Urduritasunak gora, azazkalak ahora

Antsietatea, urduritasuna edo dena delakoa baretzeko asmoz, askok azazkalei hozka egiten diete. Ez dago azazkalei hozka egiten uzteko tratamendu finko eta eraginkorrik, baina adituek emozio horien jatorria aztertzea gomendatzen dute.

Azazkalei hozka egiten dien pertsona baten eskua. FML.
Amaia Jimenez Larrea.
2023ko martxoaren 23a
00:00
Entzun
Ez da oroitu ere egiten noiz eta nolatan hasi zen azazkalei hozka egiten, baina kontatu du ingurukoek beti behatz bat ahoan duela irudikatzen dutela. Maider, 20 urteko gaztea, txikitan hasi zen azazkalei hozka eta hozka, eta orain uztea zaila egiten zaiola aitortu du: «Nahi gabe egiten dut gehienetan», kontatu du gazteak. Egunero egiten duen zerbait den arren, urduri dagoenean «askoz ere gehiago» egiten duela aipatu du.

Azazkalei hozka egiteko praktikak badu izena: onikofagia; eta Osasunaren Mundu Erakundeak «azazkalei hozka egiteko modu konpultsibo» gisa definitzen du. Erakunde horren datuen arabera, mundu osoko biztanleen %20k baino gehiagok egiten diote hozka azazkalei.

Baina, zer dela-eta aritzen da jendea azazkalei «modu konpultsiboan» hozka egiten? Bada, Maite Blanco psikologoaren ustez, zerbait gertatzen den sintoma da: «Arazoa ez da azazkalei hozka egitea, atzetik datorren zerbaitbaizik», aipatu du. Atzetik datorren hori, urduritasuna, frustrazioa, estresa edo antsietatea izan daitezke, besteak beste, psikologoaren hitzetan.

Galdera batzuk proposatu ditu Blancok, azazkalei hozka egiten dieten pertsonek euren buruari egiteko: Noiz jaten ditut azazkalak? Norekin nago hori egiten dudanean? Zer gertatzen arizait azazkalei hozka egiten diedan bitartean? Zertan ari naiz pentsatzen? «Galdera horien erantzunek norberak azazkalei hozkazergatik egiten dien argitzeko arrastoak eman ditzakete», esan du.

Norbera azazkalak jaten zergatik ari den konturatzeak, hain zuzen, energia hori modu «osasungarriago» batean bideratzen saiatzeko aukera eman dezakeela kontatu du psikologoak. «Agian ez dago arazo konkreturik, besterik gabe pertsona batek urduria delako egiten du hori, baina behintzat badaki zein den arrazoia, eta modu batera edo bestera kontrolatzeko aukera izan dezake», gehitu du psikologoak.

Bestalde, Blancok esan du agian kasu batzuetan jatorria identifikatzea ez dela nahikoa: «Mugimendu oso automatikoa da, di-da batean egiten dena, eta konturatzerako jada egina duzuna. Hori lantzea oso zaila da». Horretarako, azazkalei hozka ez egiteko kontzientzia piztuko duen elementuren bat gomendatzen du psikologoak: gezurrezko azazkalak jartzea, azazkala ahora sartzean hozka egin eta apurtzeko aukerarik ez izateko, edo azazkalei zapore txarra ematen dieten produktuak erabiltzea, zapore desatsegin horrek ekintzahori bera egitea galaraziko duelako.

Aspaldiko ohitura

Jendea, helduagoa den heinean, kasu batzuetan, konturatuz joaten da azazkalei hozka egitea ez dela irtenbide egokia;hala esan du psikologoak: estres edo urduritasun egoerei aurre egiteko, horiek kudeatzeko beste erreminta batzuk eskuratuz joaten direlako, hain zuzen. Bestalde, ohitura okerragoetara jotzeko joera ere badago; adibidez, azazkalei hozka egin ordez, zigarreta bat erretzekoa.

Gehienbat haurtzaroan hasten da jendea azazkalei hozka egiten, eta arrazoia argia da: garai horretan haurrek ez baitute erremintarik egoera jakin batzuetako emozioak kudeatzeko. «Haurrek karga bat [emozio bat] izaten dute, eta, kudeatzen ez dakitenez, batzuek azazkalak hozkatzen dituzte, beste batzuek behatzak kraskatzen dituzte, edo ileak kentzen dituzte», aipatu du Blancok. Urteek aurrera egin ahala, ordea, kudeatzeko moduak aldatu egiten dira.

Pedro Gorrotxategi Osakidetzako lehen arretako medikua da, eta haurrekin egiten du lan. Blancoren iritzi berekoa da medikua: haurrek estresa edo bestelako emozioak baretzeko egiten diete hozka azazkalei. «Nire gomendioa da estres maila horiek baretzen saiatzea, horrela gutxiago egingo diete hozka azazkalei». Tratamenduari dagokionez, gaur-gaurkoz azazkalak ez hozkatzeko tratamendurik ez dagoela kontatu du Gorrotxategik.

Ondorioak osasunean

Azazkalei hozka egiteak ere baditu ondorioak norberaren osasunean. Hasteko, behatza ahora sartu bezain laster, milaka bakterio sartzen dira organismoan, eta bakterio horiek ahoan gingibitisa edo haginetan txantxarrak eragin ditzakete, Gorrotxategik azaldu duen moduan.

«Ahoan hainbat bakterio komunitate daude, eta euren artean oreka mantentzen da. Azazkaletako bakterioak ahoan sartzen direnean desoreka sortzen da, eta horregatik sortzen dira arazo horiek», azaldu du Andrea Poza odontopediatrak. Haur eta gaztetxoekin egiten du lan, eta unibertsitatean eskolak emateaz ere arduratzen da.

Hala ere, Pozak kontatu du ahoko bakterio komunitatea oso indartsua dela, eta, beraz, ahoan sartzen diren bakterio arrotzek ez dutela «hainbesteko ondoriorik» eragiten. Gorputzeko gainerako ataletan egoera bestelakoa dela gehitu du.

Behatzetan ere infekzioak sor daitezke gehiegi hozkatu ezkero. Gorrotxategik esan du infekzio horiek ez direla bereziki larriak izaten, ez baitute arazo handirik sortzen.

Hortzei dagokionez, azazkalei hozka egiten zaien bakoitzean, hortzak higatuz joaten dira. Eta azazkalei hozka gehiegi egiten bazaie, hortzetako esmaltea higatuz joaten da. Esmalte horren azpian dentina ehuna dago. «Dentinak ez du inongo gogortasunik, eta, agerian geratzen denean, pazienteak hortz sentsibilitatea izan dezake», kontatu du Pozak. Beste pertsona batzuentzat kalterik gabeak izan daitezkeen kanpoko estimuluak, hotza edo beroa adibidez, mingarriak izan daitezke hortzetako sentsibilitatea duten pertsonentzat.

Higadura handia denean, txantxarrak agertzeko arriskua handiagotu daiteke, eta, kasu oso muturrekoetan, hortza apurtu ere egin daiteke. Hala ere,odontopediatrak argitu du kasu hori ez dela ohikoena izaten azazkalei hozka egiten dieten pazienteetan.

Baraila da kaltetua izan daitekeen gorputzeko beste ataletako bat: «Azazkalei hozka egitea ez da ahoak egin dezaken mugimendu fisiologikoetako bat, hau da, barailak ez du egunero egin ohi duen mugimendu bat egiten, eta artikulazioan lesioak ager daitezke», aipatu du odontopediatrak.

Baraila eta garezurra batzen dituen artikulazioa da mindu daitekeena; artikulazio tenporomandibularra, hain zuzen. Azazkalei hozka egitean, artikulazio hori kargatu egiten da, eta, norberaren ahoaren morfologiaren arabera, murtxikatzean mina edo bestelako arazoak eragin ditzake.

«Badirudi soilik ohitura txar bat dela, eta estetikari begira soilik uzten diogula azazkalei hozka egiteari, baina ondorioak ekar ditzake, eta hori kontuan izan beharra dago», gehitu du Pozak.

Izan ere, kontsultara ez zaizkio etortzen ondorio larriak pairatzen dituzten haurrak, baina esan du litekeena dela ondorio horiek helduarora iristea: «Gizakiok muga biologiko bat dugu, eta haurtzaroan egindako praktika batzuen ondorioak urte batzuk igaro ondoren jasan ditzakegu», barailako artikulazioko minaren kasua da adibiderik argiena.

Haurtzaroan hasten den ohitura horren jatorrira jotzeko gomendioa egiten du Pozak ere: «Arazoaren jatorria ez badugu konpontzen, adabakiak jartzen ibiltzeak ez du ezertarako balio», gehitu du. Pozaren kontsultan jatorri hori zein den aztertzen saiatzen dira, eta, ahal duten heinean, eta euren ezagutzen arabera, haurren gurasoei erreminta batzuk ematen.

Adibidez, haurrak lasai daudenean, behatza ahora eramatea eragozteko asmoz, hozka egiteko beste elementuren bat ematea, haginka egiteko jostailuren bat edo. Hala ere, Pozak aipatu du horrelako gauzak etxean daudenean funtziona dezaketela, baina etxetik kanpo, kalean edo ikastetxean, ez dela hain erraza irtenbide horiek erabiltzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.