Udako musika taldeak (I)

Urrezko erromeriak

Euskal Herriko erromeria giroan errotutako taldea da Kupela. Plaza giroa ezin hobeto ezagutzen dute, eta badakite nolakoak diren toki bakoitzeko ikusleak.

Kupela taldeko kideak, Donostiako kaleetan. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
2012ko uztailaren 31
00:00
Entzun
Jai giroaren eta erromeria senaren interpretazio berri batek egin zuen ezagun Angel Larrañaga trikitilari azkoitiarra. Tomas Soraluze Epelde-rekin batera, urteak eman zituen errepidean, herriz herri, txokoz txoko, berbena kulturaren bere interpretazio pertsonala egiten. Iraganeko soinu, melodia eta hitzak eraberritu zituen Epelde eta Larrañaga bikoteak, eta haien abestiak hitzetik hortzera abesten zituzten zaleek. Nonahi eta noiznahi, gainera.

Orain, urteak igaro badira ere, Kupela taldearekin batera jo eta su dabil Larrañaga, betiko erromeria giro jatorra aldarrikatzen. «Plazaz plaza egiten dugun musika oso erraz entzun daiteke», azaldu du Larrañagak, «eta umorearekin jokatzea gustuko dugu, gainera». Arriskua maite eta Pagotxa diskoen egileek diote bi elementu horietan dagoela Kupelaren arrakastaren gakoa, «erromeriazaleak gehien erakartzen dituen konbinazioa baita».

Hala ere, Larrañagak berak azaldu du Kupelaren musika ez dela berdin hartzen eremu guztietan, eta asko aldatzen dela festa giroa toki batetik bestera. «Gipuzkoan dantza giroa nagusitzen da, esaterako, eta ikusleek orduak eta orduak eman ditzakete horretan», dio; «Bizkaian, ordea, lasaiagoak izan ohi dira». Dena dela, Larrañagak dio joera horiek aldatzen ari direla azken garaiotan: «Bizkai aldeko ikusleak, zahar zein gazte, inoiz ez bezala mugitzen ari dira gure kontzertuetan, eta oso bitxia egiten zaigu bat-bateko aldaketa hori».

Lurraldeen arteko halako ezberdintasunak agerikoak badira ere, bada denak maila berean jartzen dituen antzekotasun bat: «Neska gazteak duela berrogei urte bezainbeste animatzen dira, baina mutilei asko kostatzen zaie dantza egitea, kar-kar». Hori bai: Larrañagak dio herriko festa giroa ez dela uste bezainbeste aldatu, eta jendeak pareko gozatzen dituela erromeria saioak. «Gure garaian, ohiko erromeria hotsak moldatu genituen, eta bazirudien jendeak asko gozatzen zuela; egun ere, ikusleek dantza berberak egiten dituzte».

Tximeletez eta erretiroaz

Uda honetan, krisia zertxobait nabaritu badu ere, betiko indarrarekin dihardu Kupela taldeak. «Erritmo onean gabiltza lanean». Eta, Larrañagak dioenez, ez da udako kontua bakarrik. «Neguan ere zuzenekoak ematen aritu gara, ez bakarrik udan». Aste honetan, Gipuzkoan hasiko dute taldearen betiko erromeria giroa: Azpeitian joko dute gaur gauean.

Beste hainbeste musikariri gertatu bezala, urduritasuna ikusi ezin daitekeen taldekidea da Kupelaren barruan. Urteak igaro badira ere, tximeletek sabelean jarraitzen dute. Erantzukizunarekin lotzen ditu horiek. «Zaleek abestiak eskatzen dizkigute, eta profesionaltasunez erantzun behar diegu», azaldu du Larrañagak, «eta urduri jartzeko moduko ardura da hori».

Horrez gain, ezagutzen ez dituzten herrietan jotzeak sortzen duen ikusmina ere tximeleta iturritzat dute musikariek: «Sekula jo ez dugun tokietan ez dakigu zer gerta daitekeen, eta horrek urduri jartzen gaitu, baina, era berean, bizipoza ematen digu ikusleen erantzunak».

Errutina horiek guztiei urte askoan eutsi die erromeria taldeak, eta bistan da emaitza emankorra izan dela. Kupelak ilusio handienez gogoratzen duen zuzenekoari buruz galdetzean, Larrañagak dio asko egon direla, baina Donostian eman zuten bat «bereziki hunkigarria» izan zela. «Gertuko tabernari batek esan zigun ez zuela sekula halako girorik ikusi Donostian», azaldu du, «eta gau horretan ia ezin izan genuen lorik egin, bizitakoaren ondoren».

Zaleen erantzun horrek urruntzen du taldea erretirotik. Larrañagak berak aitortu du noizbait buruari eragin izan diola aukera horren inguruan, baina dio ezinezkoa zaiola oholtzatik betiko jaistea. «Baina hori gertatzen denean, ez da ezer geratuko», gehitu du: «Gazte talde asko dago erromerian gauza oso ederrak egiten». Hala, belaunaldiz belaunaldi igarotako kulturatzat du Larrañagak erromeria: «Giro hori, musika hori eta soinu horiek ez dira sekula hilko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.