Ordulari batean 10:00ak dira; bestean 01:00a. Goiza batean, goizaldea bestean. Ez dago inor Martina Casiano zentro teknologikoaren behealdeko operazio zentroan, EHUren Leioako campusean (Bizkaia). Ikertzaileak 17:00 aldera hasiko dira lanean. 17:00ak Euskal Herrian, 08:00ak Los Angelesen. AEBetako hiriko ordutegiaren arabera lan egiten du hamar lagun inguruko ikertzaile talde batek Leioan, NASAren Los Angelesko Jet Propulsion Laboratory-ren martxaren arabera. Orduan ekingo diote Martera aginduak bidaltzeari, eta Martetik informazioa jasotzeari. NASA AEBetako Espazio Agentziaren Marteko misioan parte hartzen ari dira, planeta gorria ikertzen, Perseverance rover ibilgailuaren bitartez.
EHUko ikertzaileak lanean hasten direnean, 17:30 inguru izango dira Marteko Jezero kraterrean, Perseverance-k duela urtebete lur hartu zuen eta gaur egun dagoen lekuan. Bidaia luzea izan zen, eta marteratze maniobrak, kritikoak. Dena espero bezala atera zen, ordea. Urtebetean, Perseverance-k Marteko argazkiak atera ditu, Marteko soinua grabatu du, Ingenuity helikoptero txikiak hemeretzi hegaldi egin ditu, eta, garrantzitsuena, mundu guztiko zientzialariak Marte ikertzen ari dira. Auto baten neurriko laborategi ibiltari eta sofistikatua da Perseverance.
Gorka Aranak pantailak piztu ditu, eta Marte agertu da. Zerua laranja, eta lurra gorri. Fikzioa dirudien errealitatea. EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Ibea taldeko ikertzailea da Arana: Ikerkuntza eta Berrikuntza Analitikoa. Marteko harrien, geruzen eta hautsaren konposizio kimikoa ikertzen ari dira. EHUko beste ikerketa talde bat, Bilboko Ingeniaritza Eskolako Zientzia Planetarioen Taldea, Marteko atmosfera eta eguraldia aztertzen ari da.
Hilabeteak daramatzate Perseverance-rekin lanean. Jezero kraterrean dago. Sumendi bat izan zen aurrena, eta laku bat gero, duela 3.300 milioi urte. Harri bolkanikoak aurkitu dituzte, ez harri sedimentarioak. «Mineral jakin batzuk agertzen dira: piroxenoa, olibinoa... harri bolkanikoetan agertu ohi diren mineralak», zehaztu du Aranak. Nabarmendu du Marteko harriak «oso heterogeneoak» direla, hau da, hainbat materialez osatuak, nahasketak.
Harrietan eraldatze prozesuen aztarnak aurkitu dituzte, izpi infragorriak erabiliz. Izpi infragorriekin mineraletako loturak edo talde kimikoak identifika ditzakete, eta ikusi dute harri horietako batzuetan ura egon zela: «Harri bolkanikoa eraldatu egiten da uraren eraginez, eta uraren konposatuak agertzen dira: filosilikatoak, perkloratoak, karbonatoak...». Halakoak azaldu dira.
Eraldatutako harri gehiago aurkitzea espero zuten. Baita buztinak ere. Baina uste baino gutxiago ikusi dituzte. «Azalpen bat izan daiteke ura pentsatu baino denbora gutxiagoan egon zela kraterrean», Aranaren arabera.
Marte eta ura. Marten bizitza arrastoak aurkitzea da misioaren helburu nagusia. Noizbait bizidunen bat egon zela erakusten duen arrasto organikoren bat. Marten ura egon zen, eta izotza badago; beste kontu bat da ea bizitza egon ote zen.
Nekez aurkituko dute bizitza aztarnarik arroka bolkanikoetan. Aurkitzekotan, «aukera gehiago egongo dira harri sedimentarioetan, karbonoetan». Zuhur mintzo da Arana. «Aurkituz gero, izugarria litzateke».
Horretarako, Perseverance-k Jezero kraterretik atera beharko du, eta garai bateko ibaiaren deltara joan. Jada erabaki dute zer bide egingo duen deltara iristeko.
Ibea Perseverance-rekin lan egiten duen ikerketa talde bat baino ez da. Dozenaka dira guztira. Roverrak hainbat ikerketa tresna ditu, eta tresna bakoitzaren atzean ikerketa taldeak daude, ikerketak bideratzeko eta ikertutakoa aztertzeko. Ibeakoek SuperCam tresnarekin lan egiten dute. SuperCam-en kasuan, ehun zientzialari baino gehiago ari dira tresnarekin lanean. AEBetakoak, Kanadakoak, Frantziakoak, Alemaniakoak, Danimarkakoak, Espainiakoak eta Euskal Herrikoak.
Normalean egun batean neurketak agindu, eta biharamunean jasotzen dituzte emaitzak. Egunak normalak izateko, hainbat faktorek bat egin behar dute: Marteko sateliteak Perseverance-ren gainetik pasatzea, eta Marteko eta Lurreko gau eta egunek ordutegi aldetik bat egitea edo elkarrengandik gertu egotea. Bestela, epeak aldatzen dira. Zerbait agindu eta ordubete ingurura iristen zaio Perseverance-ri.
Ikerketa eskaerei, gainera, misioaren premiak gehitu behar zaizkio. Planak, egutegia. Aurrera egin beharra. Lan guztiak egiteko, bai zientifikoak, bai misiokoak, Perseverance-k bi muga nagusi ditu. Alde batetik, energia: energia kopuru mugatua du egun bakoitzerako, eta energia kopuru horren barruan sartu behar dira eguneko lan guztiak. Bestetik, denbora, Marteko egunez bakarrik lan egiten baitu (gauez atseden hartzen du, eta bateriak kargatu).
Beste muga bat ere badu egunotan: harri koskor batzuk sartu zitzaizkion Marteko laginak biltzeko eta zigilatzeko sisteman, eta egunak behar izan ditu kentzeko. Ondorioz, egun horietako atzerapena konpontzeko, azkarrago dabil, eta aukera gutxiago ditu neurketak eta ikerketak egiteko.
Tetris bat egunero
Tetris erraldoi bat da, beraz, misioko egun bakoitza antolatzea. «Perseverance osoa aintzat hartzen duen batzar bat egiten da egunero», argitu du Aranak. Aztertzen dute ea roverra non dagoen, zenbat denbora pasatuko duen han, zer izan daitekeen interesgarria hurrengo egunean ikertzeko, zer eratako neurketak egin beharko liratekeen... «Proposamenak egiten dira, eta hurrengo egunean zer egingo den erabaki, gutxi gorabehera».
Bezperan erdi prestatuta uzten dute hurrengo egunerako gidoia, baina hurrengo egunean zehaztu egiten dute. Plana errepasatu egiten dute, eta, batzuetan, baita aldatu ere.
Argazkiak izaten dira neurketen abiapuntua. Perseverance-ko Mastcam-Z-k bereizmen handiko argazkiak ateratzen ditu, eta argazki horietan identifikatzen dituzte ikertzeko interesgarriak izan daitezkeen harriak, geruzak, hautsak... Ibeakoak kimikariak dira. Misioan geologoak ere badaude, jakina. Formak, geruzak, egiturak, koloreak... aintzat hartzen dituzte.
Zer elementu ikertuko duten zehaztu ondoren, neurketa egiteko teknika aukeratzen dute. Tresna batzuek harria ukitu behar dute aztertzeko. SuperCam-ek ez: urrutitik lan egin dezake.
LIBS teknologia baliatzen ari dira batez ere: energia handiko laserra zuzentzen dute harri baten edo lurraren puntu jakin batzuetara; laserrak haiek jotzean, plasma sortzen da; eta plasma horrek igortzen duen argiaren bitartez jakin dezakete zer elementu dituen eta zer kontzentraziotan. Hamar metrorainoko laginekin erabil daiteke LIBS. Bestela, urrunago dauden harriak-eta aztertzeko, izpi infragorriak baliatzen dituzte.
Gertuago dauden harrietan PIXL (X izpiak) eta SHERLOC (Raman espektrometroa) erabiltzen dituzte. Aurrena, baina, Perseverance-ko daratuluak harriei milimetro batzuetako geruza kentzen die, neurketak barruan egiteko: «Informazio ezberdina aurkitzen dugu harriaren kanpoaldean edo barruan. Interesgarriagoa da barrukoa».
Irudiak garrantzitsuak dira, baina soinua ere bai. Ibilgailuko mikrofonoaren bidez entzun dezakete laserrak harria jotzean sortzen duen zarata, eta zarata horretatik osaerari buruzko informazioa lortzen dute.
Ez dago zaratarik Martina Casianoko operazio zentroan, Leioan. Hutsik daude mahaiak, hutsik bisitariak hartzeko gelak. Ez dago inor kristalaren beste aldean, Ibearen lana bertatik bertara ezagutu ahal izateko. Badute denbora abian jartzeko, misioak lau edo bost urte iraungo baitu, gutxienez.
Zientzia
Urtebeteko lorratza
NASAren 'Perseverance' rover ibilgailuak urtea bete du Marten. EHUko Ibea ikerketa taldea misioan parte hartzen ari da: Marteko harriak, geruzak eta hautsa ikertzen ditu, haren osagai kimikoak zein diren jakiteko. Harri bolkanikoak aurkitu dituzte oraingoz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu