Su festak ikusteko, leku bereziak bilatzen dituzte askok Bilbon Aste Nagusian. Emanaldia hasi aurretik, jendetza biltzen da itsasadarraren bi alboetan, leku on baten bila. Bi alboen artean, dozenaka barkuk geldialditxoa egiten dute gauero, eztanda koloretsuak ikusteko. Egunero dozenaka lagun Bilboatsen Ibai Eder ontzira igotzen dira, eta, Bilbo iluntzean ikusi ondoren, beste zenbait barkuren artean txoko bat bilatu, eta su festez gozatzeko parada hartzen dute.
«Batez ere Bilbokoak eta inguru herrietakoak dira. Su festak ontzitik ikustea berria izaten da etortzen diren gehienentzat, eta asko disfrutatzen dute», dio Iñigo Villanueva patroiak bidaia hastear dela. «Bilbo eta suak ikusteko beste modu baten bila etortzen dira, eta, oro har, oso pozik joaten dira». Izan ere, su festak ez ezik, Bilboko txokoak iluntzean barku batetik ikustea «ederra» da, hara bildutakoen ustez.
Hala iruditu zitzaien iaz Idoia Martinezen lankideei, eta aurten berriro bueltatu dira, Martinez lagun dutela. «Iaz ezkonaurreko festa bat ospatu zuten hemen, eta errepikatzeko gogoarekin geratu ziren». Talde argazki pare bat atera ondoren, bistak eta giroa disfrutatu ditu taldeak: Guggenheim, Euskalduna, San Mames, Deustuko zubia, Karola, eta geratzen diren Bilbo industrialaren azken aztarnak; iluntzean lehenengo, ilundu ostean gero.
Familiartean elkartuta
Itsasadarraren albo batetik paseatzen zebiltzan atzo Sara Rodriguez eta haren mutil-laguna, su festak itsasadarretik ikusten zituzten barkuei begira. Carolina del Blanco eta Eva Perez Moreno senideak Leondik (Espainia) eta Madrildik etorriak ziren Bilbora, eta otu zitzaien suak ikusteko leku ederra izan zitekeela. Aurreko egunetan Bilboko beste zenbait txokotatik ikusi dituzte su festak, eta, oro har, asko gustatu zaie ikusitakoa.
Familiarekin etorritakoa zen Josu Arrue beasaindarra ere. Suak ontzitik ikusi dituen lehen aldia izan da, eta paisaia eta bistak asko gustatu zaizkio. «Giroa ere oso polita da, musikarekin. Beste barkuekin batera ibili gara, eta jendea oso alai zegoen».
Hala, giro ederrean ospatu dute Belen Plaza eta Karla Vitoria ama-alabak bigarrenaren urtebetetzea. «Jaietatik gehien gustatzen zaiguna suak dira», azaldu du Plazak. «Aste honetako gehienak oso onak izan dira, eta asko disfrutatu ditugu; izan da egunen bat eskas samarra, baina besteak oso onak izan dira. Normalean, Uribitarteko moilatik ikusten ditugu, eta, egia esan, gero eta hobeak dira, nire ustez», nabarmendu du Vitoriak. Aurten, «toki berezi batetik» ikusi ditu su festak.
Uretan nahastutako sua
Zerbait berri egin nahian, dozenaka lagunek ibaitik ikusi dituzte Aste Nagusiko su festak; itsasadarrean ibilbide bat egin ondoren, parada hartu dute suziriak ikusteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu