Bide Ertzean musika taldeak Urnietako (Gipuzkoa) Sarobe kulturgunean grabatu zuen 77 diskoa, duela urte eta erdi. Bada, gaur bertara itzuliko da Tolosako taldea. Saroben, azken lanaren aurkezpen ekitaldi berezi bat egingo du, 19:00etan. Urnietako Udalari eta Sarobe kulturguneari eskerrak adierazi nahi dizkie diskoaren grabazioan emandako laguntzagatik. 77 diskoko kantuak jotzeaz gain, grabazioari buruzko xehetasunak ere azalduko dituzte Bide Ertzean-eko musikariek. BERRIAlagunek doan ikusi ahal izango dute gaurko emankizuna.
Taldeak irailean aurkeztu zuen bere bederatzigarren lana. 1977an girotu dute disko berria, eta horregatik deitu dute 77. Urte horretan taldeko kideen osaba bat eta haren lagun bat hil zituen Guardia Zibilak. Familiako oroitzapen hura abiapuntu hartuta, garai horretan jarri dute arreta: punk mugimenduaren gorena, Elvis Presleyren heriotza, ikurrinaren legeztatzea, euskararen aldeko lehen Kilometroak, Franco hil osteko lehen hauteskundeak...
Azken urteetan taldea bost lagunek osatu dute, baina datozen hilabeteetan hirukote gisa taularatuko da Bide Ertzean. Hasierako eredura itzuliko dira Imanol eta Joni Ubeda anaiak eta Karlos Aranzegi. Hirukoteak Urnietan ez ezik Zarauzko (Gipuzkoa) Garoa liburu dendan ere joko du gaur, 11:00etan, Paperezko kontzertuak jaialdiaren barruan.
KONTZERTUA
Noiz. Gaur, 19:00etan.
Non. Urnietako Sarobe kulturgunean (Gipuzkoa).
Urnietara bueltan, esker onez
Bide Ertzean taldeak '77' diskoa grabatu zuen lekuan emango du kontzertua gaur, Sarobe kulturgunean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu