Osasuna. Adimen emozionala

Urte honetarako asmoa

Jon Berastegi.
2012ko urtarrilaren 17a
00:00
Entzun
Urte Berri on, 2012! Batzuek, urteko egun hauetan, urte berria heltzearekin batera, garatu nahi ditugun asmoen serie bat egin ohi dugu, hala nola kiroldegian izena eman, gidabaimena lortu, erretzeari utzi... Jarraian, urte berri honetarako, erronka handi bat proposatu nahi nizuke: haurren ongizate emozionalari laguntzea. Laburbilduz, haur batek bere sentimenduak esperimentatu, adierazi eta horiek menperatzeko gaitasun gisa definitu genezake ongizate emozionala. Gaitasun horiek garatzen laguntzeko, oinarrizko aspekturen batzuk proposatuko dizkizuet jarraian:

Haurrek, emozioen bizipenen inguruan, haien gurasoengandik jasotzen dituzte ikasketarik garrantzitsuenak. Haserretzea eta sumintzea naturala den arren, gurasook geure seme-alabei haserrea adierazteko era ez-onargarriak erakusten dizkiegu, eta haurrek pentsa dezakete ondo dagoela, beste batzuen aurrean lehertzea edo amorrualdiak izatea. Gurasook haserre egoeretan lasai egoteko estrategiak bilatu behar ditugu: saia zaitez leherrarazten zaituzten egoerak antzematen eta horiek gertatu baino lehenago zer edo zer egiten. Une batez arnasa sakon hartu edo, besterik gabe, isildu eta zauden tokitik atera momentu batez. Ondoren, familian eseri eta adierazi bakoitzak zer egin dezakeen lehertu aurretik.

Gurasook geure seme-alabak adoretu ditzakegu hitzak erabil ditzaten beraien sentimenduak deskribatzeko: «triste nago», «egin duzun horrek haserrearazi nau». Seme-alabei nola sentitzen diren galdetzen dietenean, haien sentimenduak garrantzitsuak direla eta interesatzen zaizkiela erakusten diete gurasoek. Haurrek beraien sentimenduak azaltzen eta besteenak errespetatzen ikasten dutenean, zoriontsuagoak eta osasuntsuagoak bihurtzen dira.

Haurrei beraien kabuz konponbideak bilatzen lagundu behar diezu. Tentagarria da haurrei beraien arazoetan laguntzea eta ebazten saiatzea, baina horrek haurraren erabaki-hartze autonomian eragin dezake. Haurrei prozesu horretan laguntzeko modu mesedegarri bat galderak egitea da. Adibidez, egoera horri aurre egiteko zer egiteko aukera duzu? Zein ondorio izango luke hartuko zenukeen erabaki horrek? Haurrei, erabakiak hartzen laguntzen diegunean, emozioak esperimentatzen eta horien erantzule bihurtzen laguntzen diegu.

Ez ahaztu gurasoek gida ditzaten eta erakuts diezaieten nahi dutela haurrek, eta inork ezin duela gurasoen lekua hartu. Gurasoentzat, guretzat, hori da, zalantzarik gabe, urte honetarako asmorik hoberena.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.