Donostiako Aste Nagusia. La Flamenka

Uretan bihurriago bilakatzen dira piratak

Abordatzerako trebatzeko, ur jolasetan aritu dira gazteak, beroari umorearekin aurre eginez

Ur jolasen bidez trebatu ziren piratak abordatzeko. Bihurrikeriak zirela tarteko, umorez pasatu zuten goiza portuan. JAGOBA MANTEROLA/ ARP.
Donostia
2012ko abuztuaren 18a
00:00
Entzun
Ekinez egiten omen da bidea, eta piratek asko dakite horretaz. Ez gara ikasiak jaiotzaz, eta haiek ere esperientziari esker ikasten dute inguruko itsasontziak abordatzen. Ez dute gustuko, ordea, ikusi eta ikasi lelo famatua, eta, bi aldiz pentsatu gabe, uretara egin zuten jauzi piratek atzo goizean, ur jolasetan parte hartuz, abordatzeko trebatzeko.

Atzo ez zuten txaluparik egin behar izan, benetako abordatzean bezala, bi batel izan baitzituzten eskura. Hasierako helburua, elkar txandakatuz, lehen taldea izatea proba amaitzen. Badirudi ez zutela lan handirik egin behar izan, baina datu garrantzitsu bat geratu da esan gabe, batelak borobilak zirela, eta ez zutela lan erraza izan orekari eusten. Muturreko eta ezusteko batzuk zirela tarteko, nota onarekin amaitu zuten lehen proba guztiek.

Bizitoki naturala itsasoa duten momentutik, igeri egiten ere trebatu behar dute, bestela, akabo. Zapiaren jolasa izan zen bigarrena, baina bizkortasuna, korrikan beharrean, igerian erakutsi behar izan zuten. Azkartasuna edo tranpak egiteko abilezia. Izan ere, elkarri oratuz edo ondokoari igeri egitea galaraziz egin baitzuten askok zapia hartzerainoko bidea. Jakina zen bihurriak zirela, eta atzo ere ez zuten denbora asko behar izan hori berresteko.

Azken proba falta zitzaien. Orekari eusteko eta igeri egiteko trebetasunez gain, indar pixka bat ere behar izaten dute piratek etsaiari aurre egiteko. Sokatiran egiteko era berri bat aurkeztu zuten atzo, uretan egin baitzuten tira, ahal izan zuten moduan. Aurreko egunetako dantza, jan eta edan guztiak nabaritzen hasi ziren azken proban, eta hobe ongi bukatzea, kontua luzatzen ibiltzea baino.

Lehen aldiz antolatu dituzte piratek ur jolasak, eta, lehen aldia izateko, atzokoa «garaipen» bat izan zela esan du Onintza Rojasek, kolektiboko kideak. «Orain arte tailerrak antolatzen genituen, baina, goizean izanagatik, ez zen ia inor azaltzen. Jolas hauekin jendea uretan ibiltzera eta ondo pasatzera animatu dugu, eta hurrengo urtean gehiago eta hobeto izango da, ziur». Iker Elosegi piratak parranda egin ostean lo gutxi eginda azaldu zela aitortu digu, baina ederki pasatu zuela, eguraldiak ere uretan egotea eskatzen zuelako. «Batek ideia bat bota, elkarrekin komentatu, hariak mugitu eta horrela antolatu ditugu», adierazi du Elosegik.

Pintxoen tradizioa

Zerbait erakargarria badu Donostiak, jatea gustuko dutenentzat behintzat, Parte Zaharreko pintxoak ditu. Tradizio horri jarraiki, bigarren aldiz egin zuten atzo eguerdian pintxo hotzen lehiaketa La Flamenka txosnagunean. Carla Blasco eta Jone Etxeberriak, esaterako, aspalditik zuten pentsatua lehiaketan parte hartzea: «Ideia indartsu batekin etorri gara, eta ziur irabaziko dugula».

Horrelakoetan, baina, beti izaten da azken momentuan aurkeztu eta, zorte apur batekin, saria erdiesten duen norbait. Txosnako barra atzetik atera, pintxoa minutu gutxian egin eta bi pertsonarentzako afaria irabazi zuten Garazi Urkiolak eta Irati Caballerok.Ogia gaztaz igurtzi, piper berdea eta tomatea txikitu, eta ikurrin baten itxura eman zioten pintxoari. «Tomatea, piper berdea eta gazta ikusi ditudanean, sentimendu politiko bat etorri zait, eta begira!», adierazi du Urkiolak, barrezka. Etxean ere egiten omen du sukaldean, nahiz eta batzuetan alferkerian jausi, baina pintxoakez dituela sekula egin dio txantxa giroan. «Originala izan da ikurrinaren kontua, agian aitzindariak izango gara», gaineratu du algaraka.

Lehiaketaren amaierarekin, bazkalordua iritsi zen. Kuadrilla bakoitzak eramandako janarekin, bapo bazkaldu zuten 300 gazte inguruk, arratsalderako eta gauerako indarrak hartzeko. Hor ere izan zen azken orduan ogitarteko bila ibili zenik. Gaur, gaueko eskaintza soilik izango da La Flamenkan, Governors eta Obrint Pas taldeekin. Bihar, arratsaldeko Irrikitaldiarekin bukatuko da Aste Nagusi Pirata.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.