Udako seriea. Txokolatea (II)

Urre beltzaren alde beltza

Kakaoaren prezioak marka guztiak hautsi ditu, eta, hortaz, txokolatearenak ere bai. Afrikako ekoizle txikiak, baina, egunean euro batekin bizi dira. Bi milioi haur ari dira lanean kakaoaren laborantzan.

Boli Kostako ekoizleek kakaoari su eman izan diote prezioak igotzea eskatzeko; irudia Abidjanekoa da. LEGNAN KOULA / EFE
Boli Kostako ekoizleek kakaoari su eman izan diote prezioak igotzea eskatzeko; irudia Abidjanekoa da. LEGNAN KOULA / EFE
Kristina Berasain Tristan.
2024ko uztailaren 31
05:00
Entzun

Irakurri hemen serie honetako artikulu guztiak

 

Txokolate ontza bat ez da urre ontza bat, baina, aurki, urre beltza oso noizean behin dastatu beharko da. Kakaoaren prezioa hirukoiztu egin da urtebetean. New Yorkeko burtsan marka guztiak hautsi zituen joan den udaberrian. Martxoaren 28an tonako ia 10.000 dolar kotizatu ziren, 9.255 euro alegia, hau da, inoizko preziorik garestiena. Gerora apaldu egin zen joera, baina maiatzean 6.850 euroren bueltan zegoen prezioa; iaz, garai berean, 2.220 eurokoa zen prezioa. Azken asteetan, berriz ere, gorantz egin du: 7.500 euro inguruan dago oraintxe kakao tona. 

Eskaintzaren eta eskariaren arteko arrakala gero eta zabalagoa delako hazi dira prezioak, etengabe hazi ere. Defizit bat dago, eta hor dago gakoa. Urtean zazpi milioi tona txokolate baino gehiago kontsumitzen dira munduan —Euskal Herrian, batez beste, 5,5 kilo kontsumitzen dira urtean pertsonako—. Kontua da erreserbak minimoetan daudela; 500.000 tona gehiago behar dira. ICCO Kakaoaren Nazioarteko Erakundeak emandako datuak dira. Biltegietan urtea amaitu arteko kakaoa dago, eta, prezioek oraingo joerari eusten badiote, tabletaren salneurria bikoiztu egingo da.

Arrakalarena, baina, ez da garestitzearen arrazoi bakarra. Boli Kostan eta Ghanan ekoizten dira munduko txokolatearen bi heren —%40 eta %20, hurrenez hurren—, eta azkenaldiko lehorte eta euri garaiak ez dira mesedegarriak izan. Joan den abenduan izandako euriteek izurriak eragin zituzten kakao arboletan. Garai horretan ohikoa den euria halako bi bota zuen, eta hezetasunak bi arazo sortu zituen: kakao haziak behar baino gehiago haztea, eta leka beltzetan onddo bat zabaltzea: Phytoptora pamirova. Lehenengo gaitzak zurtoinak haztea eragiten du, askotan kakao arbolak hiltzeraino, eta bigarrenak, kakao lekak zimeltzea. Gaitz horri kakaoburuaren usteldura beltza esaten zaio. Kakao arbolen enborrak hainbat astez egon ziren ur azpian, eta uzta eskasa izan zen.

BOLI KOSTA - KAKAOA
Laborari bat, kakaoburuak biltzen, Adzopen, Boli Kostan. LEGNAN KOULA / EFE

Espekulazioa da beste arrazoia. Merkatua erabat monopolizatuta dago; hau da, enpresa gutxi batzuen eskuetan dago kakaoaren industria, zeinak dirutza mugitzen baitu. Barry Callebaut, Cargill eta Olam dira zerrenda txiki horretan dauden enpresa bakanak. Ez dute soilik kakaoarekin espekulatzen, baita kafearekin, kotoiarekin eta arrozarekin ere. Nekazariei lehengaia merke erostean eta gero prezioekin espekulatzean datza haien negozioa. Uzta baino dezente lehenago erosten dute kakaoa, batzuetan hainbat hilabete lehenago, eta gero prezioak ezartzen dituzte. Nestle, Mars, Lindt, ADM, Kraft eta Hershey’s dira urtean ehun mila milioi dolar mugitzen dituen industria horretan irabazi itzelak dituzten beste enpresa batzuk.

Laborarien egoera

Urre beltzak, baina, alde ilun bat baino gehiago dauzka. Kakaoa Afrikako nekazari txiroen laborantza izan da aspalditik: haiek dira katebegiko parterik hauskorrena, ahulena, zaurgarriena... Boli Kosta, Ghana, Nigeria eta Kamerungo nekazariek ez dute sumatu prezioen igoera, eta, are okerrago, batzuek gero eta gutxiago irabazten dute. Gehienek egunean euro bat baino gutxiago dute bizitzeko. Bitartekariek erosten diete kakaoa, kiloa euro batean, eta kontinente beltzetik atzerrira esportatzen dute, bereziki Europara eta Ameriketako Estatu Batuetara. Gero, balore burtsan ezartzen dituzte prezioak, Londresen edo New Yorken.

Chocolate’s dark secret (Txokolatearen sekretu iluna) txostenak jasotzen duen argazkia itzela da. Mighty Earth gobernuz kanpoko erakundeak lan horretan zehazten du ekoizle txikiek egunean dolar bat baino gutxiago irabazten dutela. Boli Kostan eta Ghanan bost-sei milioi laborari daude egoera horretan. Dokumentua esklabotzaz ere mintzo da, eta, bereziki, haurren egoeraz.

KAKAOA - BOLI KOSTA
Boli Kostako kakao plantazio bat. LEGNAN KOULA / EFE

Egoera kakaoa bezain mikatza da. Afrikan bi milioi haur ari dira plantazioetan lanean. Mutikoak dira gehienak, baina badira neskatoak ere, tartean 7 urtekoak. Esklabo gisa egiten dute lan, trukean ezer jaso gabe, eta, ordurako ihes egin ez badute, bost edo sei urteren ostean plantazioaren jabeek lursail txiki bat ematen diete euren kakao arbola propioak landatzeko. Urtean 210 euro irabazten dute horrela. Kakaoburuak arbolatik bildu, aihotzekin kolpatu, ale zuriak bildu, lehortzen jarri, zakuetan sartu eta horiek kamioietan pilatzeaz arduratzen dira. Aihotza eskuetan, orduak pasatzen dituzte kakaoburuak jotzen, zama handiak garraiatzen eta belar txarrak hiltzeko herbizida, pestizida eta fungizida toxikoak erabiltzen, tartean glifosatoa, inolako babesik gabe. Lanean ari diren haurrek, noski, ez dute inoiz txokolatea jan. 

Boli Kostan hiru langiletik bat umea da. Mali, Burkina Faso, Niger, Nigeria, Togo eta Benin herrialdeetatik joandako haurrak dira. Gurasoek geltokietan eta merkatuetan saltzen dituzte, 230-300 euroren truke, eta trafikatzaileek mototaxietan sartzen dituzte plantazioetan. Asko ihes egiten saiatzen dira, baina ez dute lortzen. Miliziak ere sare horren parte dira. 

Haurren lana

The Dark Side of Chocolate (Txokolatearen alde iluna) dokumentalean agertzen da errealitate anker hori. Boli Kostan, berez, debekatuta dago haurrek lan egitea —sei hilabeteko kartzela zigorra ezartzen ahal dute—, baina praktikan ez da ezer gertatzen, eta nazioarteko enpresek ez ikusiarena egiten diote hain errotuta dagoen arazo horri.

Boli Kostan, berez, debekatuta dago haurrek lan egitea —sei hilabeteko kartzela zigorra ezartzen ahal dute—, baina praktikan ez da ezer gertatzen, eta nazioarteko enpresek ez ikusiarena egiten dute

Boli Kostako Gobernuak 2012an onartu zuen haurren lana amaiarazteko legea, eta nazioarteko fabrikatzaile handiek ere, paperean behintzat, urratsak egin dituzte. 2001ean, Harkin eta Engel protokoloa onartu zuten, haurren lana zazpi urtean desagerraraziko lukeen protokoloa, baina jada hogei urte pasatu dira, eta ezer gutxi aldatu da. BBCk emandako dokumental baten ostean onartu zuten protokoloa, eta, ekintza plan bat ezarri bazuten ere, emandako hitza ez dute bete.

World Cocoa Fundation ere sortu zuten sektoreko enpresek. Ia ehun enpresak egin dute bat kakaoaren industriak sortzen dituen arazoak apaltzea helburu duen fundazio horretan, baina gobernuz kanpoko erakundeek salatu izan dute euren burua zuritzeko egitasmo bat baino ez dela. Arazo konplexuentzat ez dagoela irtenbide sinplerik argudiatu izan dute fundazioko ordezkariek. Trazabilitate etiketak ezartzea izan da proposamenetako bat, baina kate horretan gardentasuna falta da. 

KAKAOA - BOLI KOSTA
Laborari bat kakaoa biltzen Abdijanen, Boli Kostan. LEGNAN KOULA / EFE

Basoen soiltzea da kakaoaren industriaren beste problemetako bat. Boli Kostan legez kanpoko milaka plantazio daude, eta, kakao arbolen ondorioz, baso eta oihan tropikalak ia desagertu dira. Hondamendi ekologikoa agerikoa da. Herrialdean 2,4 milioi hektarea lur bideratzen dituzte monolaborantza horretara, eta ondorioak latzak dira: jatorrizko basoen %10 baino ez dira geratzen. Natura erreserbak ere hondatu dituzte, eta txinpantze, pantera, hipopotamo eta elefanteen paradisuak ziren eremuak kakao arbolaz bete dituzte azken urteetan. Komunitateak ere kanporatu dituzte kakao arbolak landatzeko.

Gobernua arazoaz ohartu da, eta eremu soilduen %20 leheneratzeko asmoa agertu du. Paradoxak, baina, askotarikoak dira. Boli Kostako barne produktu gordina kakaoaren industrian dauden multinazionalen irabaziak baino txikiagoa da. 

Basoen soiltzea da kakaoaren industriaren beste problemetako bat. Boli Kostan legez kanpoko milaka plantazio daude, eta, kakao arbolen ondorioz, baso eta oihan tropikalak ia desagertu dira

Boli Kosta Frantziaren menpe zegoen, baina 1960an lortu zuen independentzia. Felix Houphouet-Boignyren gobernuak kakaoaren laborantza sustatu zuen garai hartan, prezioen gorakadak laborariei eta herrialdeari mesede egingo ziela pentsatuta, baina kolonialismoak ertz asko ditu. Urteekin, egoerak okerrera egin zuen, eta nekazariek kakaoa erre izan dute protesta gisa. Boli Kosta eta Ghanako gobernuek, 2019an, prezio minimo bat ezartzea adostu zuten, ekoizle txikiak babeste aldera. 2020-2021eko kanpainan, tonako 2.300 euroko gutxieneko prezioa ezarri zuten, bestela kakao salmenta eten egingo zelako, baina aldarrikapenak ezerezean geratu dira berriz ere. 

Afrikakoa da, azken batean, kakaorik merkeena. Ekuador, Brasil, Peru, Venezuela, Indonesia eta Papua Ginean ere ekoizten dute, eta herrialde horietan oro har laborarien baldintzak duinagoak badira ere, industria horrek alde ilunak ditu herrialde haietan ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.