Osasuna. Aro berriak. Psikologia

Urduritasuna: beharrezkoa ala gaizkilea?

2014ko martxoaren 18a
00:00
Entzun
Urduritasuna beharrezkoa da bizitzeko. Oro har, fama txarra du gure artean, baina alde onak ere baditu: urduritasunari esker, gure ekintzak hobetu egiten ditugu: azterketa batean, garrantzitsua den elkarrizketa batean, kirol ekintza batean. Urduritasunaren eta errendimenduaren arteko erlazioa proportzionala da hasieran: hersturak gorputza eta pentsamendua piztu egiten ditu, eta errendimendua igo egiten da hari esker. Zoritxarrez, herstura gehiegizkoa bada, errendimendua ere jaitsi egiten da: azterketa batean burua hutsik geratzearen esperientzia, adibidez. Emaitza, errendimenduaren eta urduritasunaren arteko erlazio orekan datza, beraz: urduritasuna bai, baina norbere buruan konfiantza eta autokontrola ere behar dira.

Zergatik batzuentzat erraza dena beste batzuentzat zaila eta estresagarria da? Pertsonek automatikoki eta subjektiboki antzematen ditugulako errealitateak, eta, horrekin batera, gure baliabide pertsonalak, gure defentsa psikologikoak, eta aurre egiteko barne tresnak. Gertatu al zaizu inoiz pelikula bat lagunen artean ikusi ondoren bakoitzak istorioa modu desberdin batean kontatzea eta azaltzea? Horrela gertatzen zaigu beti psikologikoki, gure pertzepzioa indibiduala baita; gizaki moduan, zentzu orokorra dago, baina, horrez gain, gauza batzuk aukeratu egiten ditugu automatikoki: gure kultura, hizkuntza, istorio pertsonalaren arabera, edota gure interesen arabera. Desoreka, egonezina, urduritasuna, erraz igotzen dira gure barneko psikologia eta kanpotik antzematen ditugun beharrak bat ez badatoz. Gehienetan, kanpotik bizi izaten ditugun arazoak pertsonen artekoak dira, eta barrutik sortzen diren arazoak gure barne egituretan dagoen desorekan oinarritzen dira: gure desirak, beldurrak eta beharrak bat ez badatoz, adibidez.

Psikoterapian psikologoarenlana sarritan horretan datza hasieran: barne prozesu horiek kanporatzen saiatu, eta, horrela, nork bere burua hobeto ezagutzea. Pertsonaren baliabide pertsonalak indartu eta nork bere buruan duen konfiantza martxan jarri. Horretaz gainera, psikologoen lanari esker, pertsonak tresna berriak jasoko ditu urduritasunari aurre egiteko: erlaxazioa, pentsamenduren bidezko teknikak, eta abar.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.