ATZEKOZ AURRERA. Paula Rubio eta Gonzalo Aranegi. Edurne eta Zeledon Txiki

«Urduri, baina prest geunden gure egun handia bizitzeko»

Txikien Eguna ospatu dute Gasteizko Jaietan. Rubiok eta Aranegik Edurne eta Zeledon Txiki antzeztu dituzte aurten, hurrenez hurren. Aurreskua ere dantzatu zuten, ohiturari jarraikiz.

Igor Galarza.
Gasteiz
2019ko abuztuaren 8a
00:00
Entzun
Andre Maria Zuriaren jaia helduek ez ezik haurrek ere gozatzeko antolatu dute. Atzo, Txikien Eguna izan zen Gasteizen, eta bi protagonista izan zituen: Zeledon Txiki eta Edurne. Jaietako pertsonaia horien rolak Blusa eta Nesken kuadrilletako umeek jokatzen dituzte. Aurten Gonzalo Aranegi (Gasteiz, 2006) eta Paula Rubio (Gasteiz, 2008) aritu dira lan horietan. Aranegik Zeledon Txikiren rola hartu du. Bereziak kuadrillakoa da; Rubiok, berriz, Edurne antzeztu du, eta Zintzarri kuadrillarekin ateratzen da kalera. Iaz bezala, Andre Maria Zuriaren plazan egin zuten agerraldi nagusia. Jaien atarian egin zuten prentsaurrekoaren ostean adierazi zuten zer zirrara sortu dien aurten bizi izandakoak.

Zer da zuentzat Zeledon Txiki eta Edurne roletan aritzea?

PAULA RUBIO: Ni oso harro sentitu nintzen Edurneren rola egiteaz; sekulako poza hartu nuen. Izan ere, ez nuen espero sari hau jasoko nuenik.

GONZALO ARANEGI: Nik ere poz galanta hartu nuen Zeledon Txiki izan nahi nuen ala ez galdetu zidanean aitak. Paulak bezala, ez nuen espero inondik sari edo ardura hau emango zidatenik noizbait.

Noiz jakin zenuten edo esan zizueten rol horiek jokatzeko?

G. A.: Ni ez naiz oroitzen ezta noiz izan zen ere. Baina aitak proposamena bota zidan, eta nik gustura onartu nuen eskaintza.

P. R.: Ni ondo oroitzen naiz, bada. Gogoratzen naiz Errege egunez, esan zidatela. Beraz, denbora neraman atzoko eguna imajinatzen eta barneratzen.

Nola joan ziren egun handira begira egin zenituzten entseguak?

P. R.: Entseguetan ezagutu genuen elkar Gonzalok eta biok. Hasieran, oso gaizki; oso desastre aritu ginen [barre]. Baina uste dut gerora hobetzen joan garela.

G. A.: Egia da, aurretik ez genuen elkar ezagutzen. Nahiz eta hasieran gaizki samar aritu, dezente hobetu dugu. Hasieran estropezu ugari egiten genituen, eta oso deskoordinatuta ibiltzen ginen. Baina, egunak aurrera joan ahala hobetzen joan ginen, eta aurreskua adibidez ondo egiten ikasi genuen.

Hainbeste prentsa inguruan, jende asko argazki eske... Neka dezake ardura honek?

P.R.: Aurkezpen prentsaurrekoan aterkiak jaso genituenean, apur bat ikaratu ginen, hedabideengatik.

G.A.: Urduri, baina prest geunden gure egun handia bizi izateko.

Lagunek eta ingurukoek zer esaten zizueten?

P.R.: Nire lagunek zorionak eman dizkidate, nitaz oso harro daudela esan didate, eta uste dut inbidia pixka bat ere ematen diedala. Lagunei ere gustatuko litzaieke Edurneren lanak egitea, eta niri egokitu zaidala jakin eta berehala etorri ziren zoriontzera.

G.A.: Nire lagunek, egia esan,ez diote kasu handirik egin,eta zoriondu bai, baina ez didate inbidiarik. Izan ere, ez zaie batere gustatzen dantzatzea. Beraz, pozik daude nigatik, eta inongo inbidiarik gabe.

Noiztik zabiltzate Blusa eta Nesken kuadrilletan?

P.R.: Ni urtebete besterik ez nuela hasi nintzen gurasoen kuadrillarekin batera ateratzen. Gurasoak ez ezik, nire osaba-izebak ere horretan dabiltza.

G.A.: Ni duela lau urte hasi nintzen nire gurasoen kuadrillarekin ateratzen. Esan zidaten beraiekin atera nahi ote nuen, eta ni gustura joaten nintzen. Eta joaten naiz oraindik.

Nola igarotzen dituzue jaiak gurasoen kuadrillekin?

G.A.: Oso ondo pasatzen dut, gustura ibiltzen naiz kalean gora eta behera.

P.R.: Gelditu gabe gabiltza, eta taldeko umeak tontakeriak egiten igarotzen dugu eguna. Oso pozik ibiltzen gara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.