Asteburuko proposamenak

Urteurrena iragarriz

Iruñeko Arturo Campion euskaltegiak 'Txupinazoa' eginen du gaur; 50. urteurreneko lehen ekitaldia da. Kalejiran ibiliko dira, Alde Zaharrean

Kinbonbo brass banda Iruñeko karriketan barrena jotzen, artxiboko irudi batean. IÑIGO URIZ / FOKU.
Iker Tubia.
2022ko otsailaren 26a
00:00
Entzun
Sanferminik izanen denetz ez dago erabat argi, baina txupinazoa izanen da; otsailean, gainera. IKAren Iruñeko Arturo Campion euskaltegiak 50 urte bete ditu aurten, eta ez dute nolanahi ospatuko urteurren borobila. Gaur abiatuko da ospakizuna, txupinazoarekin. Comedias karrikako 14.ean bilduko dira, euskaltegiko atarian, kalejira bat egiteko. Bidelagunak ez dira nolanahikoak: Irati Majuelo eta Sustrai Colina bertsolariak ariko dira IKAko irakasle eta ikasleekin batera, baita Kinbonbo brass banda ere.

Aurkezpen ekitaldia izanen da gaurkoa, 50. urteurrenaren berri zabaltzeko. Txupinazoa denez gero, balkoi batetik abiatuko dute eguna: euskaltegiko balkoitik, noski. Lehenbizi, Arturo Campionekoek hitz eginen dute, eta, ondoren, bertsolariak ariko dira. Ez dira anitz luzatuko horretan; berehala ekinen diote karrika dantzari. Euskaltegiko maskota karrikara aterako da lehenbiziko aldiz: Arturo Campion idazle iruindarraren itxura duen kilikia. Aurrerantzean Iruñeko euskaltegiak antolatzen dituen ekitaldietarako eta kanpainetarako baliatuko dute buruhandi berria.

Zaldiko Maldiko elkartea izanen dute lehenbiziko geltokia. Han mokadutxo bat hartzeko parada izanen dute. Ondoren, Nabarreria eta Estafeta karrikak zeharkatuko dituzte, Gazteluko plazara ailegatu arte. Laban bukatuko da besta. Bestarako prestatzeko, urteurreneko kanta aurkeztu zuten herenegun Euskalerria Irratian. Kasu taldea arduratu da Arturo Campion euskaltegiaren bestari doinua paratzeaz.

Ekitaldi gehiago

Txupinazoek besten hasiera iragartzen dute beti, eta gaurkoak ere halaxe eginen du; izan ere, zenbait jarduera antolatu dituzte ikasturtea bukatu bitarte. Martxoaren 5ean, kontzertu berezia eginen dute Baluarte auditoriumean. Iruñeko Orfeoiko Gazte Abesbatza, Hutsun txalaparta taldea, Ortzadar dantza taldea eta Teatrolari antzerki eskola arduratuko dira ikuskizunaz. Aurrerago, 50 urte, hamaika istorio liburua eta izen bereko dokumentala ere plazaratuko dituzte. Liburuaren aurkezpenak badu data: martxoaren 10ean izanen da, 19:00etan, Laba aretoan. Urteurreneko besta nagusia maiatzaren 21ean eginen dute, egungo eta lehengo ikasle eta irakasleak bilduko dituen bazkari eta guzti. Bestelakoak ere izanen dira, noski.

Iruñeko Arturo Campion euskaltegia 1972an sortu zen, aurretik Gurutze plazako institutuan euskara eskolak ematen zituzten lagunekin. Compañia karrikan hasi zen ibilbide hura, etxebizitza batean, eta plaka bat paratuko dute han, maiatzaren 21ean, besta nagusiaren egunean. Orduz geroztik, hamaika lagun ibili dira Alde Zaharreko egoitzan euskaraz hitz egiten ikasten eta euskaraz gozatzen.

Txupinazoa



Gaur, 12:30ean, Comedias karrikatik abiatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.