ATZEKOZ AURRERA. Patxi Huarte, 'Zaldieroa'. Komikigilea

«Urkulluk ez dit laguntzen; jantz dezala pertsonaia»

'De Rerum Natura 6' liburuaren marketin kanpaina egin izana eskertu diote lehendakariari marrazkilariak eta editoreak. Urkulluren jarrera ulertzen duela esan du Zaldieroak.

JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Edu Lartzanguren.
Donostia
2015eko azaroaren 11
00:00
Entzun
Patxi Huarte Zaldieroa (Faltzes, Nafarroa, 1966) komikigileak De Rerum Natura bildumako seigarrena argitaratu berri du, Elkar argitaletxearekin. Atzo aurkeztu zuen lana, Donostian, Xabier Mendiguren eta Santi Leone ondoan zituela.

Iñigo Urkullu lehendakariak zutaz hitz egin zuen astelehenean Euskadi Irratian. Ez zitzaion asko gustatu zure komiki bat, Euskal Herriaren independentziarako gogorik ez duela iradoki zenuelako. «Ideologia politiko bat» izatea egotzi zizun. Zer sentitzen da herrialde bateko agintari nagusietako bat zutaz mintzo denean?

Plazera ematen dit jakiteak Urkullu jaunak BERRIA irakurtzen duela. Oso ondo. Badaki nor naizen, «ideologia bat daukan komikigilea» naizela esan baitu. Lehendakariak informatua egon behar du. Oso ongi. Ziur naiz Rajoyri ere Polonia telesailaz [Kataluniako TV3 telebistako umore saioa] hitz egiten diotela.Nik badakit ez dela atsegina Urkulluri jarri diodan pertsonaia, baina hark ez dit laguntzen. Egin dezala zer edo zer, jantz dezala pertsonaia. Ibarretxek prozesu bat eraman zuen aurrera; horregatik, Braveheart zen haren metafora. Lopezek hiritartasuna eta arrazionaltasuna ekarri nahi zuen: napoleondarra zen. Baina Urkulluk ez du metaforarik. Orain atera du Foru Nazioa. Hori izan zitekeen haren metafora, baina hori ere ez du lantzen. Estatu Berria ere ez. Dena du airean.

Twitterlarien mezuekin eginiko komikiak daude seigarren honetan ere. Lan gutxiago egiteko?

Lan kolektibo bat egiten ari gara Twitterren. Izugarri gustuko dut auzolana. Gainera, batzuetan lan handiagoa ematen dit besteen ideiekin zintak egiteak, neureekin hutsetik egitea baino. Behin Nafarroako troll foral batek idatzi zuen txio bat euskararen kontra. Katebegi Galdu bat marraztu nuen trollaren mezua idazten ordenagailuan, eta haren izenarekin sinatu nuen komikia. Ikusi zuenean, haserretu egin zen: «Zein txatxuak eta gaitasun gutxikoak diren», idatzi zuen: «Besteon mezuak erabili behar dituzte!».

Euskaraz sortzaile izugarri onak daudela esan duzu, baina gero jende gehienak existitzen direnik ere ez dakitela. Zergatik dago halako kristalezko sabaia?

Independentziarik eta burujabetzarik ez dugulako gizarte normalizatu bat egiteko euskararen inguruan.

Kazetariekin ere gogorra zara. Zure Euskal Michael Moore pertsonaia ez al da modu bat haiei esateko: «Hau egin beharko zenukete, baina ez duzue egiten»?

Bai. Ni kazetari sentitzen naiz barru-barruan. Kazetaritza molde bat nagusitu da, ez molestatzen saiatzen dena. Ez dut esan nahi erasokorra izan behar duzunik, baina kazetariak gogorra izan behar du. Nire pertsonaia guztietan dago neure alde bat. Uxue Barkos lehendakariari buruzko zintetan bufoi gisa agertzen naiz. Talibana ere neu naiz. Hala dio neska-lagunak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.