Urola-Kostako Erlo telebistak webgune berria sortu du

2008ko maiatzaren 29a
00:00
Entzun
Urola kostako Erlo telebistak www.erlotelebista.com webgune berria sortu du bere edukiak bertan zintzilikatu eta ikus-entzuleekin harremana sendotzeko asmoz.Telebistaren digitalizazioarekin egin zuten legez, webgunea sortzeko «ahalegin berezia» egin dutela eta «etorkizunerako tresna garrantzitsua» izango dela adierazi du Iban Bengoetxea Erlo telebistako programazio arduradunak. Telebista bezala, webgunea ere euskara hutsean dela nabarmendu du. Urola-Kostako Azpeiti-Azkoitiko eta Zarauzko telebistek bat egitetik sortu zen Erlo telebista, iazko urrian. Urola kostako telebistari buruzko informazioa, albisteak, erreportajeak eta bideoak ikusteko aukera eskaintzen du, besteak beste, atari berriak.



«IKUSLEEKIN HARREMANA SENDOTU». Oraindik, webgunearen proiektua hastapenetan dagoela dio Bengoetxeak. «Hasierako fasean gaude, lehendabiziko urratsak egiten. Datozen asteetan, webgunea osatzen eta aberasten joateko asmoa dugu. Hori guztia, ordea, poliki poliki egin nahi dugu». Webgunea sortzearen helburu nagusietako bat ikus-entzuleekin harremana sendotzea dela dio. «Herritarren ekarpenekin elikatu nahi dugu martxan jarri berri dugun orria. Era berean, Urola Kostatik kanpo bizi den edonork webgunea bisita dezake».

Lau eduki nagusi ditu Erloren web atari berriak. Bideoen atalean egunero 10 grabazio inguru zintzilikatzen dituzte. Horrez gain, eskualdeko azken albisteen laburpenak irakurtzeko aukera ematen du. Bestalde, parte hartzea bultza eta ikusleen iritziak bildu eta trukazteko foro bat ere zabaltzeko asmoa dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.