Patxi Amezkua. Gidoilaria eta zinemagilea

«Urtubiaren gertukoei gustatu zaie filma»

Netflixek Lucio Urtubiaren bizitzari buruzko filma estreinatuko du gaur: 'Un hombre de acción'. Amezkua da gidoilaria, eta azaldu du Urtubiaren bizitzeko moduari eta pentsamenduari fidelak izatea funtsezkoa zela.

BERRIA.
urtzi urkizu
2022ko azaroaren 30a
00:00
Entzun
Kazetaritza ikasi ostean, gidoigintza ikasketak Los Angelesko (AEB) UCLAn egin zituen Patxi Amezkuak (Iruñea, 1968). Juan Sebastian Elkanoren mundu biraren gaineko Sin límites telesaileko gidoilarietako bat izan zen. Lucio Urtubia bera (Cascante, Nafarroa, 1931-Paris, 2020) ezagutzeko aukera izan zuen, eta urteak dira hari buruzko telesail bat edo film bat idazteko gogoz zebilela.

Un hombre de acción Netflixen ikus daiteke jada, baina ez dute zinema aretoetan eman.

Bai, gaur egungo formula hori da. Beti da polita pelikula zineman ikustea, baina abantaila da mundu osoan ikusi ahalko dutela.

Gidoian zein ziren zure premisa nagusiak?

Benetako gertaeretan oinarrituta dauden film gehienetan bezala, saiatzen zara espirituarekin fidela izaten. Urtubiak 1960ko eta 1970eko hamarkadetan Parisen bizi izandakoak kontatzen dira bereziki, eta haren istorioaren hari garrantzitsuenek agertu behar zuten. Logikoki, gauza batzuk bidean galtzen dira, eta beste batzuk egokitu behar dira film bat egiteko. Lucioren bizitzeko moduari eta pentsamenduari fidelak izan behar genuen.

Filmaren hasieran, Josean Bengoetxeak interpretatzen duen pertsonaiak mural batzuetan anarkismoaren pertsonaia historikoak azaltzen dizkio Urtubiari. Ikuslea anarkismoan murgiltzeko modu bat al da?

Sarrera bat da ikuslearentzat. Baina Luciorentzat ere hala izan zen: Parisera iritsi zenean, igeltsero lanetan hasi, eta Espainiatik joandako erbesteratu anarkistek erakutsi zioten zer zen anarkismoa. Muralena joko estetiko bat da, baina kasik horrela izan zen.

Urtubia akzio gizona zen, filmeko lerroburuak dioen moduan.

Bai, nik Lucio ezagutu nuenean, gauzak berehala egin nahi zituen, luzamendurik gabe. Jabetu nintzen berea hori zela: «Egin ditzagun gauzak, eta ez ditzagun buelta gehiago eman». Banku bat lapurtu behar bazen, ba, hala egin izan zuen bere bizitzan.

Filmak aukera eman dezake Urtubia mundu osoan ezaguna izan dadin, ezta?

Bai, zalantzarik gabe. Liburuek zirkuitu murritza zuten. Lucio dokumentala [Aitor Arregi, Jose Mari Goenaga, 2007] zoragarria da, eta Urtubia mapan jarri zuen. Netflixeko filmak, berriz, aukera eman dezake haren bizitza eta obra toki guztietan ezagutua izan dadin. Lucio bakana egiten duen istorioa City Bankeko txekeen faltsutzea izan zen.

City Bankekoen istorioa filmaren klimaxa dela esan daiteke?

Bai, erabat. Luciok ondotik jarraitu zuen gauzak egiten, baina filmaren jomuga City Bankeko txekeen abentura da. Cascanteko [Nafarroa] igeltsero batek munduko banku garrantzitsuena kinka larrian jartzea sekulakoa da.

Urtubiaren gertukoek ikusi al dute filma?

Lucioren alabak eta emazte ohiak ikusi dute, eta, esan didatenez, gustatu zaie. Asko lasaitzen nau hori jakiteak.

Pelikula dibertigarria izatea zenuten buruan.

Batez ere entretenigarria izatea. Luciok bizi izan zituen abenturek ematen dute horretarako. Istorio asko gelditu dira kanpoan. Adibidez, filmean talde txiki batean aritu zela ageri da, baina bere bizitzan mila lagunekin aritu zen.

Ez al dira gelditu gehiegi sakondu gabe Urtubiak diruz laguntzen zituen mugimendu iraultzaileak?

Bai, horrek beste film baterako edo telesail baten atal baterako eman dezake. Soldaduskan lapurretan nola aritzen zen eta muga nola pasatzen zuen ere konta zitekeen beste film batean. Pasaporteen faltsutzearen gaia sartu dugu filmean; haren emazteak josi egiten zituen pasaporte haiek.

Nahiz eta istorioak zerikusirik ez izan, Netflixen sekulako arrakasta izan du boteretsuei dirua lapurtzen dieten pertsonaia batzuen telesailak: La casa de papel. Ba al da paralelismorik?

Paralelismoa zera da: elefantearen aurka borrokatzen den arkakusoa, eta nola txikiak garaitu egiten duen handia. Hori beti da esker onekoa ikuslearentzat: identifikatu egiten da txikiarekin.

Zein izango da zure hurrengo filma?

Asturiasen [Espainia] grabatu dugun thriller politiko bat. Zuzendaria ere banaiz, eta martxoan estreinatuko du Netflixek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.