URMUGA

Urmuga, haria blaitzeko prest

Uztailaren 12tik 30era egingo dute Urmuga mendi ibilbide musikatua. 50 musikarik eta talde inguruk parte hartuko dute. BERRIAk babestuko du, eta modu berezian jorratuko du.

Urmugako antolatzaileak, babesleak eta musikariak, Donostian egindako aurkezpenean. GORKA RUBIO / FOKU
ane insausti barandiaran
2023ko martxoaren 30a
18:00
Entzun

Tanta bakan batzuk isuri zituen iaz Urtantak kostaldean, baina, aurten, prest dago Urmuga, mendiz mendi eta kantaz kanta Euskal Herria blaitzeko. Gaur goizean aurkeztu dute aurtengo ekitaldia, Donostian, Euskadiko Arkitektura Institutuan egindako agerraldian. Bertan izan dira Urmugaren antolatzaileak eta musikariak, erakundeetako ordezkariekin batera.

Uztailaren 12tik 30era egingo dute aurten zeharkaldia, eta alderik alde zeharkatuko dute Urmugaren ertza, Garobel mendilerroan hasi eta Hiru Erregeen Mahaira arte. Hilabeteak daramatzate logistikoki eta musikalki dena presatzen, Migel Zeberio Et Incarnatus Orkestrako zuzendaria eta Urmugako musikaren arduradunaren arabera: «Udaberriarekin batera, iritsi da kukuaren kantua, urtu dira bide bazterreko elurrak, eta hasi da errekaren xuxurla. Eta, udarekin batera, etorriko da Urmuga ere».

Jaialdi «bakana» dela dio Zeberiok, beste inon ez baitira mendia eta musika horrela uztartzen. Herritarren «ilusioa» nabarmendu du, «zain» egoten baitira Urmuga noiz iritsiko. «Jendea leku ikaragarrietara eramaten dugu», esan du, eta haren atzeko pantailan agertu dira toki horiek, fotogramaz fotograma, aurreko aldietako irudiak erakusten: mendia, basoak, lakuak; musikariak, ikusleak, txaloak.

50 musikarik eta talde inguruk parte hartuko dute aurten, eta, oraindik zerrenda guztiz itxita ez badago ere, aurkeztu dituzte izenetariko batzuk: Olaia Inziarte, Eñaut Elorieta, Donostiako Orfeoia, Xutik... Ohi bezala, hainbat estilotako kantariak gonbidatu dituzte, Et Incarnatus Orkestrarekin batera kontzertuak emateko. Aniztasuna bilatzen dute publikoan ere, izen ezagunei tiraka, haien abestiak orkestrarekin batera entzutera animatu nahi dutelako jendea: «Askotan, orkestra bat sekula entzun ez duen jendea etortzen da».

Musikari gazteak gonbidatzeko apustua egin dutela nabarmendu du antolatzaileak. «Bereziki gazteengan jarri dugu begirada, oso garrantzitsua delako gazteei leihoa irekitzea. Gero zer egingo duten ez dakigu, baina inportantea da», adierazi du. Horren erakusgarri, ekitaldiaren amaieran Sara Azurzak bere Ez ohildu abestia abestu du, orkestra lagun.

Mendi ibilbideak
Hemeretzi etapa egingo dituzte guztira parte hartzaileek, duela bi urteko berberak. Felipe Uriarte Mendiak eta Herriak elkarteko gidaria da ibilbidearen arduraduna: «Urmuga hari trinko, sendo eta gardena da. Ez ditugu maite gure herria zatitzen dituzten mugak, eta horien gainetik igaroko gara, oinez eta musikaz».

Muga horiek salatu ditu, hain zuzen, Uriartek: «Ez ditugu maite, salatu nahi dugu hizkuntzari Euskal Herri osoan jartzen dizkioten mugak. Ez da zilegi. Ezin duzue hizkuntzari mugarik ezarri, ezin diozue hitzari bidea itxi». Aldarrikapen horri jarraituz, azaldu du euskara izango dela Urmuga zeharkaldi musikatuaren hizkuntza ardatza.

Maialen Lujanbiok Bertsolari Txapelketa Nagusia irabaztean botatako agurra moldatuta biribildu du Uriartek ekitaldia, bertsoko ideiak Urmugak bildu nahi dituenekin uztartuta: «Bultza Urmuga den/ ibili ederraren martxari/ kontrapisu eginez/ geldirik egoteari/ motxila bete indar/ oinak dantzari/ borroka irabazteko/desesperantzari».

BERRIAk, modu berezian informatu
Aurten ere, BERRIA izango da egitasmoaren hedabide babesleetako bat. Modu berezian emango du egitasmoaren berri, zeharkaldia barrutik zein kanpotik nolakoa den azalduz, kolaboratzaile sare zabal batekin. Berrikuntza gisa, Mendia kanalaren bitartez zabalduko du begirada. Horrez gain, BERRIAlagunek hobariak izango dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.