Batzuek, oporrak amets; bestetzuek, kezka eta urduritasuna. Expovacaciones azoka egiten ari dira Barakaldoko BECen (Bizkaia), oporrak eta bidaiak ardatz dituen ekitaldi nagusia. Ostiral eguerdian zabaldu zuten, eta gaur iluntzean amaituko da. BECeko beste areto batean, baina, HABEk euskara azterketak antolatu ditu, eta jendearen aurpegietan nabari da nortzuk doazen batera eta nortzuk bestera: lasai antzean doaz oporrak xede dituztenak, eta besteengan urduri- tasun zantzuak erraz atzematen dira. Aspaldiko partez, euskara barra-barra entzuten da BECeko pasabideetan.
Erakustazokako 1. pabiloian sartu bezain pronto, ordea, atzean gelditzen dira kezka aurpegiak. Mundu txiki bat dago ikusgai Expovacacionesen, 180 enpresa inguruk antolatutako erakusmahaietan. Hondartza eta mendia, abentura eta atsedena, kultura eta gastronomia: urrutikoa ere berton da, bisitariaren atsegingarri.
Ikusle gehienen iritzia da aurten jende gutxiago dabilela azokan, eta eskaintza ere beste urte batzuetakoa baino urriagoa dela: «Erakustoki gutxiago dago. Hogei urte daramatzagu hona etortzen, eta aurten apur bat harrituta gaude horrekin. Ez dakit izango den jendeak orain bidaiak Interneten bilatzen dituelako, edo egoera ekonomikoaren ondorioz ote den», esan dute Maria eta Vicky Medina ahizpek.
Urdulizen eta Leioako Lamiako auzoan bizi dira, hurrenez hurren (Bizkaia), eta aurtengo oporretarako Kanariak eta Balearrak dauzkate begiz jota: «Lasaitasun eta atseden bila gabiltza. Urte osoa ematen dugu lanean, eta orain erlaxatzeko beharra dugu».
Japoniaren dohainak
Erakustoki gehienak Euskal Herritik gertuko lekuetakoak dira: Frantzia, Espainia, Herrialde Katalanak, Galizia eta Portugal. Baina urrutiagoko herrialdeak ere ordezkatuta daude, Kuba eta Japonia, kasurako. Azken hori aurtengo azokako herrialde gonbidatua da, eta ahalegin berezia egin du bere dohainak bisitariei erakusteko.
«Askotariko herrialdea da Japonia», azaldu du Tokioko turismo agentziako ordezkari Taeko Uedak. «Adibidez, Tokiok hiri modernoa izatearen ospea du Mendebaldean, eta hala da, baina jende askok ez daki antzinako kontu asko gordetzen dituela oraindik: auzo zaharrak, kalexkak eta abar».
Ilara luzea dago Japoniaren erakusmahaiaren aurrean; bisitariei aukera ematen diete norbere izena japoniar karakteretan idatzita etxera eramateko, eta amuak sekulako arrakasta izan du. Izenak idazten dituen emakumeak trebezia handiz dantzatzen du pintzela, baina, hala ere, eskaerak pilatu egiten zaizkio.
Portugalek ere eskaintza oparoa du azokan: Lisboak badu bere erakustokia, Algarvek berea, eta herrialdeko beste eskualde batzuek ere ordezkariak bidali dituzte. «Hilaren amaieratik aurrera, hegaldi zuzenak egongo dira Loiuko aireportutik Farora, eta horrek asko errazten ditu gauzak», azaldu du Algarveko ordezkari Raquel Ramosek. Dioenez, jende asko hurbildu zaie informazio eske: «Gehienek autokarabanaz joateko aukerez galdetzen dute. Badirudi euskaldunok oso gogoko duzuela bidaiatzeko molde hori».
Borja Perez Muñoz Sestaokoa da (Bizkaia), eta, hain zuzen, autokarabanetarako aukerei buruzko informazio bila etorri da: «Aurreko urteetan gune berezi bat egon da horretaz, baina aurten ez. Ez dugu eskaintza askorik aurkitu».
ATZEKOZ AURRERA
Urrutikoa ere berton dago
Gaur iluntzera arte, Expovacaciones turismo azoka egiten ari dira Barakaldoko BECen; badago zer ikusi, eskaintza beste urte batzuetakoa baino urriagoa den arren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu