Urteko aukera bakarra

Urtean behin, Artikutzak ateak irekitzen ditu, San Agustin egunez. Egitarau zabala eskainiko dute igandean, musika eta festarekin

2016ko abuztuaren 25a
00:00
Entzun
Jendeak Goizuetan dagoen Artikutza naturgunean (Nafarroa) autoarekin sartzeko aukera bakarra izaten du urte osoan: San Agustin egunez, hilaren 28an, alegia. Antzina, errenta ordaintzeko eguna zen San Agustin eguna, baina, egun, ohitura hori ospakizun bihurtu da, eta urtero-urtero ehunka lagun bertaratzen dira egun horretan.

Naturgunea 08:00etan irekiko dute, baina egunari hasiera 11:00etatik aurrera emango diote,ohikoa den mezarekin batera. Ondoren, 11:30ean, pilota partidak jokatuko dituzte, pasaka eta eskuz. Bazkaldu ostean, haurrak izango dira protagonista 16:00etan egingo den dantzaldian.

Herri kirolen eskaintza ere edukiko dute 17:00etatik aurrera: txingak, harri-jasotzaileak, lokotx bilketa eta aizkolariak. Egunari amaiera emateko, dantzaldia antolatu dute Xabi Dantzaleku DJarekin. Euskal Herri osoko eskulangintzaz eta janariaz gozatzeko aukera ere izango da, eta bi taberna jarriko dira propio egun horretarako, bertaratzen direnen beharrak ase ahal izateko.

Naturaren eremu babestua

Nafarroan dagoen arren, Donostiako Udalarena da Artikutza, 1919az geroztik. Naturguneak 3.700 hektareako eremua hartzen du, eta Euskal Herriko inguru euritsuenetakoa eta zaharrenetakoa da.

2004az geroztik, Europako Natura 2000 sarearen parte da Artikutza, hango basoetako landare eta animalia aniztasuna dela eta. Gune babestu horretara oinez nahiz bizikletaz irits daiteke. Autoarekin sartzeko, ordea, baimen berezia behar izaten da, eta urte osoan San Agustin egunean bakarrik irekitzen ditu ateak Artikutzak.

Artikutza Eguna

Igandean, 08:00etatik aurrera, Artikutzako naturgunean (Nafarroa).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.