Zeledonen itzalean

Usain eta zaporeen topalekua

Euskal musikak eta arabiar erritmoek bat egiten dute Juan Ayala plazan. Intsentsu eta janari usainak erakartzen ditu bisitariak.

Usain eta zaporeen topalekua.
Gasteiz
2013ko abuztuaren 10a
00:00
Entzun
Txaranga eta buruhandiak gora eta behera dabiltza hiriaren erdiguneko kale eta plazetan barrena. Eguerdiko hamabiak dira, eta bazkalaurretik ohiko paseoa ematen dute gasteiztarrek. Bien bitartean, hain ezaguna den Andre Maria Zuriaren plazatik kale pare bat jarraituz kartel handi batekin egiten du topo jendeak. Arabiar Azoka jartzen du kalean dagoen olanean.

Azokara daraman bideari jarraituta, Juan Ayala plazako kontrasteek, produktu eta ikuskizun berriek arreta pizten dute. Ondoko plazan umeak Gargantuatik salto egiteko ilaran dauden bitartean, Arabiar Azokako postuak ikusmiraz begiratzen ditu jendeak. Plazako izkinetan bozgorailuak jarri dituzte. Arabiar erritmoek Afrika eta Asiako tokiak ekartzen dituzte gogora. «Badirudi kalea gurutzatzearekin batera Marokora bidaiatu dugula», esan du han inguruan dabilen Manuela Delgadok.

Kolore askotako oihalek plazaren goialdea apaintzen dute, arabiar herrialdeetako estiloari jarraiki. Zorua tamaina handiko tapizek estaltzen dute, eta ume kuadrilla batek atseden hartzen ari da itzalean dagoen horietako alfonbra batean.

Plaza inguratzen duten saltokiek produktuen aniztasun handia eskaintzen dute. Emakumeak hurbiltzen dira, batez ere, distira sortzen duten harrien postura. Juan Alegriaren postua da. Eskumuturrekoak, zintzilikarioak, belarritakoak eta harriak saltzen ditu. Postuaren izkina batean harrien esanahia azaltzen duen kartel batekin egiten dute topo interesdunek. Hala ere, Alegriari harri bakoitzaren funtzioa azaltzea gustatzen zaio. «Odolaren zirkulazioan laguntzen du harri hauekin eginiko eskumuturrekoak, zuek hementxe frogatu». Alegriaren arabera, bere postura etortzen direnen artean gehienak emakumeak dira, eta uste du ezaugarriak dituzten harriak ikusmira sortzen dutela baina jendeak orokorrean ezjakintasun handia duela.

Metro pare bat urrunago dagoen saltokitik askotariko usainak datoz. Maria Vivasen usainen txokoa da. Intsentsua, xaboiak eta kolonia ugari daude bertan. «Lehen aldia da azoka honetan parte hartzen dudala, eta harritu egin nau, onerako. Jendea oso parte hartzailea da», dio Vivasek. Haren txokora adin eta sexu askotako jendea hurbiltzen da. Vivasen arabera, intsentsua gero eta gehiago erabiltzen da gure inguruan. Nahiz eta dendari batzuk arabiarrak ez izan, jaki zein beste produktu guztien jatorria arabiarra da.

Kalez kale jai giroaz gozatzen dabiltzanentzat, ahora zerbait eramateko ordua iritsi dela dirudi. Haragi usaina dario plazan zehar zabaltzen den keak. Alde batean eta bestean pintxo mairutarrak eta kebab egin berriak saltzen dituzte. Itzalean eta eserita bazkaltzeko haimak daude. Kontrasteak berriro ere arreta deitzen du; neska eta blusen kuadrilla bat dago zirkuluan eserita horietako haima baten barruan. Arabiar produktuak jaten eta tea edaten ari dira. Postre gozoak saltzen dituzten saltokiak ere badaude. Produktu izarren artean Baklava eta kanelazko marokoar gailetak daude, besteak beste.

Ekialdeko ikuskizunak

Horrez gain, goizetan zein arratsaldetan, plazaren erdian dagoen agertokian askotariko ikuskizunak antolatzen dituzte. 13:30 aldera, Glykon suge-sorgintzaileak ikusmira sortu du publikoaren artean. Dantzarako tartea ere eskaintzen du ekialdeko dantzen ikuskizunak, Giselaren eskutik. Jendea inguruan dauden alfonbretan eseri da, ez baitago aulkirik. Ikusleek jarrera parte hartzailea dute, eta gauza berriak probatzeko beldurrik ez dutela dirudi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.