Ez dira gutxi Euskal Herrian presen ondorioz etxetik eta herritik kanporatutako bizilagunak: kasurako, Itoizko (Nafarroa) urtegiak zazpi herri urperatu zituen; eta nazioartean ere ugariak izan dira desjabetzeak. Maria Angeles Fernandez (Navalmoral de la Mata, Espainia, 1983) eta Jairo Marcos (Burgos, Espainia, 1983) kazetariek azpimarratu dutenez, istorio horiek guztiek elkarren antza dute, baina ez da sortu kontakizun kolektibo bat. Hain justu, horretan saiatu dira haiek: Espainian, Katalunian, Galizian eta Euskal Herrian urtegiek kaltetutako bizilagunen lekukotzak jaso dituzte Memorias ahogadas liburuan (Itotako memoriak; Pepitas, 2024). Bilboko Louise Michel liburu dendan aurkeztu zuten, joan den ostegunean.
Kolonizazio berba erabiltzen duzue. Zergatik?
JAIRO MARCOS: Urtegi bat eraikitzen dutenean, eremu batzuk sakrifikatu egiten dira, eta beste batzuek etekinak lortzen dituzte. Herrietatik egotzitakoek prototipo bera zuten: landa eremukoak ziren, batez ere mendikoak. Eta urtegiek biztanle nukleo handiei egin zieten mesede: Madrili, Bartzelonari...
MARIA ANGELES FERNANDEZ: Kolonizazioaz hitz egiten dugu, logika estraktibista bat dagoelako: materialak, energia eta baliabideak ustiatzen dituzte. Urtegi handi gehienak hidroelektrikoak dira, eta [Espainiako] Estatuaren periferian daude, baina han sortzen den energia ez da han kontsumitzen.
Desjabetu batzuekin hitz egin duzue. Nola jakinarazten zieten, eta zenbat denbora zuten etxetik alde egiteko?
MARCOS: Askotan, kolpeka enteratzen ziren. Adibidez, Janovasko urtegian [Fiscal, Espainia], etxeak dinamitatu zituzten ia-ia bizilagunak barruan zeudela. Uste dugu honen guztiaren jatorria frankismoa dela, baina aurretik dator: uraren planak 1902an hasi ziren egiten, gutxi-asko; frankismoak heredatu egin zuen, eta, haren ostean, demokraziak. Riañoko urtegia [Leon, Espainia], adibidez, demokrazia garaian egin zuten, gobernuan PSOE zegoela [1987an].
FERNANDEZ: Aspalditik jakiten zuten mehatxua zegoela, proiektu batzuk hogei edo 30 urte egon baitziren zehazteko zain.
MARCOS: [Espainiako] Ecologistas en Accion erakundearen kalkuluen arabera, bostehun herri urperatu dituzte, eta 50.000 lagunek joan behar izan dute. Baina, aurreko urteetako mehatxuaren eraginez, gehiagok egin zuten alde.
Eta horiek zenbatu gabe daude, ezta?
MARCOS: Noski. Izan ere, 50.000 lagunen kalkulua baxua da. Erakundeko kide batek esan zigunez, litekeena da guztira 150.000 lagun izatea.
Lege babesen bat izan al zuten?
FERNANDEZ: Obra publiko bat egiteko desjabetzeetan, tasazio batzuk daude. Baina, kasu askotan, tasazioak hogei urte lehenago egin zituzten, eta, sarritan, berandu kobratzen zituzten —batzuek, hogei bat urte berandu—. Babesgabetasun handia zegoen. Frankismo garaian, kolonizazio herri asko sortu zituzten, jendez betetzeko; eta urtegietako bizilagun batzuk hara joatera gonbidatu zituzten. Etxebizitza bat eta lurra lortzen zuten, baina ordaindu egin behar zituzten.
MARCOS: Batzuk gertuko herrietara joaten ziren, sinetsita urtegiak oparotasuna ekarriko zuela ingurura.
Jendeak erresistentzia erakutsi zuen?
FERNANDEZ: Frankismoaren garaian, orokorrean ez. Baina Janovasen, biztanle gehienak 1960ko urteetan joan ziren, eta bi familia han geratu ziren, bakarrik; egunero-egunero, Guardia Zibilak eta enpresak presio egiten zieten joan zitezen. Demokrazia garaian bota zituzten, bortxaz. Eta Riañon ere egon zen erresistentzia, baina azkenean bortxaz bota zituzten.
MARCOS: Frogatuta ez dagoen arren, Riañoko askok uste dute urtegiaren eraikuntza konpentsazio bat izan zela, Iberduerok —egungo Iberdrola— ezin izan zuelako zentral nuklearrik egin Lemoizen [Bizkaia].
Espainian, Katalunian, Galizian eta Euskal Herrian 1.200 presa baino gehiago daude...
MARCOS: Horiek handiak dira, gutxienez hamabost metroko garaiera dutenak. Baina presa askoz gehiago daude. Zenbaki absolutuetan, Europan presa handi gehien duen estatua da Espainiakoa, eta munduko bosgarrena.
FERNANDEZ: Estatu hidraulikoa da, berez. Izan ere, urtegi handi hauek [Espainiako] Estatuaren presentzia bat ziren, eta lurralde jakin batzuetan [Espainiako] Estatuaren arrastoa uzteko erabili ziren. Botere sinbolo bat dira.
Espainiako Estatua legitimatzeko ere balio izan dute? Frankismoaren ikurretako bat izan ziren, esaterako.
MARCOS: Erabat. Hazkundea, aberastasuna eta garapena saltzen zuten, baina ez zuten esaten norentzat izango ziren.
FERNANDEZ: Autarkia garai batean, garrantzitsua zen [Espainiako] Estatua gai izan zedin behar zituen baliabideak eskuratzeko. Urtegien irudi onak bere horretan jarraitzen du, eta ez da ondorioez hitz egiten.
lotsabako
Landu nahi duzuen urtegi bat?
FERNANDEZ: Esakoa [Nafarroa]. Gaur egun, erresistentziak daude. MARCOS: Itoizkoa [Nafarroa].Ikertzeko beste gai bat?
FERNANDEZ: Asko idazten dugu estraktibismoaz. Adibidez, interesgarria da meatzaritzaren gorakada.