Zuhaitzen artetik ermitaren punta agertu denean lasaitua hartu du aitak: «Begira, hor dago», erran dio kexu den alaba txikiari. Maldan behera zihoazela gizon baten ahotsa aditu da mikrofonotik; geroago jakin dute pilota partida aurkezten ari zela. Errekara ailegatzen ari dira, eta, beraz, herrira ere bai. Begi handi dirdiratsuz egin die alabak aitaren behatzei tira: «Txorizo usaina dago, aita». Kolpetik ahaztu ditu igotako malda denak.
San Agustin eguna ospatu dute gaur Artikutzan; urteroko geltokia da jende anitzentzat. Goizuetatik bertatik (Nafarroa) —Artikutza Goizuetako lurretan egon arren, Donostiako Udalarena da egun— eta mugako herrietatik oinez iritsi dira gehienak: Oiartzundik (Gipuzkoa) eta Lesakatik (Nafarroa). Batzuk «urteroko seinalea» egitera, bertze batzuk «giroa ikusi eta etxera», eta bertze zenbait presa berezirik gabe: «Datorrena datorrela».
Erreka bazterreko petrila da gaurko eserleku nagusia; lehendik, baina, jatekoa eta edatekoa hartuta. Bi ostatu jarri dituzte frontoiaren alde banatan, eta atsedenerako tarte handirik ez da bakar batean ere. Txorizo pintxo bana hartu dute aita-alabek. «Kaña bat ere jarridazu, mesedez». Pintxoa eta edatekoa esku artean, petrilean eseri dira biak, ondoan jende andana dutela. Taloaren alde egin dute ondokoek, Ataungo (Gipuzkoa) talogileen postua dago-eta errekaren ezkerreko aldean. Deskantsua egin ondotik, «buelta bat ematera» abiatu da gazte kuadrilla bat. Frontoia gibelean utzita eta errekaren eskuin aldetik, postuen ilara luzea dago. Idiazabal gazta, gozo postua, ukenduak eta sendabelarrak, belarritakoak, eskuz egindako jantziak eta txalaparta txikiak, bertzeak bertze. Behin hara joanda, motxila bete behar: «Gazta zati bat, mesedez», eskatu dio. Konturatzerako, laguna gibeleko postuan dago, euskal pastela eskuan. «Ez dakit etxeraino iritsiko den».
Artisau ilara
Gaurko zenbaitek lehendabiziko aldia duen arren, bada urtero joaten denik ere: «18 urte ditut, eta hamaseigarren urtea dut hemen», kontatu du Larraitz Eugik. Postuetan ere «betiko» jendea aritzen da; hala argitu du Nagore Intxausti artisauak. Artikutzara etortzen zenbat urte daramatzan ere zail zaio oroitzen: «Zenbat urte daramatzagu hemen, Ekaitz?», galdetu dio kideari. «Hamapiko, hama... asko», erantzun dio. «Gu hona etortzen gara egoera edozein dela ere: euria ari duenean, bero sapa handia dagoenean, ekaitza dagoenean...», dio Intxaustik. «Egun hau oso errotuta dago jendearentzat, eta badira asko urtero-urtero etortzen direnak, eguraldiari kasurik egin gabe». Artisauak dio «oso azoka ona» dela eurentzat, eta gainera «ondo» pasatzen dutela. «Artisauok familia bat gara hemen». Egun osoan aritzen dira postuetan lanean, eta gerizpean dauden harrizko mahaietan egiten dute hamaiketakoa, gosaria eta bazkaria; etxetik ekarritakoekin eta bertan erositakoekin. Bazkalondoko tertulien ondotik, 19:00etan, erromeria izanen dute.