Euskal musikaren entziklopedia sortzeko asmoarekin jaio zen Badok ataria, 2009an, Jon Eskisabel kazetariaren gidaritzapean. Euskal musika atariak hamabost urte bete ditu aurten, eta hori ospatzeko elkartuko dira larunbatean Hendaiako (Lapurdi) Borderline fabrikan. Bestaren helburua, Badok-eko gaur egungo arduradun Gorka Erostarberen arabera, «euskal musikaren inguruan gorpuzten den komunitatea elkartzea» da. Jaialdirako sarrerak BERRIA dendan eros daitezke: www.berria.eus/komunitatea/denda.
Larunbatean hiru bikote igoko dira Borderline fabrikako oholtzara. Erostarbek azaldu du ekitaldia antolatzeko sortu zuten zerrenda luzean aukera nagusietako bat zela Borderline fabrika: «Mugan dagoenez, bi aldeetara begiratzeko aukera izatea oso egokia iruditzen zitzaigun; Ipar Euskal Herrira eta Hego Euskal Herrira begira egongo gara».
Kalean hasiko da musikaren besta, 12:30ean, Ahots Hutsez-en eta Arkaitz Minerren eskuz. Musikak gauarekin duen harremana apurtzeko asmoz, eguerdian hasiko da besta, eta arratsaldera arte iraungo du. «Musikak beti lotura izan du gauarekin, baina probak egiteko aukera polita zelakoan eta beste giro bat sortzeko asmoz eraman genituen eguerdira», azaldu du Erostarbek.
Oholtzan egongo da IbonRG, 16:30ean, kasu horretan bakarrik, Mursego ezingo delako jaialdira joan. Larunbateko azken kontzertua 17:30ean izango da, Ibil Bediren eta Ke Leporen eskutik. Kontzertuen ordena ere kontuan hartu du arduradunak: «Musikaren esparru gehienak elkartu nahi genituen. Kantu hutsetik biolin bat sartzen da, arratsaldean beste instrumentu batzuk sartuko dira. Pop-rockera goaz, eta ondoren musika elektronikoa sartuko da. Badago ibilbide bat, eta hori nahi genuen transmititu».
Musika fauna
Bikoteka egingo dituzten abestiak beste talde batzuen bertsioak izango dira. Hala ere, ezin da edozein bertsio aukeratu, Erostarberen ideia izan baitzen kantu bakoitzak animalia bat izatea oinarri gisa: «Uste nuen polita izango zela ardatz bat bilatzea. Gure kantutegi zabalean asko dira animaliak aipatzen dituzten kantuak, eta iruditu zitzaidan polita izan zitekeela aukeratzea animaliaren bat aipatzen zuen edozein kantu, eta artistek horren bertsio propioa egitea».
Horren ondorioz, hamabosgarren urteurrenak Gure musika fauna izena hartu du. Bikote hauek parte hartuko dute proiektuan: Ahots Hutsez eta Arkaitz Miner; Ibil Bedi eta Ke Lepo; Mice eta Moxal; Benizze eta Odei; eta Ibon RG eta Mursego. «Azken finean, hori delako gure musika fauna eta gure musika komunitatea», azaldu du Erostarbek. Artistek egindako bertsioak Badok-en jarriko dituzte hurrengo asteetan.
Arduradunak argitu du musikariak aukeratzeko orduan irizpideak «zabalak» izan zirela: «Euskal musikan momentu honetan aberastasun handia dago. Taldeen arteko sinergia bilatzen saiatu ginen». Erostarbek azaldu duenez, Badok-ek normalean egiten duen gordailu lan horietatik atera eta zerbait «berria» sortu nahi zuten, erakusleiho lanetik urrun.
Urteurrenaren ospakizuna larunbatean hasiko da, baina bigarren zatia Durangoko Azokarekin elkarlanean egingo dute. Abenduaren 7an amaituko da Gure musika fauna, zuzeneko kontzertuekin. Hasteko, Micek eta Moxalek emango dute kontzertua, eta, ondoren, Odeik eta Benizzek. «Musika genero anitzez gozatzeko aukera izango da», esan du Erostarbek. «Oraindik badago estigma bat euskal musikari dagokionez, baina euskal musikak dena hartzen du».
Hamabost urteko ibilbidea ospatzeko elkartuko dira larunbatean, atzera begira, baina etorkizuna ahaztu gabe. «Kontuan hartzen da egindakoa, baina hori transformatu egiten da; bertsioak, azkenean, hori dira. Etengabe transformatuz goaz jatorrizkoa ahaztu gabe, eta gauza berriak sortuz».