Urraburua azalorearekin, patatekin eta baratxuri freskoekin

Urraburua, azalorearekin eta patatekin. IKER MARKINEZ
Iker Markinez.
2025eko urtarrilaren 17a
05:00
Entzun

Iker Markinezek urraburua hartu du oinarri aste honetako errezeta prestatzeko:

Urraburu bat

Azalore erdia

Baratxuri freskoak, 12

Patatak, 3

Oliba olioa

Ozpina

Gatza
1. urratsa

Arrandegian erditik moztuta erosiko dugu urraburua, bi zatitan goitik behera irekita.

2. urratsa

Azaloreari loratxoak atera, eta lapiko batean ura jarri, gatz pittin batekin. Irakiten hastean, 10 minutuz egosi. Atera eta hoztu. Garrantzitsua da egosketa puntua justukoa izatea, aurrerago plantxan amaituko baitugu.

3. urratsa

Baratxuri freskoak zuritu eta horiek ere pare bat minutuz egosi. Horretarako, azalorearen egosketako ur berbera erabiliko dugu. Baratxuri freskoari indarra pixka bat leunduko dio egosketa horrek, eta barrutik bigunago egongo da gero.

4. urratsa

Patatak zuritu eta xerra borobiltxotan moztu. Zartagin batean olioa jarri eta bertan frijitu; xerren lodieraren araberakoa izango da denbora. Plater batera atera, sukaldeko papera jarrita. Horrela, olio soberakina kenduko dugu.

5. urratsa

Plantxa sutan jarri, oliorik gabe, eta, ondo berotuta dagoenean, urraburu zatiak bertan jarri. Adi, jarri azala plantxaren kontra. Su ertainera jaitsi, eta, pazientziaz, egon ukitu gabe zortzi bat minutuz, gutxi gorabehera, eta oliorik bota gabe. Gatz pittin bat bakarrik gehitu. Ondoren, eman buelta espatula baten laguntzaz, eta azala erabat txigortuta duela ikusiko dugu. Orain, jarri aurretik prestatu ditugun osagaiak plantxan, urraburu zatien inguruan. Ozpin txorrotada bat eta oliba-olio txorrotada bat bota. Gorritu urraburu zatiak alde horretatik beste hiru bat minutuz. Plantxa itzali.

6. urratsa

Gaur plantxan bertan zerbitzatuko dugu arrain goxo hau.

On egin!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.