Urte berriarekin hasiko da Info7 irratiaren ordezkoa

Lorturiko zortzi frekuentzietatik bost baliatuko dituzte urtarrilaren 1ean Bizkaian eta Gipuzkoan emititzeari ekiteko; euskara hutsez arituko dira

Info7 irratiko langileak izango dira irrati berriaren lantaldearen oinarria. INFO7.
Edu Lartzanguren.
2018ko abenduaren 27a
00:00
Entzun
Urtarrilaren 1ean entzungo da aurrenekoz Euskal Irrati Zerbitzuak enpresaren egitasmo berriaren ahotsa. Info7 ordezkatuko du irrati berriak, eta euskara hutsez aritzeko asmoa dute, ikuspegi nazionalarekin. Euskal Herriko bost ingurutan hasiko dira: Bilbon, Durangaldean (Bizkaia), Donostian, Beasainen eta Azkoitian (Gipuzkoa). Emititzeko zortzi baimen lortu zituen egitasmoak 2012ko banaketan. Sei urte pasatuta, egun baldintzak «oso ezberdinak» izan arren, emisioa 2019arekin batera hastea erabaki dutela iragarri du Ibon Altuna Euskal Irrati Zerbitzuak enpresako administratzaileak, agiri baten bidez.

Hamaika Telebista, Gara, Info7 eta Euskal Komunikabideen Hedapenerako Elkartea (EKHE) taldeek bultzatu dute egitasmoa.Info7k abenduaren 15ean egin zuen entzuleak agurtzeko ekitaldia.

Info7 legez hedatzeko baimenik ez izateak egitasmoa garatzeko zailtasun handiak eragin zizkiela esan zuen urrian Eider Olazar Info7ko kazetari eta Aztibegia elkarteko buruak. «Orain iritsi zaigu legezkotasuna lortzeko urteetako lanaren emaitza», gaineratu zuen. Egitasmo berria Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan emititzeko lizentzia gehien edukiko duen irratia izango da, Olazarren aburuz, eta hiru herrialde horietan «ia biztanle guztiengana» helduko dira. Nafarroan, mendialdean emititzeko baimena lortu dute. Euskarazkoa eta Euskal Herrirakoa izango da irrati berria, Iñaki Altuna Info7ren sortzaile eta Aztibegia elkarteko aurreneko lehendakariaren arabera. «Urrats bat egingo dugu, irrati nazionalean aurrera egiteko», adierazi zuen Altunak abenduaren hasieran. Programazioa «progresiboki» osatuz joango dira.

Donostiatik Euskal Herrira

Oraindik ez dute zabaldu irrati berriaren izena. Haren lantaldea Info7koan oinarrituko da, eta Donostian izango du estudio nagusia. Enpresak Zuatzu enpresa gunean du egoitza. Irrati berriak ez du oraindik baimenik Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan emititzeko, baina horretarako lizentziak lortu nahi dituzte. Irratiak Arrosa sarearekin lan egingo du, Info7k azken urteotan egin izan duen bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.