Julio Villar. Abenturazalea, ibiltaria

«Uste dut garai ederrean jaio nintzela, mundua oraindik mundu zenean»

Munduari itzuli bat eta erdi eman zion berak bakarrik belaontzi batean, bidaia eta ibilaldi luzeak egin zituen, eta oraindik hain ustiatuta ez zegoenean ezagutu zuen mundua Villarrek. Gaur egun, bidaia motzagoak egiten ditu, lasaitasunaren bila.

Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2017ko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun
Ez da erraza hitz bitan Julio Villar (Donostia, 1943) definitzea. Eskalatzaile izan zen gaztetan, istripu batek ildo horretatik aldendu eta nabigatzen hasi zen arte. 1968ko udaberrian Mistral izeneko belaontzian sartu, eta Bartzelonako portutik abiatu zen norabide jakinik gabe. Harian-harian, itzuli bat eta erdi eman zion munduari, eta, ostera, Eh Petrel! liburua idatzi zuen hango bizipenekin. Everest mendia igotzen saiatu zen Tximist lehen euskal espedizioko kide ere izan zen, eta, behin Nepalen zegoela, kamioiei, autobusei eta bestelako garraiobideei esker, Turkiaraino iritsi zen. Zenbait urte geroago, Oiartzundik (Gipuzkoa) oinez abiatu, eta Tarragonara (Herrialde Katalanak) iritsi zen, eta harekin Viaje a pie (Oinezko bidaia) idatzi zuen. Orain, Sua argitaletxeak liburu hori berriz argitaratu du euskal kanpin klubari esker.

Nola definitzen duzu zeure burua? Abenturazale, alpinista edo nabigatzaile gisa?

Horietako ezer ere ez. Nahiago dut ondotik igaro den gizontxo bat izan naizela esatea; egin nahi zuena egin duen pertsona deitzea; gazte zela amestu zuena egin duena, eta zahartu denean ere egiten jarraitzen duena. Gaztetan alegiazko bidaiak egiten genituela gurasoekin, anai-arreba guztiek manta batekin estaltzen genuen geure burua, eta bidaiatzea amets egiten genuen. Horrela hasi nintzen pentsatzen mundua bizitzeko moduko leku bat zela.

Bidaia bat beste batekin lotu izan duzula esan izan duzu?

Bai, baina orain bidaiak motzak dira, lehen luzeagoak ziren. Lehen, alde egiten nuen, eta ez nintzen agertzen bi edo lau urtean. Orain, joan, eta gehienera ere hilabete egoten naiz kanpoan.

Aldatu zarelako, akaso?

Pentsatu nahi dut ezetz! [Barreak]. Lasaiago joaten naiz orain. Urrun dagoena ezagutu dut, eta gertuago dagoena ezagutzen ari naiz orain.

Lehenengo urrunekoa, ondoren gertukoa ezagutzeko?

Bai. Baina iruditzen zait bidaiaren ideia banalizatu egin dela. Bidaiatzea askotan gauza arrunt bat bihurtu da. Ipar polora joan behar dela? Hor joaten dira. Beren zentzu sakratua gorde beharko luketen lekuetara edozein modutan joaten dira, gainera. Niretzat, mendia leku sakratu bat da, eta gaur egun mendira askotan iragarki gizon gisa joaten da jendea.

Eskalatzaile moduan hasi zinen, eta aitzindariak izan zineten garai hartan Euskal Herrian ez zelako halako eskalatzerik egiten.

Aitzindari kuadrilla bat ginen, bai. Hemen mendizaletasuna gauza lasai bat zenean, gu horma handiak eskalatzera joaten ginen. Neguan igoera zailak egiten saiatu ginen, baina ez genuen kasik sekula gora iristea lortu. Behera iritsi ginen beti, hori bai.

Eta zergatik hasi zineten halako igoerak egiten?

Nire logelan mendi batzuen argazkiak nituen: Tre Cime di Lavaredo, Dru, Eiger... Ezinezko mendiak ziren horiek, baina batzuek igotzen zituzten, eta nik ere egin nahi nituen. Horrela izan zen.

Alpeak, Dolomitak, Pirinioak... Denetariko hormak igo zenituen.

Garai hartan, Alpeetara joan nintzen bizitzera. Udan, kanpinean egiten nuen lo, eta, neguan, ganbara batean. Pare bat urte egon nintzen horrela. Batzuetan, sokarik gabe ibiltzen ginen, baina 19 urte nituen, horrek dakarren zentzugabekeria guztiarekin.

Istripu bat eduki, eta bi egun horma batetik zintzilik geratu zinen arte. Nola oroitzen duzu?

Bai, ibilbide bat amaitu zen niretzat. Egia esan, ez naiz asko gogoratzen. Beste bat banintz bezala gogoratzen dut, hau guztia distantzia handiarekin kontatu izan baitut. Lehendik esandakoak errepikatzen dituzu, eta, azkenean, egia bihurtzera iristen da.

Eta hortik bide berrien bila abiatu zinen Mistral belaontzian. Mendia ezin zenuelako egin; beste zerbait egin beharragatik?

Bai. Horri esker, bizitzeko modu bat topatu nuen: geldotasuna.

Hainbeste, ezen itzulerarik gabeko bidaia bat abiatu baitzenuen...

Tira, mundua borobila denez, Brasilekin birritan egin nuen topo. [Barreak].

Bartzelonatik abiatuta Brasilera bi aldiz iristea ez al topo egitea baino zerbait gehiago?

Bai, bidaia horretan Atlantikoa hiru aldiz gurutzatu nuen. Lehenengo, hemendik Ameriketara joan nintzen, eta, gero, itzuleran Afrikatik berriz ere Hego Ameriketara joan nintzen. Bidaia hori zoragarria izan zen... Nik uste dut mundu guztiak joan beharko lukeela gauzak bakarrik egitera. Dena da berezia.

Nabigatzeaz ezer jakin gabe abiatu zinen, eta Atlantikoa hiru bider gurutzatu zenuen?

Tira, denei deigarria iruditzen zaie hori, baina ez da ezer berezia. Ni eskalatzailea nintzen...

Eta korapiloak egiten zenekien, ala?

Korapilo batekin munduaren amaierara irits zaitezke! Edonola ere, ez zitzaidan iruditzen beste munduko ezer egiten ari nintzenik. Batzuetan beldurra izan nuen, noski, baina beldurra eduki behar zenean.

Itsasoaren erdian zu bakarrik zeundenean, esaterako?

Ez, horrek ez zidan arazorik sortu. Gozatu egin nuen, izugarri. Munduko errege sentitzen zara. Beste batzuetan, pertsonatxo txiki bat zara, eta pentsatzen duzu zer arraio egiten ari zaren hor. Baina, oro har, badaukazu halako euforia sentipen bat. Oso polita da bakarrik egotea.

Itzuli zinenean, Everesteko lehen espediziora ere joan zinen. Nola izan zen berriz mendira itzultzea?

Polita, lagunekin joan nintzen... Baina ez nuen berriz espedizioetara itzuli nahi izan. Hara joan, eta horren guztiaren atzean harrotasun handia zegoela iruditzen zitzaidan, dirua daukaten mendebaldeko batzuen kapritxo bat zela. Orduan, esan nion neure buruari ez nintzela itzuliko. Ziurrenik mendi asko galduko nituen, baina, gaur egun Himalaia dagoen bezala, ez naiz damutzen ez itzuli izanaz. Gurutzatuko nituzke berriz ere lurralde horiek, baina ez nintzateke tontorrera berriz igoko.

Mendia merkatu bihurtu da?

Gehiegi. Ez dakit dagoeneko mendiaren parte garen, ala harentzako kalte garen. Egia da, hala ere, oraindik badagoela modu askean dabilen jendea.

Zuk horrela jarraitzen duzu, modu askean?

Horretan saiatzen naiz. Batzuetan, ariketa gisa Eh Petrel! edo Viaje a pie liburuei begirada bat ematen diet, ikusteko liburu horiek idatzi zituen mutiko hura ote naizen oraindik.

Eta haren antza duzu?

Nik uste dut baietz. Nire egoera aldatu da, baita bizitasuna ere, baina, finean, uste dut baietz. Hala izango ez balitz, pena hartuko nuen. Halere, pertsonaia bihurtzearen arriskua ere badut, duela zenbait urte egin nuen horren isla izatea soilik. Baina saiatzen naiz gauzak bere lekuan jarri eta mutiko hartatik zer geratu den ikusten. Nire geografia murriztu egin da orain, baita nire ibilaldiak ere. Ez da gauza bera 20-30 urte eduki edo 70 urtetik gora. Orduan, saiatzen naiz neure burua kokatzen. Orain abiapuntura itzultzen naiz.

Lehen ez bezala...

Tira, lehen itzultzen nintzen, baina denbora luze baten ondoren! [Barreak]. Nepalera joan, eta urte bat egon nintzen, nabigatzen kasik bost urte. Bidaia motzagoak ere bai, baina gutxienez sei hilabetekoak izaten ziren.

Ingurukoek esango zizuten: «Bazoaz, baina ez dakigu noiz itzuliko zaren!».

Tira, orain ere motxila prest edukitzen dut, eta edozein unetan abiatzen naiz. Baina bidaiak motzagoak dira, gertuagokoak. Pirinioaurrea asko gustatzen zait, nire jatorrira itzultzea bezala baita. Pirinioaurreak eta Pirinioak nire Tibet direla esan daiteke.

Zein sentipen izaten dituzu ibilaldi horietan?

Lasaiagoak. Begiratzeko modua ere aldatu zait; lehen jaramonik egiten ez nien gauzekin gozatzen dut orain. Lehen, horma handiak eskalatzen gozatzen nuen, eta, orain, mendian lo eginez gero, zoriontsu naiz; edo, herri txiki batera oinez iritsita.

Erreferenteak aldatu zaizkizula esan daiteke?

Bai, lehen alpinista edo nabigatzaile handiak ziren niretzat eredu. Baina, orain, mendiko artzaina edo herriko emakume zaharra dira. Jendearekin hizketan geratzea gustatzen zait, eta topatzen dudan jendearekin joaten naiz mendira askotan. Edo nire bikotekidearekin eta alabarekin joaten naiz bidaiatzera. Bidaia txikiagoak, gauza berberak topatzeko.

Zer lortu nahi duzu?

Gustura egotea. Gustura egoten naiz, eta topaketa oso ederrak izaten ditut. Basoak, natura edo herrixkak nire aliatuak dira orain.

Duela hamar urte inguru, Tarragonako zure masiaren inguruan egin behar zuten parke eolikoaren aurka borrokan aritu zinen. Paisaia babestu nahi izan zenuen?

Hala da. Oinordetzan jaso dugun paisaia lapurtzen ari zaizkigu, eta ez dakit zein eskubiderekin. Energia beharrezkoa da, ados, eta baita garbia izan dadila baita. Baina horiek garbiak dira hein batera arte, sekulako txikizioa egiten baitute mendietan. Lanak atzeratzea lortu genuen, eta gero krisia iritsi zen. Oraindik ez dituzte errota horiek jarri, baina edozein momentutan itzuliko dira.

Krisia ongi heldu zitzaizuen alde horretatik?

Bai, baina jarri nahi badute, jarriko dute, boterea direlako. Ez dute errespeturik ezerekin. Esaten dute energia nuklearraren alternatiba dela. Ados, baina zergatik ez dugu gutxiago kontsumitzen? Irtenbide bat izango litzateke.

Bizi eredua aldatzea, hain zuzen.

Bai, eta hor gizarte osoak hartu behar du parte. Alde horretatik, hor nahiko ezkorra naiz. Beldurra ematen dit ikusteak mundua nora doan. Nik uste dut oso garai ederrean jaio nintzela, mundua oraindik mundu zenean; uharte batera iritsi eta ez zen inor egoten. Begira mundua zenbat aldatu den ehun urtean! Ipar eta Hego poloa XX. mende hasieran ezagutu zituzten; Zeelanda Berria, duela 150 urte. Ukitu gabeko mundu bat genuen lehen, eta mundu malapartatu bat bihurtu da orain.

Garai eder batean bizitzea tokatu zitzaizun. Probetxua atera al zenion horri?

Nik uste dut baietz. Mendi batera joan, eta bakarrik egon zintezkeen lehen. Orain ez.

Egun munduari itzulia emango bazenio, zer topatuko zenuke?

Gauza ederrak topatuko nituzke. Mundu eder bat topatuko nuke, baina, horretarako, inor ez dagoen lekuak bilatu beharko nituzke. Bidaia agentzia batera joan, eta galdetuko nuke nora joan behar den, leku horietara ez joateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.