Amaitu da urtarrila, halakoren batean. Egutegiari erreparatuz, beste sei hilabete bezain luzea da, baina astunago egiten zaie batzuei. Zaharberritu nahiak eta etenaldirik gabeko egunerokoaren pisuak berezi bihurtzen dute. Amaigabea bilakatzen da urtarrila. Hilabeteak 31 egun baino gehiago irauten duelako irudipena izan ohi da askotan. Baina fenomeno hori ez da irudipen hutsa, eta zientzia lagungarri izan daiteke ulertzeko zer arrazoi dauden horren atzean. Zergatik dirudi urtarrilak beste edozein hilabetek baino luzeagoa?
Oscar Vegas psikobiologian aditua da, eta doktorea EHUn; haren arabera, denboraren pertzepzioa konplexua da, baina, besteak beste, estuki lotua dago dopaminarekin: «Hainbat ikerketatan erakutsi dute dopaminak zeresan handia duela denboraren pertzepzioan, batez ere garuneko atal ildaskatuan, gongoil basaletako egitura nagusietako batean. Dopaminak sentiarazten digu denbora azkarrago igarotzen dela, eta lotura du denboraren estimazio zehatzagoarekin».
Azucena Martin bioteknologo espainiarrak duela gutxi sare sozialetan zabaldutako hari batek eztabaida piztu zuen. «Gauza atseginak bizitzen ditugunean, dopamina askatzen dugu, eta horrek gure burmuina motibatzen du halako jarduerak berriz egiteko», adierazi dio BERRIAri. «Gabonetako ospakizunak bukatzean, adibidez, dopaminak bizkor egiten du behera, eta denboraren pertzepzioa aldatzen du horrek».
Izan ere, ospakizun garaiak emozio positiboekin lotzen dira sarri, eta, dopamina emozio positiboekin erlazionatuta dagoenez, posible da jaiegunak igaro ondoren dopamina jaistea: «Horrek ez du esan nahi urtarrilean denbora geldoago igarotzen dela, baizik eta jaietan denbora azkarrago pasatzen dela. Izan ere, ikerketek erakutsi dute pozak eta motibazio positiboak areagotu egiten dutela denbora azkar pasatzen delako irudipena. Beraz, jai osteko egunak aspergarriagoak edo nekagarriagoak badira, litekeena da denbora motelago doala sentitzea».
«Hainbat ikerketatan erakutsi dute dopaminak zeresan handia duela denboraren pertzepzioan»
OSCAR VEGASPsikobiologoa
Urte sasoiak eta argi-itzal zikloak ere eragiten diote garuneko dopamina kantitateari. Nahiz eta ikerketen emaitzak oraindik eztabaidagarriak izan, udazkeneko eta neguko hilabeteetan dopamina sintesia handiagoa da udaberrian eta uda garaian baino, Vegasen esanetan: «Halaber, neurotransmisore horren hartzaileak ugaritu egiten dira iluntasun handieneko garaietan. Hala ere, urtaro jakin bati lotutako depresioaren efektuak, batez ere emakumeetan, serotoninarekin eta melatoninarekin ere lotzen dira, ez soilik dopaminarekin».
Mandela eta besteak
Sare sozialetan eta norberaren inguruan etengabe entzuten diren ideiek ere eragin handia dute urtarrilari begiratzeko moduan, Martinek azaldu duenez. «Denek esaten dute urtarrila amaigabea dela, eta gure garunak informazio hori barneratzen du».
Badaude «niri urtarrila gustatu egiten zait», «gorroto ditut Gabonak» eta halakoak esaten dituztenak ere, ordea. Horregatik, Martinek argi utzi du eman dituen azalpenak orokorrak direla, eta faktore asko aldakorrak direla: Gabonak gustuko dituzun ala ez, zer lan duzun, dirua duzun ala ez, eguraldia zer-nolakoa den... «Desberdintasun asko nabaritu nituen Ipar eta Hego hemisferioko jendearen iruzkinen artean. Leku batzuetan, urtarrila hilabete beroa da, opor girokoa, eta horrek erabat aldatzen du denboraren pertzepzioa. Gizaki guztiok ez dugu esperientzia bera», argitu du bioteknologoak.
Dena den, urtarrila luze egitearen fenomeno horrek badu bestelako alderdi interesgarri bat ere: Mandela efektua deritzona. «Fenomeno psikologiko bat da, eta jende multzo zabal batek informazio oker bat oroitzapen kolektibo gisa barneratzean datza», adierazi du Martinek. Jendeak entzuten duenean urtarrila hilabete amaigabea dela, ideia hori uste propio bihurtzen da.
Jende askok esaten duenez, garunak egiatzat jotzen du: «Batzuek uste dute Nelson Mandela espetxean hil zela, nahiz eta hori ez den egia. Star Wars filmean ere askok uste dute Darth Vaderrek 'Luke, ni naiz zure aita' esaten duela, baina benetako esaldia 'Ez, ni naiz zure aita'da». Oroimen selektiboarekin eta inguruko eraginekin lotuta dago Mandela efektua, beraz.
«Plazer handia izan eta gero batere plazerik gabe geratuz gero, aldaketa zakarregia da. Ondo antolatzea da gakoa»
AZUCENA MARTINBioteknologoa
Ekonomia eta kontsumo aldetik ere hilabete berezia izan ohi da urtarrila. Abenduan egindako gastu handiek (opariak, bidaiak, otorduak...) ondorio ekonomiko larriak izan ditzakete hurrengo hilabetean. Horrexetan datza urtarrileko malda izenez ezagutzen den fenomenoa, zeinek handitu egiten baitu astuntasun sentsazioa, Vegasek esplikatu duenez: «Estresak eragina izan dezake denboraren pertzepzioan, eta hilabete batek luzeagoa dirudi horrelakoetan. Urtarrileko presio ekonomikoaren ondorioz, baliteke estres sentipen hori oso luzea izatea. Hala ere, literatura zientifikoak adierazten du diru sarrera handienak dituztenek izaten dutela denbora falta duten sentsazio nabarmenena, denboraren balio ekonomikoa nabarmenagoa baita».
Urtarrilean ohikoa da urte berriko asmoak zehaztea ere, hala nola kiroldegian izena ematea. Helburu horiek motibazio positiboarekin lotuta egon daitezkeela uste du Vegasek: «Urte berriko asmo horiek areagotu egiten dituzte helburu jakin batzuk lortzeko portaerak. Helburu horiek lortzeko motibazioa lagungarri izan daiteke urtarrila azkarrago igarotzeko, eta, ziurrenik, ez da kasualitatea portaera hori hain ohikoa izatea».
Itzuleraren zama arintzeko, denbora planifikatzea eta aisialdirako tartea hartzea gomendatu du Martinek. «Plazer handia izan eta gero batere plazerik gabe geratuz gero, aldaketa zakarregia da. Ondo antolatzea da gakoa; kafe bat hartzera edo liburu bat irakurtzera ateratzeko tarteak ere programatzen ditut nik. Ez dakit hori guztiontzat baliagarria izango den, baina niri funtzionatzen dit».
Beste garai batzuk
Urtarrilean gertatzen den fenomeno hori urteko beste garai batzuetan ere ikus daiteke: adibidez, irailean, «opor osteko sindromea» deiturikoaren eraginez. Udako oporraldia amaitzeak eta eguneroko errutinara itzultzeak apatia eta motibazio falta eragin diezazkioke jende askori. «Ez da depresio kliniko bat, baina apatia sortzen du, aisialdi etengabea atzean utzi eta errutina zorrotz batean sartzen gara eta. Gauza bera gertatzen da irailean, uda amaitu eta betebeharrak itzultzen direnean», azaldu du Martinek.
Bestalde, Vegasek azaldu du egutegiak barne hartzen dituela efemeride kolektiboak eta norberaren motibazioa, antsietatea zein estresa areagotu edo apaltzeko moduko mugarri pertsonalak: «Horregatik, urteko beste garai batzuek ere aldaraz dezakete denboraren joanari buruzko pertzepzio subjektiboa». Bestalde, urteek aurrera egin ahala ere aldatzen da denboraren pertzepzioa, adina faktore garrantzitsua baita. «Pertsonok, zahartu ahala, hautematen dugu denbora azkarrago pasatzen dela».
Urtarrila igarota, hemen da otsaila, 28 egunekoa: hilabeterik motzena eta itxaropenez betea, arnasberritzeko aukera ematen duena. Otsaila zubi labur baina irmo bat da negutik udaberrirako bidean.