Mendi ibilaldia

Urola aldeak galdutako basoetan

Urola aldeak galdutako basoetan.
  • Herrialdea: Gipuzkoa
  • Zailtasuna: Erraza
  • Tontor eta leku izenak: Altzolaratz, Erdoizta, Astuizabal, Aizarna
  • Distantzia: 8,5 km.
  • Iraupena: 4-5 ordu.
  • Ingurunea: Pagoeta parez pare eta Izarraitz bistan dugula, 'aurrerapenaren' lekuko izango gara.
  • Estekak: Ibilbidea
2007ko apirilaren 13a
00:00
Entzun
Urola erdian kokatuko dugu gaurko txangoa, Altzolaratz edo Granada errekaren ibarraren eta Ernio mendikateko ipar-mendebaldearen artean. Abiapuntua, Etumetako parajean ipiniko dugu; Erdoizta-Aizarnako bidegurutzean, hain zuzen ere. Bertara iristea, komunikabide publiko eskasiarengatik, zaila suertatuko zaigu, baina mendizale asko Etumeta aldera Azpeititik eta Aizarnatik gerturatzen dira; auto-stopa aukera bat da, autoa ez dugunontzat. Bizikleta ere hor daukagu alternatiba modura.

Asfaltozko bidetik, Erdoiztarantz abiatuko gara, kilometro eta erdi egin ondoren, Ezkurromendi baserrien ikuspegia daukagu. Hortik ere ikusi dezakegu Ezkurromendi eta Erdoizta tartean egin den sarraskia; pinudi oso bat bota dute, matarrasa izugarria, lur dena agerian, biluzik. Horrelako malda batean, lurra eguraldien kapritxoen eskuetan geratzen da eta grabitatearen indarrarekin, den-dena erreka zulora eramaten du. Erdoiztako parajeak, Gazumeko magalak, mendi osoa, pinu pistaz josia geometrikoki koadrikulatua dago.

Erdoizta auzoa, lau baserri eta eliza biribil bat. Mendi bizkar gainean eraikita, Gazume mendiaren ipar-mendebaldeko hegalean. Garai hobeak izan dituela begi-bistakoa da, orain ia dena utzirik dago: soroak, baserriak, baso galduak ustiaketa bortitzaren menpe... Eta pare-parean, Pagoetako Natur Parkea. Babestua eta errespetatua. Hau da administrazioen jokoa, alde batetik babesa, beraien buruari ekologista etiketa berdea jarriz, eta beste aldetik ustiaketa bortitzak; baso industriak, autobideak, AHT... Natura eta aurrerapena bateragarriak direla diote, baina ez dugu ahaztu beharhemengo industria eta banka erabat loturik daudela Kyotoko akordioak errespetatu gabe mundu osoan ematen ari diren pauso ekologikoekin. Hala, aldi berean, Hirugarren Munduko kanpo zorra mantentzen laguntzen dute. Bi hitzetan esanda, herri bat baino gehiago, potentzia kapitalista baten sukurtsal bat gara.

Erdoiztatik aterako gara. Eliza ondotik behera, hesi bat pasatu eta ezkerretik, gurdibide edo bidezidor batetik Granada errekako sakonera jaitsiko gara. Bideak, sigi-saga egiten du, mendi magaleko pendiz handia gaindituz, eta minutu gutxian Granada baserriko errepidera iritsiko gara. Hortik, Granada baserria zenaren ordezko etxe-txaleta ikusi ahal izango dugu bazter laiotz batean. Orain, horren ondoan dagoen errepidea utzi eta errekaren parean ezkerretik segitu, zubi bat pasatu, Errota-Barrena baserriaren hondakinetara heldu arte, zentrala pasatu eta laster izango gara hondakin horietan. Gurdibidea, pixka bat aurrerago, erreka zubi batetik beste aldera pasatzen da, guk hori utzi, eta ezkerretik Astuizabal baserrietara doan bidezidorra hartu beharko dugu. Beraz, adi norabidearekin. Bidezidorra, Ezkurromendiko magaletik, Eskurro erreka pasatu eta Aitzelar mendi magaletik gorantz doa, pinu pista nagusi batekin bat egin arte. Paraje horretan ere, begi-bistakoa da lehen aipatutako kontrastea, alde batetik Pagoetako Parke Naturala, eta bestetik ustiaketa bortitzaren ondorioz birrindutako basoak. Erreka arroilean zehar erabat ezkutatua doan bitartean, bidea Aitzelarko kobazuloen paretik pasatzen da; horietan metro batzuk barnera gaitezke, nahiz eta ilunpetan sartu behar. Inguru horretako harkaitzetan, historiaurreko aztarnak dituzten kobazulo asko aurkitu dira; Errallo eta Amalda, adibidez. Duela gutxi, Pagoetako Parke Naturalean, mineral berezi baten ondorioz esnea bezalako errekatxo bat zuen kobazulo bat aurkitu zuten; benetan gauza kuriosoa.

Aurrera goaz, eta bat-batean, Aitzelarko parajetik Astuizabal baserrietara aterako gara. Baserri horiek harreman estua zuten Aiako Altzola auzoarekin. Bertako biztanleak oraindik gogoratzen dituzte garai haietako erromeriak, auzolanak eta igandeetan elizarako bidean gertatutako pasarteak. Orain erabat bakartuta daude, nahiz eta Santa Grazi eta Aizarna-Etumeta bidearekin bat egiten duen errepide batek bailaratik atera. Gu ere, hortik gora aterako gara. Ibiltzen goazen neurrian, bailararen beste aldean, Altzola auzoa ikusiko dugu, Pagoeta azpian Astuizabalgo landak amaitu eta berriro, Astuimendiko magaletik, pinudian sartuko gara, eta Bergarateko lepora aterako. Hor, begi-bistan Santa Graziko tontorra agertuko zaigu. Beste 400 bat metro egin, eta Aritxoeta baserrien parean, Etumeta-Aizarnako errepide nagusira aterako gara. Gelditzen den gauza bakarra, abiapuntura hurbiltzea da. Aurkitzen garen sasi eta hesien arteko lurralde honetako mendi bizkar honetatik mendebaldera ikuspegi zabala daukagu: Izarraizko mendilerroa Urola gainean, Erlo, Sasiarte-Andutz gailur zorrotzak... Ikuspegi benetan ederra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.