Apnea, urpekaritza askea ere esaten zaiona, pertsona bat ur azpian murgiltzen den diziplina da: oxigeno ekiporik erabili gabe, arnasari ahalik eta denbora luzeenean eustean datza. Apnearen barruan hainbat modalitate daude, eta bakoitzak helburu eta teknika ezberdinak ditu. Trebetasun fisikoa, kontrol mentala eta presioari eta oxigeno faltari egokitzeko gaitasuna uztartzen ditu. Eider Gutierrez Ziardegi (Arrasate, Gipuzkoa, 1976), Euskadiko apnea txapelduna izan zen martxoan, eta Espainiako apnea proba estatikoan txapeldunorde maiatzean; sei minutu eta zazpi segundoko marka lortu zuen bigarrenean.
Nola prestatzen zara mentalki, urperatu aurretik?
Bakoitzak bere trukoak ditu, baina lasai egotea da garrantzitsuena. Oso zaila da burua hutsik izatea, baina, hutsik ez badago ere, behintzat pentsamendu positiboak izan daitezela.
Nola aurre egiten diezu ur azpiko antsietate edo izu uneei?
Lasaitasuna sentitzen da lehenik. Baina une jakin batera iritsita —batzuei lehenago iristen zaie eta besteei beranduago—, gorputzak airea falta duela nabaritzen du. Larritasuna ez dator oxigeno faltagatik: gorputzak CO2 asko daukalako dator. Gorputzak arnasteko eskatzen du: buruarekin ezetz esan behar diozu. Mentalki badakizu gehiago egon ahal zarela, baina gorputzeko seinaleek ateratzeko esaten dizute.
Zer arnasketa teknika praktikatzen duzu? Nola hobetu?
Oso kirol osoa da. Zati asko lantzen dituzu, ez igerilekua bakarrik. Entrenamendu teknikak erabiltzen dira, gimnasioan lan egiten da, lehorreko ariketak egiten dira, arnasketa ariketak, eta gero uretan teknika hobetzen da.
Pandemiaren ondoren hasi zinen apnea egiten. Nolakoa izan da zure eboluzioa?
Bakoitzaren gaitasun genetikoak eragina du. Oso marka onak egin nituen hasieratik; izan ere, bigarren entrenamenduan bost minutu iraun nuen ur azpian. Beraz, hasierako marka ona izanda, ez dut ikusten hainbeste hobetu dudanik... Proba dinamikoetan aurreratu dut gehien, 60 metro egiten bainuen lehen, eta 120 egiten baititut orain hegalik gabeko modalitatean. Teknikan hobetu dut.
Sei minutu eta zazpi segundoko marka lortu zenuen Espainiako txapelketan. Hori baino gehiago egon zaitezke?
Urpean sei minutu eta hamabost segundo irautea da nire errekorra. Baina hobetu dezakedala uste dut. Zaila da. Errazagoa eta dibertigarriagoa da apnea dinamikoan markak hobetzea.
Arriskutsua ere izango da...
Gertatzen dira sustoak. Konortea galtzeko arriskua dago, eta urpean dagoena ez da konturatzen konortea galduko duela. Buruaren eta gorputzaren arteko borroka amaitzen ari dela sumatzen duzunean, ateratzea da onena.
Zuk ere sustorik izan duzu?
Bai, txapelketan, gainera. Burua uretatik atera, konortea galdu, eta lagundu egin behar izan zidaten.
Eta zer gertatu zen txapelketa horretan?
Deskalifikatu egin ninduten. Konortea galdu edo beste zerbaitegatik segurtasunekoen laguntza behar bada, deskalifikatu egiten dute. Garrantzitsua da horrela izatea.
Argi dago oxigenorik ezetz, baina material berezirik erabiltzen duzue?
Sudurra estaltzeko pintzak, urpeko betaurrekoak, neoprenoak, hegalak, eta lepo gaineko pisua ere berezia da. Material dezente dago, garestia gainera.
Zein da apnean hasten den norbaiti emango zeniokeen aholkurik garrantzitsuena?
Lehenik eta behin, prestakuntza egin behar da. Benetan egin nahi izanez gero, ikastaro bat egin behar da, eta beti lagunduta joan. Kirol seguru eta polita da arauak errespetatzen badira, baina oso arriskutsua da norberak bere kontura egitea. Urpean sartu eta denbora norberak kalkulatzea ez da apnea, zorakeria bat baizik.
LOTSABAKO
Apnea praktikatzeko leku bat?
Mendizorrotzako [Gasteiz] igerilekuak.Hurrengo erronka?
Itsasoan lehiatzea.Zeinetan?
Kariben.