Tonban ehortzirik (eta V). Nikolasa Atxikallende Iturri

«Urtero etortzen dira Sabin omentzera, baina niri ez didate kasurik egiten»

Sabino Polikarpo Arana Goiri izan zen gizona. Andrea, Nikolasa Atxikallende Iturri. Ez dira urte asko jakin duguna.

Nikolasa Atxikallende Iturri eta Sabino Arana Goiri ezkon aurreko argazkian, 1899an. -.
Miel Anjel Elustondo
Sukarrieta
2023ko abuztuaren 27a
00:00
Entzun

Inondik ere, arrazoi du Edorta Jimenez idazleak: «Hezur-haragizko Nicolasa de Achicallende ez da inoiz existitu... Arana Goiriren ideiak aztertu-edo egin dituztenentzat». Jimenezen 'Nikole bijotzekue' liburua hartu, eta sartu gaituzue Sukarrietako hilerrian.

bihotza kargaturik
begiak bustirik
eta zure alaba
[harri zuri finezko]
tonban ehortzirik

Barkatu baldarkeria, Atxikallende andrea, baina oraindaino arte ez dut jakin Sabinoren erretratu beti-betiko hori zuen bion ezkontzakotik ateratakoa dela...

Ai, kokoloa! Ez duzu jakin? Gure ezkon aurreko erretratua duzu hori, baina ni kenduta! Ez niri itaundu nork edo zergatik egin zuen hori, ni erretratutik kendu, gura dut esan. Baina holaxe dira gauzak… Eta jabetu zara zelako begirakune lasaia, zoriontsua, daukan Sabinek? Batzuek uste izan dute aberriagatik zela, baina erratuta daude, huts egiten dute. Egia esan, horretan ere zuzen dago gure Edorta [Jimenez], «...gizona [Sabino, erretratu horretan] ez zegoen aberriaren balizko etorkizun utopiko edo ez hain utopikoari begira, haragizko Nikoleri baino». Edorta [Jimenez] mutil horrek jakin!

Zuen Edorta Jimenezi irakurrita dakit Sabino Sukarrietara etorri ohi zela…

Gure etxeak izena zeukan Abina, Sukarrietan, eta ostatua ere bazen, eta txakolindegia. Jendetza zebilen garai hartan paraje hauetan. Abinagako San Antonioren ermita egin zuten, eta Bermeoko jendea-eta eurrez etortzen hasi zen. Gero, trena ere ipini zuten Bilbotik honaino, eta hotelak eta bainuetxeak ere atondu zituzten. Bilboko señoritoek-eta lekua ederretsi zuten, gura dut esan, eta, besteak beste, ehiztariek: Sukarrietara etortzen ziren, eta hemendik joaten ziren Kanalara… Egun baten, soloan beharrean ni, gizonezko batek hots egin zidan: bilbotar airea zeukan. Zen beltzarana, bizartxoa zeukan, burua soiltzen hasitakoa... Señoritoa! Ez nion ordukoan kasurik egin. Sabin izan zen!

Geroko baten bai, horratik!, aintzat hartu zenuen gizonezko hura.

Sabinen ehiztari kuadrilla Kanalara joaten zen basurdetan, eta, egun baten, basurdea harrapatu zuten, baina bizirik ei zegoen, eta bizirik ekarri ei zuten Kanalatik Sukarrietara. Zorakeria horretan parte hartu zuen gure aita Jose Marik, eta parte hartu zutenen artean zegoen Sabin. Eta hau eta hura, gure aitak Sabini gure etxea eskaini zion, apopilo egoteko. Zerbitzari ipini zion, berriz, nire ahizpa Monika, eta Sabini Monika gustatu! Monikaren alaba Mariak kontatzen ei zuen amari entzunda, gura dut esan, Sabinek Monikarekin ezkondu gura izan zuela, baina kalabazak eman zizkiola. Edo baliteke ordurako Mungiako okinak Monika pretenditzea ze gero harekin ezkondu zen, eta horregatik esatea Monikak ezetz Sabini. Momentu baten, Sabinek niri begiratu zidan, eta nik ez nion ukatu…

'Sabin' diozu behin eta birritan eta askotan. Baina hura 'Sabino' zen bataio-harrian: Sabino Polikarpo.

Bai, eta ni Nikolasa, beraren amaren modura!... Baina berak ez zuen gura izan inork berari Sabino esatea, Sabin baino! Karta eskribitu zidan, erdaraz, baina nik euskaraz esango dizut: «Ez niri Sabino esan, Sabin baino. Nire izenak euskaraz gozotasun berezia dauka zure ezpainetan. Zure izena ere idatzi beti k-z». Beste baten, eskribitu zidan: «Aizu, Kokotzi, zergatik esaten didazu Sabino? Ja ez naiz Sabin?». Ai, nire Sabino, edo Sabin! Halakoxea zen! Bizi guztian betiko lepotik ibili zuen burua… Egun baten, Kanalako jaietan, bandera orain ikurrina esaten diozue, ipini zuten Kafranga etxean, ehiztariak egoten ziren ostatuan. Espainol izan gura ez zutenek ipini zuten. Eta guardia zibilak joan, eta kendu egin zuten, betiko legez. Espainolak, baina, bandera hura ipini zutenen bila hasi ziren, atzetik, eta, azkenean, epaileak Sabini eta beste batzuei bere aurrera joateko deitu zien. Sabin beti berdin, beti endredoan, ni ezagutu baino lehen eta ni ezagutu ostean ere!

1900. urtean ezkondu zineten, Kandelario egunean, Sukarrietan...

Baina badakizu Sabin ez zela nire deituraz fidatzen? Sano baserritarra nintzen, baina Atxikallende!, eta Sabini «allende» hori ez zitzaion batere gustatu, maketoa zela pentsatu zuen. Eta zer egin zuen? Nire deitura guztiak aztertu! Eta 126 izen euskaldun topatu zizkidan. Orduan trankildu zen gizona, baina «allende» hori nire deituratik kentzeko asmoa hartuta, horratik! Ai, Sabin bihotzekoa!

Hara!, zuk hari «Sabin bihotzekoa», eta hark zuri «Nikole bihotzekoa», gutunetan ageri denez.

Maite nuen, maite nuenez, eta badakit berak duda barik sentitu zuela nire maitasun hori, ze lagunen bati-edo eskribitu zion: «Hainbat maite nau, sekula ez nuen pentsatuko andre batek inor hainbeste maite dezakeela». Berak erdaraz eskribitu zion lagunari, ni gutxi gorabehera ari naiz berak esandakoak zuri euskaraz esaten, artez ulertzeko zuk...

Estimatzen dizut… Eta egia da ezkondu baino lehen Sabinok, Sabinek, kolegio batera bidali zintuela, ez dakit, bada… manerak-edo ikastera?

Manerak? Lar fin egiten duzu berba zuk! Ez gabiltza orduko Parisen, oraingo Sukarrietako kanposantuan baino!... «Manerak!», esan egin behar da, gero!... Neba-arreba guztiok Sukarrietako eskolan ikasi genuen, baina, badakizu, lehenengo estudioak baino ez, premiazkoenak. Harrezkero, Abinako baserrian latz egin genuen behar, aitzurra, eskuarea eta sardea hartuta, eta astelehenean otzara hartu eta azokara Gernikara, lore, berdura eta fruta saltzen. Baina, gero, Sabinek serio pretenditu ninduen denboran, hura politikaria zen, ospea zeukan, itzala, eta ni baserritarra baino ez nintzen, aldeanea, eta Sabinek gura izan zuen ni kolegiora joatea bere familiarekin behar zen moduan egoteko-edo. Sei hilabete egin nituen Bilboko karmelita mojen etxean, erdaraz eta horrek gauzok ikasten… Zer edo zer ikasi nuen, beti ikasten da zer edo zer, baina nik gaztelania apurtua egin nuen nire bizi guztian. Zelan edo halan ezkondu ginen, behintzat, eta aurrera.

Baina kasik ezkutuan ezkondu zineten-eta! Etxe-etxekoak baino ez zineten izan. Sabinek ez zuen zaratarik nahi izan…

Ez, askok ez zuten gura izan gu ezkontzea… Ez zuen zaratarik atera gura izan Sabinek, baina hantxe ibili zen Luis [Arana Goiri] bolanderak-eta botatzen!… Ezkondu ginen, behintzat, eta esan dizut: aurrera! Eta ezti-bidaian irten ginen Lourdeseko aldera, baina Zornotza orduko gaixorik ginen biok, eta Lourdesera heldu ginen arren, ez genuen indarrik batere ezertarako ere. Urte hartan bertan, umea galdu nuen. Lehenengoa. Gero, hurrengo urtean, bigarrena galdu nuen. Orduko denboran andre askok galtzen zituzten umeak, askok. Ez zen oraingo osasun eta konturik. Ezkonduz gero, Sukarrietan jarri ginen bizitzen, eta harrezkero Sabin ez zen askorik joan Bilbora.

Askorik joan gabe ere, eroan zuten! Larrinagan eduki zuten preso… AEBetako presidenteari telegrama bat bidali nahi izan zion, zorionduz, Kuba Espainiari kendu ziotelako...

Nik ez dakit Larrinagan eduki zutela baino. Beti zegoen arrazoiren bat Sabin kartzelara sartzeko, gaixo egonik ere. Hantxe gaixotu zen gehiena Sabin, betiko gaixotu!... Larrinagan egon zen denboran Sabinek gura izan zuen ni Bilbora bizitzera joatea, berari bisitak egiteko, baina nik ez nuen gura izan, ez zitzaidan kartzela gustatzen, ezta nire gizona han ikustea ere, eta Sukarrietan bertan gelditu nintzen, eta kartak eskribitzen genizkion batak besteari, eta halaxe iraun genuen.

Ez zitzaizun kartzela gustatzen, baina zeu ere eduki zintuzten burdinazko barroteen artean sartuta…

Baina hori askoz geroago izan zen. Sabin hil eta urteetara, Espainiako Gerra sartu zenean. Sabin 1903an hil zen, eta ni, ostera, 1937an sartu ninduten, Sabinen alarguna nintzelako, 67 urte nituenean! Azala behar da, gero!

Sabinoren alarguna ez ezik, Eugenio Alegria Bilbaoren alarguna ere bazinen ordurako… Bigarrenez ezkondu zinen 1910ean.

Bai... Egia esango dizut, ernegatuta nengoen. Sabinek niri utzi zizkidan ondasun guztiak, maitasunagatik. Barkatu, hau erdaraz esango dizut, euskaraz zelan esan ez dakit-eta: «en prueba del amor que le profesa». Esan gura du Sabinek asko maite ninduela, nik bera bezainbeste, eta horregatik utzi zizkidala niri bere gauza guztiak. Baina Sabinen neba-arrebei ez zitzaien hori gustatu. Ez dakit hau ere esan behar dudan, baina Sabin hil eta egunetara, haren anaia Luis etxera sartu zitzaidan, eta puntuan paper eta liburu guztiak hartu, eta eroan zituen. Zeuk pentsatu zer sentitu nuen nik orduan… Sabinen neba-arrebak ez ziren nirekin ondo portatu, eurengandik defenditu behar nuela ere sentitu nuen, eta Sukarrietako abadeak hainbat lagundu zidan. Pedro Burgoa izan zen abadea, eta berriz ezkontzeko esan zidan, Sabinen familiagandik urruntzeko, eta umeak izateko.

Eta ezkondu zinen Eugeniorekin...

Eugeniok eta biok txiki-txikitandik ezagutzen genuen batak bestea, aurrez aurre bizi izan ginen. Samikoletakoa zen Eugenio, Abinagakoa ni. Bigarrenez ezkondu nintzenean hogeita hamazazpi urte neuzkan, Eugenio baino hamar urte zaharrago nintzen. Herriko [Sukarrieta] Katearen kalean jarri ginen bizitzen, Eugenio jaio zen etxean. Gero, badakizu, berriz alargundu nintzen. Ezkondu eta hiru urtera hil zitzaidan lehenengo gizona, Sabin, eta ezkondu eta zortzi urtera, ostera, bigarrena. Eugenio Asturiasen [Espainia] hil zen, San Esteban de Pravia herrian, 1918ko gripeak jota. Ez batak ez besteak utzi zidaten seinik.

Atxikallende andrea, laster dut etxerako autobusa, eta azken itauna: Sukarrietara etorri naiz, hilerrira ez da kanposantu handia ere, txikitxoa baino, atez kanpotik ere erraz ikusi dut zure Sabinen hilobia, eta, aldiz, zokor miaketan ibilita ere, zurerik ez dut ikusi, ez dut aurkitu…

Baina Edortari [Jimenez] kasu eginda etorri zara ala ez? Eta ez duzu akorduan hartu Edortak esanikoa, bere liburuan eskribitu duena? «...ez bilatu Nikoleren hilobia kanposantuan. Haren izena ez duzue ezein harritan edo gurutzetan ikusiko. Ez dauka. Senarrak begirada hara zuzendurik duela neuk diotsuet eta, ea ba». Behin eta birritan esaten du hori Edortak: «Nikole lurperaturik dagoen aldera begira dago [Sabino]»... Eta nire zuloa topatu ez zuk!? Joan eta Edortari zuzenean itaundu baino ez zeneukan! Aitaren eta semearen, egundaino halako kokolorik!… Eta bazoaz? Zenbat denbora egon zara, bada, kanposantu honetan?! Goiz bat ere ez, eta bazoaz?... Ez duzu gura jakin zergatik ez nagoen Sabinen ondoan zuloan sartuta?... Urtero etortzen dira Sabin omentzera, baina niri ez didate kasurik egiten...

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.