Bihar egingo dute herritarrek asko maite duten Euskal Jaia Zarautzen (Gipuzkoa). Usadio zaharrari eutsiz, baserritar gonak, galtzak, alkandorak, zapiak eta abarketak jantzita irtengo dira kalera herritarrak eta kanpotarrak.
Jaiak euskaraz bizitzeko eta ospatzeko egitarau zabala antolatu dute, beste urte batez, biharko. Goizean goiz emango zaio jaiari hasiera, goiz eresiarekin, eta, hortik aurrera, herritarrek eta bisitariek izango dute zertaz gozatu, egun osoan: besteak beste, Alproja taldearen emanaldiak, erromeriak, dantzak eta kalejirak hartuko dute herria.
Eguneko ekitaldirik garrantzitsuenetako bat eguerdian izango da, Munoan: Alproja antzerki taldearen emanaldia. Zarautz 2016: Kultura herriburua antzezlana eskainiko du herritarrek osatutako taldeak. Donostiako Kultur hiriburutzaren aitzakian, Zarautz kultur herriburu moduan nolakoa izango zen irudikatuko dute, umorea lagun.
Eguneko beste ekitaldi garrantzitsu bat arratsaldean izango da: ohi bezala, erromeria egingo dute Iñurritzako zelaietan. Aurretik kalejiran joango dira musika plazatik abiatuta, 17:30ean.
Euskal Jaia bihar den arren, gaur ere egongo da zertaz gozatu, Zarautzen. Kantu jiraren eta Zarauzko Abesbatzaren emanaldiaren txanda izango dagaur. 19:00etatik aurrera izango dira horiek. Egun hauetan ere izan dituzte hainbat ekitaldi, Euskal Jaia girotuz joateko. Dantza, bertsolari eta trikitilari txapelketak egin dituzte, besteak beste.
Historia handiko jaiak
Badira urteak Zarautzen Euskal Jaia ospatzen hasi zirenetik. 1924an egin zuten lehenengo aldiz Euskal Jaia Zarautzen. Nekane Iribar (Zestoa, Gipuzkoa, 1964) Zarauzko Udaleko komunikazio arduradunak azaldu duen moduan, Flores Kaperotxipi margolariari bururatu zitzaion festa egiteko ideia. Helburua udara luzatzea izan zen. Herritarren laguntzaz aurrera atera zuen Euskal Jaia, eta ordutik bizirik jarraitzen du.
«1936. urtera arte oihartzun handia izan zuen festak. Karrozalehiaketak egiten zituzten, euskal ohiturak irudikatuz. Erromeria giro ederra egoten omen zen», azaldu du Iribarrek. Ondoren, 1936ko gerra garaian, geldiune bat izan zuen festak, urte batzuetarako. 1950eko hamarkadan, indar gutxi zuela eta, Goiztiar taldea Euskal Jaiaren goiza biziberritzen hasi zen. 1960ko hamarkadan, berriz, euskal astea eta haurren eguna egiten hasi ziren; gaur egun ere martxan diraute, hain zuzen. Egun horiekin batera hasi ziren trikitilarien, txistularien, bertsolarien eta dantzarien lehiaketak egiten. «Txistularien txapelketa izan ezik, beste lehiaketek jarraitzen dute», nabarmendu du komunikazio arduradunak.
Horrez gain, garai hartako euskal esentziak bere horretan jarraitzen duela azpimarratu du Iribarrek: «Urtez urte, jendeak jarraitzen du festara etortzen. Herritarrak baserritar jantzita irteten dira kalera, eta euskal giro horrek berdin jarraitzen du herrian».
Jendetzaren esperoan
Urteak aurrera joan ahala, txistularien txapelketaren kasuan bezala, karrozen lehiaketaren indarra ere ahulduz joan da, ordea. Duela urtebete lehiakiderik ez zela egon azaldu du Iribarrek. «Urteak pasatu ahala, gero eta jende gutxiagok parte hartzen zuen lehiaketan, eta, azkenerako, lehiaketa kendu egin dute», adierazi du Iribarrek.
Garai bateko karroza lehiaketaren tradizioari eutsi nahi izan diote, ordea. Horregatik, orga lehiaketa egingo dute aurten, formatu txikiagoan. Azken urteotan supermerkatuko karroen inguruan gertatzen denaren inguruko kritika egin du Xabier Txurruka Zarauzko alkateak: «Kaleko edana egiteko karro horiek erabiltzea baino plan hoberik eskaintzen digu festak».
Orga lehiaketan, 300 euroko saria eramango du irabazten duenak. Horrez gain, 150 euroko hamaika sari daudela azpimarratu du Iribarrek.
Iribarrek nabarmendu du aurtengo Euskal Jaia ostirala eta jaieguna izanda herrira jende asko gerturatzea espero dutela: «Asteburuaren aurretiko eguna da, gainera».
Orga lehiaketan ere jendeak parte hartuko duela uste du: «Lehenengo urtea izanda, zaila da jende asko animatzea, baina jendea animatuko dela uste dut. Ea urteetan indarra hartuz joaten den. Izan ere, ohitura denborarekin egiten da».
Komunikazio arduradunak jendeari eskatu dio herria eta herritarrak ondo zaindu ditzala. «Errespetua eskatzen dut. Errespetua jendeari eta herriari. Garbitasuna ere errespetuan sartuko nuke, herria denona baita». Horrez gain, jaiak euskaraz bizitzeko deia ere egin du.
Txurrukak Zarautz herri euskalduna dela azpimarratu du, eta jaiak euskaraz bizitzeko deia egin du hark ere. Jai alaiak, baketsuak eta eraso sexistarik gabekoak bizitzea eskatu du: «Errespeta ditzagun festa giroa eta haren oinarria diren ohiturak eta bizilagunak, eta, bide batez, gure herriari eta ohiturei diegun maitasunaren erakusle izan gaitezen guztiok».
Euskal jaiak Zarautzen
Usadio zaharrak, berri
Euskal Jaia egingo dute bihar Zarautzen. Antzerkiak, dantzak, erromeriak eta kalejirak hartuko dute herria, besteak beste. Lehendabiziko orga lehiaketak ere izango du tartea, eguerdian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu