Zazpi egunez gauza asko egin daitezke: nahi beste dantzatu, txanda bat edo gehiago egin, kontzertuak entzun, parranda egin, suak ikusi, deskantsatu, berriro parrandara atera... Zazpi egun Piratei ez zaizkie aski, ordea: Aste Nagusiaren sua gaur itzaliko bada ere, biharko gordeta daukate azken pospoloa: Irrikitaldiarena.
«Pirata guztiak egoten gara egun horren zain», esan du Aiert Ordoñez antolatzaileak. Izan ere, festak amaituta daudenez, ardurak gainetik kenduta izaten dira Piratak, eta mundu guztia egoten da «festa gosez, aste osoari erremate ona emateko». Hala, askoren egun «kuttuna» izaten da Irrikitaldia.
Kofradietako txalekoak erantzi, belle époque garaiko arropak jantzi, eta agintariek hartutako urtean osoan erabakiak errepasatzen dituzte, kritika soziala eginez. Jaiak Ama Birjinaren egunean egiten zen salbean du jatorria, agintari guztiak elkartzen baitziren. «Hori karikaturizatzeko ekintza bat da Irrikitaldia. Horren aitzakian, kritika soziala egiten da, satira eta umorea erabiliz». Hortaz, haien larruan jarri, eta antzerki bat egiten dute.
«Umorea da, baina gauza oso serioa ere bada. Ederra litzateke Irrikitaldia egin behar ez izatea, baina horrelaxe gaude»
AIERT ORDOÑEZ Irrikitaldiko arduradunetako bat
Iaz, esaterako, Eneko Goia alkatea, Jose Inazio Munilla gotzain ohia eta zezenketak izan zituzten hizpide antzezlanean. «Azkenean, guk nahi gabe ere, ematen dizkiguten albisteekin eta ekintzekin, Irrikitaldian ateratzeko eskatzen digute urte osoan, nolabait. Beti utzi behar izaten dugu materiala alde batera», azaldu du Ordoñezek.
Antzezlana, sorpresa
Antzerkiaren nondik norakoak ezin dira kontatu, Irrikitaldi egunera arte ez baita argitzen zer eduki izango diren. Ziur asko, azken ukituak ematen arituko dira oraindik ere, talde antolatzaileko kideak Aste Nagusian biltzen baitira lehenengoz: «Nahikoa talde inprobisatzailea gara, egia esan. Gidoia gutxi gorabehera idatzi, zer gai jorratuko ditugun erabaki, eta egitura pixka bat zehazten dugu».
Hortik aurrera, «nahiko libre» uzten dituzte aktoreak, nork bere rola nahi duen eran jokatu dezan. Parrandan egiten dituzte antzerkirako azken «fitxaketak», eta igandean azken errepasoa: «Antzerkiari buruz askorik jakin gabe eta profesionala izan gabe ere egin daiteke kritika: horrek ere badauka xarma».
Bihar argituko dute protagonistak zein izango diren eta zer gai jorratuko dituzten, baina plana urterokoa izango da. Bulebarrean hasiko dute antzezlana, txarangak eta musikak girotuta; gero, Andre Maria elizan jarraituko dute, eta hor botako dute suziria. Parranda giroan eta umore onez amaituko dute Irrikitaldia: «Umorea da, baina gauza oso serioa ere bada. Ederra litzateke Irrikitaldia behar ez izatea, baina horrelaxe gaude».