Gorobil mendilerroan barrena abiatuko da Urmuga egitasmoa, uztailaren 13an, eta, hemeretzi egunez, Euskal Herria mendebaldetik ekialdera zeharkatuko du, uztailaren 31n Hiru Erregeen Mahaian bukatu arte. Espedizioan, mendizaleak eta musikariak elkartuko dira. Izan ere, mendizaletasuna eta musika batzen dituen egitasmoa da Urmuga.
Iaz egin zuten lehen aldiz Urmuga, eta, izandako arrakastaren ondoren, aurten berriz egingo dute. Urmuga Euskal Herria josten duen ertz luze bat da: Garobel Mendilerrotik Auñamendietako Hiru Erregeen Mahaiaraino doana, eta hortik hartu du egitasmoak izena.
Urmugak irauten duen egunetan, hainbat kontzertu izango dira: formatu handiko sei kontzertu eta formatu txikiko beste sei. Euskal Herriko eta atzerriko hainbat musikari eta kantari izango dira Urmugako kontzertuetan, eta Et Incarnatus orkestraren 15 bat partaidez osatutako hezurdura izango dute oinarrian. Besteak beste, honako musikari hauek parte hartuko dute: Dupla, Gorka eta Nerea Urbizu, Alex Sardui, Olatz Salvador, Nogen, Anari, Chill Mafia, Niko Etxart, Juantxo Arakama (Glaukoma), Idoia Asurmendi... Lehen kontzertua Tologorrin egingo dute, eta azkena, Izaban. Edozeinek parte hartu ahalko du proiektuan, beti ere antolatzaileek jarritako baldintzak betez: segurtasun neurriak eta naturarekiko eta besteekiko errespetua mantentzea beharrezkoa izango da.
Antolatzaileek nabarmendu dutenez, aurtengoan artisten zerrenda zabaldu nahi izan dute, estilo ezberdinetako musikariak batuz. Artista gazteei garrantzi berezia eman diete, bi helburu argirekin: talentu gazteen ikusgaitasuna sustatzea eta publiko gaztea erakartzea. Urmugako antolatzaile Migel Zeberiok adierazi duenez, “mendi inguruan inoiz ibili ez direnak” naturara hurbiltzeko aitzakia gisa erabili nahi dituzte kontzertuak, baita adin guztietakoak musikara hurbiltzeko ere.
Horrez gain, gazteak proiektura erakartzeko, Urmuga mendi zeharkaldi ikastaroa jarri dute martxan. Ikastaroa hamalau urtetik hemezortzi urtera bitarteko gazteei dago zuzenduta, eta ibilaldian zehar norberaren zein aterpe libreen zaintzari, elikadurari edo segurtasunari buruzko eduki teorikoak azalduko dizkiete gazteei bi mendi gidarik. Aste bakoitzeko txanda bat osatuko da, eta txanda bakoitzeko gehienez hamalau lagun onartuko dituzte, Euskal Herriko probintzia bakoitzeko bina.
Urmuga zaindu dezagun egitasmoa ere martxan jarri dute. Natura zaintzearen garrantziaz ohartarazi nahi izan dute antolatzaileek egitasmo honekin, eta Aramaioko (Araba) lurretan dagoen pago zahar batek gorpuztuko du egitasmoa. Antolatzaileek adierazi dutenaren arabera, pago honek 250 urte inguru ditu, eta, herriko udalarekin batera, horrelako zuhaitzak babesteko elkarlanean dabil Urmuga.