik sortu zenuten Amico?
Amico 2014an sortu genuen. Iruñeko Harresi jaialditik deitu ninduten hiru pieza txiki egiteko; ni Txorirekin ibilia nintzen bertze konpainia batzuetan, eta elkartzea proposatu nion. Hiru obrak egin genituen, eta hirugarrena izan zen Amicoren hasiera. Gustatu zitzaigun, eta luzatzea erabaki genuen.
Nolakoa da bertze pertsona batekin lan egitea?
Oso aberasgarria. Kimika lortu dugu bien artean. Batek zerbait esaten du, eta besteak gehitu. Erraza egin zaigu elkarrekin lan egitea.
Nola ikusten duzu antzerkiaren egoera Nafarroan?
Oraindik uste dut kosta egiten zaigula. Batzuetan nahiko amateur gisa egiten dugu lan. Gure enpresa estrukturak ere oso xumeak dira. Erreferentzia gisa hartzen badugu Euskadiko eredua, han enpresa indartsuagoak daude. Sorkuntza indartsuagoa sortzen dute, diru aldetik ere posible dutelako. Gu hor gabiltza saiatzen, gure autokritika egiten. Beharbada gehiago arriskatu beharko dugu. Uste dut kalitatezko gauzak egiten ari garela.
ATZEKOZ AURRERA. Ion Barbarin. Aktorea
«Uste dut kalitatezko gauzak egiten ari garela»
Antzerki mutua egiten duen Amico konpainiaren parte da Barbarin. Gorputzarekin lantzen den antzerki fisikoa maite du. Gorputzak eta aurpegiak «zentralitate osoa» hartzen dute haren obretan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu